Hil egin da ostiralean Donostian jipoitu zuten 17 urteko mutikoa

Diskoteka baten inguruan eraso zioten, udaletxearen alboan, eta koman egon da hartutako kolpeen ondorioz. Zazpi gazte daude atxilotuta, eta gaur eramango dituzte epailearenera

Klub Nautikoaren inguruan jipoitu zuten mutikoa ostiral goizaldean, 05:00 aldera. Bertan atzeman zituzten zazpi gazte. GORKA RUBIO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bi egun koman egin eta gero, atzo hil zen ostiralean Donostian jipoitu zuten mutikoa. 17 urte zituen. Donostia erdi-erdian, udaletxearen inguruan eraso zioten goizaldean, diskoteka baten alboan. Zigarreta batzuen bueltan hasi zen liskarra, hedabide batzuek azaldu dutenez. Kolpe ugari hartu zituen gaztetxoak, eta kordea galduta aurkitu zuten larrialdietako zerbitzuek. Taldeko erasoa izan zela uste du Ertzaintzak: zazpi gazte atzeman zituzten inguruan. Gaur eramango dituzte epailearengana.

Ijentea kalean gertatu zen erasoa, udaletxearen eta Klub Nautikoaren inguruan, 05:10 aldera. Jipoitutako mutikoa oso larri eraman zuten Donostiako ospitalera, denbora luzez bihotz-biriketako suspertzea egiten aritu eta gero. Harekin zeuden beste bi mutiko ere zauritu zituzten. Onik daude.

Ordutik erietxean egon da mutikoa, zainketa intentsiboetako unitatean, koman, eta atzo hil zen, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Atxilotuek, 18-25 urte

Gaztea jipoitu zuten lekuan bertan zazpi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Gazteak dira denak, 18 eta 25 urte bitartekoak, eta gizonezkoak. Herenegun arratsaldean eraman zituzten epaitegira, deklaratzera, baina atxiloaldia luzatzeko agindu zuen guardiako epaileak, artean froga batzuk aztertzen ari zirelako. Atzo ere ez zuten deklaratu. Kasuko iturrien arabera, bi froga daude zintzilik: batetik, kamerek grabatutako irudiak aztertzea —udaletxe alboan gertatu zen erasoa, eta kameretan badira bideoak—; bestetik, bi lekukoren testigantza ere bildu nahi du guardiako epaileak. Horrenbestez, zazpi atxilotuak gaur eramango dituzte epailearengana.

Lesio larrien delitua leporatuta atzeman zituzten zazpi gazteak, baina, mutikoa hilda, hilketa delitua egotzi ahal izango diete orain.

Donostiako Udalak erasoa salatu zuen ostiralean bertan, ohar baten bidez, ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunez. Eraso «onartezina eta zentzugabea» izan zela ohartarazi zuen udalak: «Horrelako indarkeria adierazpenek ez dute inolako arrazoibiderik. Zentzurik gabeko mina bakarrik sortzen dute, doako mina». Mutikoa hil dela jakinda, Eneko Goia alkateak samina agertu die haren ingurukoei. Erasoa salatu du alkateak ere. «Kasu honetan, justizia eskatzea dagokigu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.