Koronabirusa

COVID-19ak hildakoen kopurua, azken lau hilabeteetako txikiena

COVID-19ak jota hildako 6.959 lagun erregistratu ditu OMEk, azaro erdialdetik egun bakarrean izan den gutxien. Merkelek esan du txertoa hartu dutenek EBn bidaiatzeko pasaporte bat izango dutela

Anbulantzien ilara bat, Errusiako San Petersburgo hiriko ospitale baten kanpoaldean. ANATOLY MALTSEV / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Beheranzko joera hartua zuen COVID-19ak jota munduan eguneko hildakoen kopuruak, eta tendentzia hori mantendu egin da azken egunetan, izurriak eraginda hildakoen kopurua azaro hasierakoaren parean kokatzeraino. Zehazki, azaroaren 10az geroztik erregistratutako kopururik baxuenaren berri eman zuen atzo OME Osasunaren Munduko Erakundeak: 6.965 hildako.

Azken lau hilabeteetan 7.000 hildako baino gehiago izan dira egunero, eta joan den urtarril amaieran iritsi zen kopuru hori orain arteko gorenera: 16.000 baino gehiago erregistratu zituen OMEk, egun bakarrean. Hildakoen kopuru osoa ere eman zuen erakundeak: 2,47 milioi lagun. 111 milioi kasu daude baieztatuta orain arte munduan, eta horien %2,2 hil dira, datu horren arabera. AEBetan izan da gehien. Hango gobernuak emandako datuen arabera, 496.000 lagun zendu dira izurriarekin, baina beste iturri batzuek diote milioi bat baino gehiago izan direla gutxienez. Haren atzetik, Brasilek—247.000—, Mexikok —180.000—, Indiak —156.000— eta Erresuma Batuak —121.000— erregistratu dituzte hildako gehien orain arte.

Hilkortasunarena ez ezik, positiboen tasa ere jaisten ari dira. Seigarren astez jarraian kasuetan beherakada izan dela baieztatu zuen OMEk herenegun. Pasa den astean %11 gutxiago zenbatu ziren, aurrekoarekin alderatuta. Proportzio handiagoan jaitsi ziren hildakoak; asteartera arteko datuak kontuan hartuta, aurreko astean baino %20 hildako gutxiago izan ziren.

Koronabirusaren aldaerei buruzko datuak ere eman ditu asteon OMEk, eta horiek ez dira hain positiboak. Aldaera berriak geroz eta herrialde gehiagotan daude. Erresuma Batuan atzemandakoa da hedatuen dagoena: 101 herrialdetan identifikatu dute. Hegoafrikan aurkitutakoaren kasuren bat aurkitu dute gutxienez 51 herrialdetan, eta lehenengoz Brasilen atzeman eta ondoren Japoniara heldu zena 29 herrialdetan identifikatu dute jada.

Hain justu, aldaera horien hedapena mugatzea eztabaidagai nagusietako bat izaten ari da Europar Kontseiluak Europako Batasuneko herrialdeetako agintari gorenekin atzotik egiten ari den bilkura birtualean. Mugikortasuna izan zuten eztabaidagai nagusia atzoko saioan, eta, saioaren ostean, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak iragarri zuen Europako Batasuneko estatu kideek «txertaketa pasaporte bat» izango dutela aurtengo udarako, txertoa jasoa duten herritarrei EBko herrialdeen artean libreki mugitzea baimenduko diena. Merkelek adierazi zuen 27 estatu kideetako buruak proposamen horrekin ados agertu zirela. Immunizazioa duten pertsonek bidaiatu dezaten, herritar guztiek txertoa hartzeko aukera izan behar dutela erantsi zuen, eta, era berean, argitu zuen, pasaportea dutenezgain, besteek ere bidaiatu ahalko dutela.

Ursula Von der Leyenek ere hitz egin zuen pasaporteaz, bilkuraren amaieran. Estatu kideek osasun sistemetan eta mugetako kontroletan udara arte lan handia egin beharko dutela nabarmendu zuen, pasaportea erabilgarri izateko, eta zehaztu zuen proposamena garatzeko gutxienez hiru hilabeteko lana egin beharra dagoela.

Txertaketaren erritmoa eta dosien banaketa ere bilkuraren gai zerrendan daude, gaur arte espero zutena baino dosi nabarmen gutxiago jaso baitituzte estatu kideek. Alde horretatik, Espainiako, Belgikako, Danimarkako, Lituaniako eta Poloniako estatuburuek gutun bat bidali zioten Charles Michel kontseiluko presidenteari, asteartean, eta dosien produkzioa azkartzeko neurriak eskatu zituzten.

Gaitzaren luzapenari begira

Bestalde, OMEk Europan duen ordezkaritzak txosten bat aurkeztu zuen atzo, COVID-19a pairatu izanak eragin ditzakeen ondorioei buruzkoa. Txosten horren arabera, gaitza igaro duten hamar lagunetik batek sintomak izaten ditu gaixotasuna izan eta hamabi hilabetera. Horregatik, OMEk osasun agintariei eskatu zien luzaroan sintomak izateari eman beharreko erantzuna jar dezatela datozen hilabeteetako lehentasunen artean. «COVID-19 iraunkorra pairatzen dutenek entzunak izatea behar dute, luzera begira izan ditzakeen ondorioak ulertzeko eta osatzeko», adierazi zuen Hans Kluge erakundearen Europako zuzendariak.

Giharretako eta bularreko mina, nekea, arnasteko arazoak eta memoria arazoak izaten dira gaixotasunak luzaroan uzten dituen ondoriorik ohikoenak, atzo aurkeztutako txostenaren arabera. Halakoak ez daude lotuta lehen uneko infekzioaren gogortasunarekin, OMEren arabera. Era berean, zenbait kolektibo zaurgarriagoak direla zehaztu zuen erakundeak, eta arazoak izateko aukera gehiago dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.