Iraultza, erregimena eraisteko

Hamalau egun dira Mahsa Amini kurdua hil zela. Ordutik, milaka emakumek kaleak hartu dituzte, Irango Poliziaren indarkeria salatzeko eta sistemari aurre egiteko.

Emakume bat ileari tiraka, atzean Irango Iraultza Islamikoko bandera agerian dela, Aminiren heriotzak eragindako protesta batean, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun

Irailaren 13a zen, asteartea. Mahsa Amini 22 urteko kurdu gaztea Teherango metro batetik irten zen, burua zapi beltz batez estalia zeramala. Harik eta Irango hiriburuko Polizia patruila batek inguratu zuen arte. Moralaren Poliziako kideak ziren: 1979ko Irango Iraultza Islamikoaz geroztik irandarren eguneroko bizitza arautzen duten janzkera eta portaeraren arau islamikoak betearazteaz arduratzen direnak. Poliziak Amini atxilotu zuen beloa «gaizki jarria» zuelako, eta komisariara eraman zuen. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen, eta irailaren 16an hil zen, hiru egunez koman egon ostean. Gurasoek argi utzi dute ez zuela osasun arazorik atzeman aurretik, eta salatu zuten «jasandako torturen ondorioz» hil zela.

22 urteko gaztea zendu zenetik hamalau egun bete diren honetan, Iranen eta batez ere herrialde horren menpeko Kurdistango hainbat hiritako kaleak amorruz gailendu dira, azken lau hamarkadetan agintean dagoen sistemaren aurka egiteko. Aminiren izena nonahi ageri da, eta andre gazteek zein helduek protesten lidergoa hartu dute. Eurak dira mobilizazioen lehen lerroan doazenak, hainbat lelo oihukatzen dituztela, gehien errepikatzen direnak bi hauek: Emakumea, bizitza eta askatasuna eta Heriotza diktadoreari, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenari zuzenduz. Horretaz gain, Irango Islamiar Errepublikaren erregimena arbuiatzen dute. Ez da Irango iraultza, ezta Kurdistango iraultza ere; emakumeen iraultza baizik.

Sare sozialetan oso bizkor eta erruz zabaltzen ari diren bideoetan ikus daiteke nola emakumeek zapiak burutik kendu eta jendaurrean haizatzen dituzten. Beste askok, berriz, erre egiten dituzte, baita Poliziaren aurrean dantzan egin ere, askatasunerako aldarrikapen gisa. «Irango erregimenaren sinboloa da beloa, eta islamiar legeetan oinarrituta dago. Horrek emakumeei zapia janztera behartzen die; ez da andreen hautua, eta ez dute jazarrita bizi nahi», azaldu dio telefonoz BERRIAri Azhin Xekhik, Kurdistango Hengaw Giza Eskubideen Erakundeko kideak.

Hengaw eta gobernuz kanpoko erakunde nahiz hedabide asko atzerritik lan egiten ari dira, Irango Kurdistango hainbat hiri nagusitan Interneterako sarbidea «oso mugatua» dutelako. «Zailtasun handiak» dituzte datuak eskuratzeko, egiaztatzeko eta zabaltzeko, bai webgunean bai sare sozialetan. Zehazki, gobernuz kanpoko hainbat erakunderen arabera, Poliziak hogei kazetaritik gora atxilotu ditu. «Azken batean, Irango Gobernuak ez du nahi kaleko errealitatea lau haizeetara zabaltzerik. Besterik gabe, Aminiren heriotza isiltasunean mantendu nahi du».

Hengaw Giza Eskubideen Erakundeko kideak nabarmendu du Irango Gobernuaren sokakoak diren komunikabideek Aminiren heriotza beren azaletatik kanpo utzi dutela: «Batzuek jada ez diote presentziarik ere ematen gaiari; beste batzuk, berriz, auzia nahasi eta korapilatu nahian dabiltza, esanez herritarrak Irango Moralaren Poliziaren aurka oldartu direla. Hori ez da egia. Herritarrek amaiera eman nahi diote erregimenari, baita sistema horrek herriari eragiten dion zapalkuntzari ere».

Hain zuzen, manifestariei zuzenean eraso egiteko eta protestak zapaltzeko, Irango Polizia «guztiarekin» oldartzen ari zaie; besteak beste, borrak, negar gasa, ur kanoiak, gomazko balak eta benetako munizioa erabiltzen ari da. Irango Giza Eskubideak gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gutxienez 80 pertsonatik gora hil dira asteotan estatuko indarrekin izandako istiluetan; Irango Fars albiste agentziak, berriz, 60 bat hildako zenbatu ditu. Hala eta guztiz ere, Xekhik ohartarazi duenez, Iranen menpeko Kurdistango probintzietan. Hengaw erakundeak emandako azken datuen arabera, Polizia indarrek hemezortzi zibil hil dituzte —horiek artean adingabekoak daude—, bederatziehun lagun zauritu eta milatik gora atxilotu.

Oposizioa, erbestean

Ez da lehen aldia herritarrak kalera haserre ateratzen direla. Erregaien prezioaren igoera dela eta, istilu larriak izan ziren 2019 amaieran; Irango Iraultza Islamikoa gertatu zenetik (1979) protestarik handienak piztu ziren. Orotara, 1.500 pertsona inguru hil ziren manifestarien eta Poliziaren arteko oldarraldietan. «Oraingoan ere, herritarrek euren barruan izan duten haserrea karrikara atera dute, gobernuaren aurka daudela adierazteko», esan du Xekhik.

Giza eskubideen aldeko ekintzaileak salatu duenez, Aminiz gain, beste emakume kurdu eta irandar askok ere jasan dute estatuaren errepresioa: «Poliziaren indarkeria pairatu duten kasu asko egon dira, baina zokoan geratu dira, zigorren beldur». Adierazpen hau ere egin du: «Gizonek dituzte erakunde publikoetako kargu guztiak; emakumeek, aldiz, ez dute eskubiderik». Haren esanetan, gizonen eta andreen arteko «bereizketa sistematikoa guztiz errotua dago», ikastetxeetatik hasita: «Zazpi urterekin jada sexu bereizketa dago».

Xekhik azaldu du Irango oposizioko alderdi politiko gehienak erbestean daudela, eta herrialdeko gobernuak zigorrak ezarri dizkiela. «Erregimenak ez ditu alderdi politiko horiek aitortzen. Horren ondorioz, ezin dute ezer ere egin, ezta legea aldatu ere». Hori bai, nabarmendu du oposizioaren gehiengoak erregimena «desegin» nahi duela, Irango Errepublika Demokratikoa bihurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.