Errepresio bortitza bi urtez

Myanmarko Junta Militarrak zapalkuntza erregimen bortitza ezarri du. Urteotan, 3.000 ekintzaile erail dituzte, eta milaka lagunek salatu dute torturatu egin dituztela.

Myanmarko Junta Militarraren aurkako protesta bat, otsail hasieran, Bangkoken. DIEGO AZUBEL / EFE.
Josep Solano
Tokio
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bi urte bete dira Myanmarko Junta Militarreko buru Min Aung Hlaing jeneralak kolpe militarra eman zuenetik: NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiaren gobernu hautatua kargutik kendu zuen, eta haren liderra, Aung San Suu Kyi, etxeko atxiloaldian ezarri zuen. Mendebaldean albiste laburretan eman dute urteurrenaren berri. Aung San Suu Kyiri 33 urteko espetxe zigorra ezarri diote, akusazio faltsu batzuengatik epaiketa militar sekretuak egin eta erruduntzat jo ondoren: erruduntasun epaiak argi eta garbi diseinatuta zeuden Bakearen Nobel sariduna, 77 urtekoa, politikatik baztertzeko. Badirudi, gainera, urte hasieran onartutako legedi berriaren helburua zera dela, guztiz eragoztea oposizioko alderdi bakar batek ere modua izan dezan agintean dagoen juntaren aurka egiteko.

Bi urte hauetan, gutxienez kolpearen aurkako 2.900 ekintzaile erail eta 17.000 atxilotu dituzte erregimeneko indarrek, AAPP preso politikoei laguntzeko elkartearen arabera. Gauez eta agindu judizialik gabe egiten dituzte atxiloketak eta sarekadak askotan: soldaduek etxeak husten dituzte, eta, akusatuak atxilotuta eraman aurretik, etxekoak jipoitu egiten dituzte. Atxilotu ondoren, torturatu egiten dituzte, eta tratu txarrak ematen dizkiete. AI Amnesty Internationalen txosten batzuen arabera, kolpearen aurkako hainbat ekintzaile hil dira galdeketetan, baina zaila da jakiten zenbat hil diren guztira, asko inkomunikatuta baitauzkate, errekurtso legalik gabe. Joan den uztailean, erregimenaren aurkako manifestarientzako abisu moduan, lau gizonezko exekutatu zituzten, urkatuta; urteak ziren Myanmarren inor exekutatzen ez zutela, eta NLD alderdiko diputatu ohi bat eta demokraziaren aldeko ekintzaile ezagun bat zeuden eraildakoen artean.

Kolpearen bigarren urteurrenean, Human Rights Watchek jakinarazi du militarren basakeriak areagotzen ari direla, eta «gerra krimenak» eta «gizateriaren aurkako krimenak» direla. Kolpearen ondorengo indarkeria areagotu ahala, armadak batere bereizi gabe erabili ditu armak talde matxinoei erasotzeko: gutxiengo etnikoen eremuak bonbardatu ditu Kachin, Karen eta Shan estatuetan, zibilak zeuden ala ez kontuan hartu gabe. Giza eskubideen aldeko zenbait erakundek «lur errearen» taktika erabiltzea leporatu diete militarrei. Taktika hori urteetan erabili izan da herrialde osoan rohingyei erasotzeko; herrixka osoak erre izan dituzte.

Irudi sexualak arma gisa

Azken salaketetako batek baieztatu du junta militarrak Telegram berehalako mezularitza zerbitzua erabili duela otsailaren 1eko kolpeaz geroztik atxilotutako aktibisten eta buruzagi politikoen irudi sexualak zabaltzeko. Giza eskubideen erakundeek gaitzetsi egin dute jokabide hori, uste baitute jendea beldurtzeko eta kontrolatzeko modu bat dela. Nazioarteko erakundeen txosten batzuen arabera, junta militarrak taldeak sortu ditu Telegramen irudi horiek zabaltzeko, xede harturik herritarrei presioa egitea, juntarekin bat egin dezaten. Gainera, informazio pertsonala erabiltzen ari dira, posta elektronikoko helbideak eta pertsonen helbideak barne, mehatxatzeko eta kontrolatzeko. Irudi horiek zabaltzea ez da aurkari politikoak kontrolatzeko modu bat soilik: haiek umiliatzeko eta haien autoritatea ahultzeko modu bat ere bada. Biktimek salatu dute kalte handia egin dietela beren duintasunari eta pribatutasunari, eta txikitu egin zaiela demokraziaren eta herrialdeko giza eskubideen gainean duten konfiantza.

Giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek junta militarrari exijitu diote praktika hori bukatzeko, eta atxilotutako guztien pribatutasuna eta duintasuna errespetatzeko. Halaber, nazioarteari eskatu diote neurri zehatzak har ditzala Myanmarko biztanleei laguntzeko krisi garai honetan. Jokabide horrek gogora dakar zein garrantzizkoa den pertsona guztien pribatutasuna eta duintasuna babestea, batez ere gatazka garaietan.

Gobernu zapaltzaileek aurretik ere erabili izan dute irudi sexualak zabaltzeko estrategia aurkariak kontrolatzeko, baina, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, kezkagarria da ikustea zer modu maltzurrean erabiltzen den teknologia. Pribatutasuna eta duintasuna une oro babestu eta errespetatu behar dira, batez ere krisi politikoetan. «Taktika hau nazkagarria eta zitala da, eta erakusten du junta militarrak izugarrizko mespretxua diela gizakiaren pribatutasunari eta duintasunari», esan zuen Amnesty Internationaleko bozeramaile batek. «Nazioarteak esku hartu behar du Myanmarko herritarrak babesteko eta praktika nazkagarri hori gaitzesteko». Erakunde horiek adierazi dutenez, ezinbestekoa da nazioarteko komunitateak esku hartzea, giza eskubideak une oro eta nonahi errespetatuko direla bermatzeko.

Jazarpena rohingyei

Jazarpen horri gehitu behar zaio Myanmarko Estatuak urteetan eta urteetan rohingya etniako gutxiengo musulmanei egindakoa; NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, munduan gehien jazarritako herria da, pertsekuzio handia jasan baitu 2012an komunitate horren kontra indarkeria erabiliz dozenaka pertsona erail zituztenetik. Gainera, 2017ko abuztutik, ia 24.000 rohingya musulman hil dira; 34.000 baino gehiago sutara bota dituzte, eta 114.000 baino gehiago jipoitu.

Indarkeria bolada hartan, Myanmarko indar armatuek rohingya etniako 18.000 emakume eta neskato inguru bortxatu zituzten, 115.000 etxe baino gehiago erre, eta beste 113.000 suntsitu, OIDA Ontarioko garapen agentzia internazionalak argitaratutako txosten baten arabera. Rohingya etniako 750.000 errefuxiatuk —gehienak emakumezkoak eta haurrak— herrialdetik ihes egin zuten, Bangladesh aldera. Izan ere, 2017ko abuztuan, Myanmarko indar armatuek ofentsiba bat abiatu zuten gutxiengo musulmanen aurka, eta gaur egun 1,2 milioi errefuxiatu baino gehiago daude Bangladeshen, ondoko herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.