Errepublika bihurtu da Barbados, Elizabeth II.aren koroa utzita

Sandra Mason izendatu dute lehen presidente. Herrialdea Commonwealth erakundeko kide izango da aurrerantzean ere. Galesko printzeak «esklabotzaren izugarrikeria» aitortu du

Edu Lartzanguren Gorka Berasategi Otamendi
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Munduak beste errepublika bat du. Barbadosek estatuburu kargutik kendu du Elizabeth II.a erregina, eta bere burua errepublika izendatu du, hain justu, Erresuma Batutik independizatu zela 55 urte bete direnean. Sandra Mason presidente izendatu zuten atzo gauerdian —Euskal Herrian 06:00ak zirenean—, ekitaldi arranditsu batean.

Karibeko uharte bat da Barbados, ia 300.000 biztanlekoa, eta kolonia britainiarra izan zen 1966. urtera arte. Estatu independente bilakatu zen orduan, baina Erresuma Batuko monarka gorde zuen estatuburu gisa. Orain, lotura ia guztiak apurtu ditu garai kolonialeko metropoliarekin, nahiz eta Commonwealtheko kide izango den aurrerantzean ere, beste 53 herrialderekin batera.

Mason presidentea, 72 urteko jurista, uhartearen gobernadorea izan da 2018. urtetik. Haren lehen hitzaldian, errepublika berriaren geroan herritarrek izango duten protagonismoa nabarmendu zuen. «Guk moldatuko dugu haren etorkizuna. Gu gara elkarren eta gure nazioaren zaindariak. Gu, Barbadosko herritarrak».

Errepublikaren lehenengo erabakietako bat Rihanna abeslaria heroi nazional izendatzea izan da. Mia Mottley Barbadosko lehen ministro eta errepublikanoen buruak egin zion aitortza.

Gatazkarik gabeko dibortzioa izan da karibeko uhartearen eta Erresuma Batuaren artekoa. Horren erakusle da Charles Mountbatten-Windsor Elizabeth II.aren seme eta Galesko printzea Bridgetownen eginiko ekitaldian izan dela. Monarkiaren oinordekoak aitortu egin du Erresuma Batuak uhartean ezarri zuen «esklabotzaren izugarrikeria». Ingelesek 1625ean aldarrikatu zuten uhartearen jabetza, eta mende horretan eraman zituzten Afrikako esklaboak hango etxaldeetan lan egitera. Esklabotza 1833. urtean abolitu zuten. Gaur, uharteko herritarren %91 beltzak dira, eta %4 dira zuriak.

Elizabeth II.ak berak ere mezu bat bidali zien uharteko herritarrei. «Zoriona, bakea eta etorkizunerako oparotasuna» opa zizkion errepublika berriari.

Erresuma Batuko erreginak beste hamabost estatutako agintari gorena izango da oraindik ere. Horien artean dira Erresuma Batua, Australia, Zeelanda Berria, Kanada, Jamaika eta Bahamak, esaterako.

Barbadosen erabakiak hauspotu egin ditu errepublikanoak atzerriko agintari bat estatuburu duten herrialdeetan, Elizabeth II.aren ia 70 urteko erreinaldia amaierara iristen ari denean.

Ralph Gonsalves Saint Vincent eta Grenadinak uharteetako lehen ministroak Kariben errepublika gehiago sortzera deitu du, eta«AEBen, Frantziaren eta Herbehereen lurralde kolonialak» independente bihurtzearen alde mintzatu da. «Ona litzateke Kariben kolonialismoa amaitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.