Bake proposamenik ez, eta dirua agindu du Bidenek Palestinan

AEBetako presidenteak esan du palestinarrek beren estatua «merezi» dutela, baina ez da harago joan, eta jakinarazi du Etxe Zuriak 298,3 milioi euroko laguntza emango duela

Manifestariak Betleemen (Zisjordania), atzo, Joe Biden AEBetako presidentearen bisitagatik protesta egiten. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Palestinarrak, beste behin ere, etsita agertu dira AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente baten aurrean. Joe Biden Palestinan izan da estatuburu denetik lehen aldiz, baina ez du bake proposamenik eraman, eta, beraz, ezta bi estatuen irtenbidera begirako pausorik ere. Herritarrak jakitun ziren aukera horretaz, baita Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea ere, eta, horregatik, behintzat keinu txiki bat espero zuten haren partetik; Donald Trumpek harturiko erabakietako bat desegitea, esaterako. Baina ez da halakorik gertatu; horren ordez, laguntza ekonomiko bat iragarri du AEBetako presidenteak.

Bidenek bisita labur bat egin zuen Zisjordanian, atzo. Jerusalem ekialdeko Augusta Victoria ospitalean izan zen lehenik, eta han jakinarazi zuen Etxe Zuriak 298,3 milioi euroko diru laguntza emango duela, batez ere Palestinako ospitale sarearentzat. Gero, Betleemera joan zen Abbasekin batzartzera, eta hitzordu horren osteko agerraldian adierazi zuen palestinarrek beren estatua «merezi» dutela: «Palestinar herriak estatu propio bat merezi du, independentea, subiranoa, bideragarria dena. Bi estatu bi herrirentzat. Biak sustrai sakonekin lur honetan».

Badirudi, ordea, adierazpen horrek ez duela palestinarren jarrera aldatuko, geroz eta konfiantza gutxiago baitute AEBetako Gobernuan, Israelekin duten gatazka konpontzen laguntzeko; batez ere, Trumpen agintaldi gatazkatsuaz geroztik (2016-2020). Urte horietan, presidente ohiak bultzada handia eman zien Israelgo sektore eskuindarrik gogorrenen helburuei, eta, besteak beste, Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartu zuen 2018an, eta hara mugitu zuen AEBen enbaxada, 2019an; Biden dago orain agintean, baina karguan ez ditu haren aurrekoaren erabakiak desegin. Gainera, AEBetako presidenteak atzo aitortu zuen luze joko duela gatazka bideratzeak, eta luzera begira ez dutela aurrera egingo: «Orain negoziazioak berriz hasteko oinarririk ez dagoen arren, AEBek eta nire administrazioak ez dute amore emango bi aldeak elkarrengana hurbiltzeko helburuan».

Bidenekin izan zuen bilkuraren ostean, PANeko presidenteak auzi horretan jarri zuen arreta, prentsaren aurrean: «Bakea Palestinan eta Jerusalemen hasten da». Zehazki, Abbasek ahalegin handiagoak eskatu zizkion Bideni Israelen okupazioa amaitzeko eta Palestinako Estatuaren sorrerari ekiteko, baina AEBetako presidenteak ez zuen proposamen zehatzik mahaigaineratu, eta badirudi afera hori ez dela haren lehentasunetako bat izango datozen hilabeteetan.

Halere, PANeko presidenteak eskarien zerrenda bat helarazi zion Bideni: besteak beste, Israelen kokaguneak amaitzea, AEBek kontsuletxe bat irekitzea Jerusalem ekialdean, PAE Palestina Askatzeko Erakundea «talde terroristen» zerrendatik kentzea, eta PAEri Washingtonen berriz bulego bat irekitzeko bidea ematea.

Abu Aklehren heriotza

Isralen eta Palestinaren arteko gatazkaz gain, bi agintariek beste gai bat izan zuten hizpide: Xireen Abu Aklehen heriotza, iragan maiatzekoa.

Abu Akleh Ekialde Hurbileko kazetaririk ezagunetako bat zen, Al-Jazeera telebista katean eginiko lanarengatik; kate horrek eta PANek salatu zutenez, Israelgo armadak hil zuen, Jeninen (Zisjordania), buruan tiro eginda, Israelgo armadaren erasoaldi baten berri ematen ari zela; Israelgo Gobernuak ukatu egin du hori.

Halere, Abbasek «justizia» eskatu zuen kazetariarentzat, baitaAEBen laguntza ere hilketa hori argitzeko. Bidenek erantzun zion «ikerketa oso eta garden baten» aldekoa dela, eta hori lortzeko ahaleginetan jarraituko duela.

Bien bitartean, manifestari talde batek AEBetako presidentearen bisitaren aurkako protesta bat egin zuen, eta Abu Akleh oroitzeko afixak erakutsi zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.