Libanoko Gobernuak protesta artean jaso du parlamentuaren babesa

Manifestariak ganberarako bideak ixten saiatu dira, diputatuek konfiantza bozketan parte har ez zezaten. Lehen ministro berriak iragarri du «larrialdi plan bat» jarriko duela abian hila amaitu aurretik
NABIL MOUNZER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2020ko otsailak 12

Libanoko Gobernu berriak ez du hasiera samurra izan. Ez zuen, halere, bide errazik espero: Ekialde Hurbileko herrialde hori amaigabea dirudien krisi politiko batean dago murgilduta iragan urritik, egunek aurrera egin ahala luzatzen ari da manifestazioen zerrenda, eta herritarren haserreak ez du baretuko den zantzurik eman. Arrazoia zera da: Libano azken hiru hamarkadetako krisi ekonomikorik larrienean dagoela murgilduta. Egoera horren erakusle bilakatu zen atzo Beirut hiriburua, batez ere parlamentuaren ingurua, han elkartu baitziren agintari politikoen aurka manifestatzen ari diren milaka herritar. Helburutzat jarri zuten diputatuei ganberarako bidea ixtea, gobernu berriari buruzko konfiantza bozketan parte har ez zezaten; protesta horiengatik edota saioa boikotatzeagatik izan zela ere, ordezkari guztiak ez ziren parlamentuan izan, baina Hassan Diab buru duen gobernuak ganberaren babesa jaso zuen.

Oraindik ez dago argi herrialdeak zer bide hartuko duen gobernu berriarekin. Egoera ekonomikoa hobetzea izango da lehen ministro berriaren erronka nagusia, eta, horretarako, haren inbestidura babestu duen Martxoaren 8ko Aliantzarekin negoziatu beharko du zer neurri hartu; parlamentuan 71 diputatu ditu —128tik—, eta hamabi alderdik —tartean Hezbollah— eta bi ordezkari independentek osatzen dute. Diab bera independentea da, eta Michel Aoun herrialdeko presidenteak izendatuta iritsi da lehen ministroaren kargura, hauteskundeetan lehiatu gabe. Horrek are gehiago handitu du herritarren haserrea, ez baitute zilegitzat jotzen.

Hori badakien arren arren, gobernuburuak aurrera jarraitzeko asmoa du, eta atzoko saioan jakinarazi zuen «ustelkeria amaitzeko» lan egingo duela, «langabezia txikituko» duela, «sistema judizial independente bat» finkatuko duela, «lapurturiko funts publikoak berreskuratuko» dituela, eta hauteskunde lege berri bat sustatuko duela, beste hainbat neurriren artean. Horiek izan dira hilabeteotan manifestariek egin dituzten eskarietako batzuk.

Gobernu programa horrekin, 63 diputatuk aldeko botoa eman zioten Diaben gobernuari, eta 20k kontrakoa. Hortaz, atzoko saioan ganbera osatzen duten 128 ordezkarietako 83k soilik parte hartu zuten: «Gure misioa zaila da», aitortu zuen Diabek. Horren erakusle da legealdiari buruz aurkeztu zuen testuan «neurri mingarriak» hartu beharra aipatzea.

Kopuruekin bueltaka

Parlamentuan saioa hasi eta berehala, diputatuek polemika handia izan zuten quorumik ba ote zegoen edo ez. Oposizioko alderdietako batzuek salatu zuten gutxieneko kopurua ez zela bete, baina Nabih Berri ganberako presidenteak adierazi zuen 66 ordezkari zeudela gelan, eta, hortaz, saioari ekingo ziotela. Kanpoan geratu edo protestengatik berandu iritsi ziren ordezkariak, beraz, bilkura hasita zegoela sartu ziren, denera 83 izateraino. Soilik dozena batek boikotatu zuen saioa, tartean Tammam Salam and Najib Mikati lehen ministro ohiak.

Diaben gobernuari buruzko bozketa tentsio politiko eta sozialaren erdian egin dute. Izan ere, iragan urrian abiaturiko protestek eragin handia izan dute elite politikoan, eta asko baldintzatu dute egunerokoa: Saad Haririk dimisioa eman zuen manifestazioak hasi eta bi astera, «inor bere herrialdea baino handiagoa» ez dela argudiatuta. Presioa erabatekoa zen, haren gobernuak proposaturiko neurri batek piztu baitzituen protestak: zerga bat ezartzea Whatsapp aplikazioaren bidez egindako deiei.

Manifestazioak hasi eta berehala atzera egin zuten arren, beranduegi izan zen, eztanda erabatekoa baitzen. Protestariak agintariei begira jarri ziren: politikariei egozten diete ekonomiaren kolapsoa eragitea —zorra handitu egin da eta prezioak igo egin dituzte, esaterako—, eta ustelkeria kasuak izatea.

Aounek iragan abenduan izendatu zuen Diab lehen ministro, eta, ostera, gobernuburuak parlamentuaren babesa jaso zuen; besteak beste, Hezbollahren aldeko botoekin. Gauza bera gertatu zen atzo, baina horrek ez du baretuko kaleko tentsioa, asteotako gertakariek erakutsi dutenez. Horri begira, lehen ministroak jakinarazi zuen «larrialdi plan bat» jarriko dutela abian hilabetea amaitu aurretik.

Ekintzak goiz-goizetik

Goizeko zazpiak aldera elkartu ziren manifestariak parlamentuaren inguruko kaleetan, eta helburutzat jarri zuten diputatuei ganberarako bidea oztopatzea, osoko bilkuran parte har ez zezaten; barrikadak hamar bat ziren goiza amaitzear zenerako. Beste aldean, protestarien helburua gelditzeko neurriak ere hartu zituzten: zementuzko blokeak ezarri zituzten kale batzuen sarrera blokeatzeko, baina, eguerdirako, manifestariek bota egin zituzten horietako gehienak.

Bi gertakari horien artean, ez ziren falta izan Poliziaren eta herritarren arteko talkak; Aounek «egonkortasuna bermatzeko» agindua emana zien armadari eta poliziei, zetorrena aurreikusi nahian, eta jardun horretan aritu zirela jakinarazi zuen Poliziak, «betiere adierazpen askatasuna errespetatuz». Gurutze Gorriaren arabera, gutxienez 300 lagun zauritu zituzten.

Egoera horretan, parlamentuan sartu nahi zuten diputatu batzuek motoz igaro zituzten ganberaren inguruko kaleak, eta horietako askok erasoak saihestea lortu zuten. Beste batzuek, gehienbat autoan bertaratu direnek, beren ibilgailuen kontrako harrikadak jasan behar izan zituzten. Erantzun gisa, poliziek negar gasa bota zuten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Inma Moro, Itziar Llanera eta Begoña Olaskoaga, Arrondegiko osasun etxean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aztarnariak zaintzaile

Maite Asensio Lozano

Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.

PCR proba bat, Donostian. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.

Miren Basaras, EHUko COVID-19aren Zaintza Batzordeko arduraduna. ©EHU

EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun

Mikel O. Iribar

Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da. 

Moto gidari bat gaur goizean, herritik ateratzeko kontrolean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Sarbideak itxita eta kaleak hutsik Azkoienen

Berria

Normaltasuna izan da nagusi konfinamenduaren lehen orduetan. Herritik irten diren ia denak lan arrazoiengatik irten direa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna