AEBetako hauteskundeak. Boto zenbaketa

Liskarrerako hazia erein du

Trumpek posta bidezko botoaren aurka esandakoek tentsioa areagotu dute; herritar gehienek uste dute iruzurraren auzia auzitegietan konpondu beharrekoa dela.

Miamiko Bayside merkatua. Turista ugari biltzen dira inguru honetan, baina, COVID-19aren ondorioz, ohi baino jende gutxiago dabil. A. E. E.
arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ostegunean, Donald Trump AEBetako presidenteak iruzurraren susmoa zabaldu zuen, boto zenbaketa amaitu aurretik Etxe Zurian bertan posta bidezko botoaren aurka jo zuenean. Presidentegai errepublikanoak ez zuen frogarik aurkeztu; soilik esan zuen demokratek «instituzioak baliatu» zituztela «botoak agerrarazi» eta presidentetza lortzeko. Hitz horiek asaldura piztu dute herritarren artean, baina batez ere zurrumurruak eta kezka zabaldu dituzte.

Leonardo, Carlos eta Marcelo gosaltzen ari dira Miami erdiguneko kafetegi batean. Haien ahotsak urrunetik entzuten dira. Argi dago ez datozela bat, azken egunetan gertatutakoaz hitz egiterakoan. «Tira, egia da arraroa izan dela. Errepublikanoak irabazten ari ziren hainbat estatutan, eta bat-batean demokratak jarri dira aurretik. Noiz, eta posta bidezko botoa zenbatzen hasi direnean. Zer pentsatua ematen du», dio Marcelok. Hark amaitu baino lehenago sartu da elkarrizketan Leonardo: «Baina hori Trumpen errua da. Bera izan zen esan zuena ez zuela nahi posta bidezko botorik. Zer espero zuen, bada? Estatuak horiek kontatzen ari dira, eta ia denak dira Bidenen aldekoak, noski. Iruzurrik ez da egon; kontua da gizon hori ez dela gai porrota onartzeko, eta zauritutako animalia bat balitz bezala ari da, inguruan duen guztiaren aurka».

Baina Trumpen hitzek susmoak zabaldu dituzte. Mahaiko hirugarren hizketakideak ere zalantzak ditu. «Hori esan badu, zerbait izango da, ezta? Presidente batek ez zukeen halako agerraldi bat egingo frogarik gabe. Ziur badituela frogak, eta ziur Gorenera joko duela azkenean». Haren zalantzekin bat egin du Claudiak ere. Kafetegiko langilea da bera: «Ez da lehen aldia halako zerbait gertatzen dela. Duela urte batzuk ere gertatu zen. Auzitegietan bukatu zuten, eta azkenean horiek errepublikanoei eman zieten arrazoia». 2000. urtean gertatutakoaz ari da. Ordu hartan, auzitegietara jo zuen George W. Bush presidentegai errepublikanoak, Floridako boto kontaketarekin lotuta —Al Gore demokrata zuen aurkari—, eta Gorenak arrazoi eman zion.

Tampakoak (Florida) dira John eta Kate, eta egun batzuk igarotzera etorri dira Miamira. Biak dira demokratak, eta Bidenen alde bozkatu zuten joan den asteartean. «Lotsagarria da. Agintera heldu zenetik hasi zen bera bezala pentsatzen ez zutenen aurka, eta horrela jarraitzen du. Horren ziur badago iruzurra egon dela, jo dezala auzitegietara, eta kito. Ez da posible halako astakeria botatzea eta gero ezer ez balitz bezala jarraitzea. Trump ez da presidente bat; ez da inoiz izan», dio Katek, haserre. Harekin bat dator John ere, baina, Katek ez bezala, hura ziur da emaitzak Gorenera eramango dituztela errepublikanoek: «Auskalo zenbat denbora egin beharko dugun presidenterik gabe, eta bitartean berak jarraituko du agintean, nahi duen guztia egiten eta istiluak sortzen».

Sarah ere kezkatuta dago gerta daitekeenaz. Baysideko denda txiki batean egiten du lan berak, eta errepublikanoen alde egin zuen hauteskundeetan: «Gauza askotan ez nator bat Trumpekin, baina neurri ekonomikoei dagokienez oso lan ona egin du. Koronabirusa heldu baino lehen, ekonomiak gora egin zuen, eta tira, COVID-19ak denok harrapatu gintuen ezustean, ez bakarrik errepublikanoak. Dena den, nahiago nuke Trumpek jarrera leunagoa izango balu, ari den moduan istiluak bultzatzen baititu, eta, egun gauden egoeran, arriskutsua da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.