Teoriak, gutxienez, baietz dio

Madrilek presoak baimen batzuekin ateratzea ahalbidetu duenez, Izko abokatuak uste du Altsasuko gazteetako batzuk martxoan zapuztutako baimenak gauzatzeko moduan daudela

Altsasuko gazteen alde iazko martxoaren 24an Altsasun bertan egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Albiste «ona» da , Amaia Izkoren esanetan. COVID-19a dela-eta alarma egoera indarrean egonda ere, komunikazioak eta kartzelatik ateratzeko baimenak berreskuratu ahal izango dituzte presoek, «pixkanaka», Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak atzo jakinarazi zuenez. Beraz, Altsasu auzia-n zigortutako Adur Ramirez de Aldaren eta Jokin Unamunoren abokatuaren arabera, «teorikoki» behintzat, alarma egoeraren ezarpenak joan den martxoan Zaballako (Araba) espetxetik ateratzeko zapuztu zien baimena gauzatzeko moduan dira bi gazteak. «Baimena disfrutatzeko aukera ematen die marko orokorrak».

Dena dela, zuhurra izan nahi du Izkok. Izan ere, ministerioaren agindua «oso orokorra» da, eta espetxe bakoitzaren esku uzten du nola aplikatu neurriak. «Eta antza denez, barne agindu bat ere bidali omen du kartzela guztietara. Orduan, gauza bat da teoriak esaten duena, baina ikusi beharko da nola gauzatzen den». Aintzat hartu behar da, adibidez, espetxe guztiak ez daudela egoera berean. «Kartzela batzuetan besteetan baino gaixo gehiago dago», nabarmendu du abokatuak.

Barne Ministerioak BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretuak «zalantzak» eragin dizkio Izkori. Bai, mintzategiko bisita arruntak ahalbidetu ditu, baina alarma egoera dela eta oraindik debekatuta dago Espainiako Estatuko probintzia batetik bestera, mugitzea, eta Altsasuko gazteak (Nafarroa) Araban daude kartzelatuta. «Ikusi beharko da ea bateragarria oten den, ea bisita horiek gauzatu ahal izango diren». Argitu gabeko auzi horrek euskal presoei eta haien senideei ere eragiten die, oro har.

Beste pare bat zalantza. «Gerta liteke» gazteek ateratzeko baimena gauzatu ahal izatea, baina soilik Araban egoteko. «Edo baimena ematea, eta esatea kartzelara itzultzen direnean isolamenduan egon beharko dutela», argitu du abokatuak. Eta gerta liteke, gainera, alarma egoera indargabetuta ere, bisean bisekorik ez ahalbidetzea osasun arrazoiengatik.

Kartzelan ia hiru urte eta erdi zeramatzanean, Ramirez de Aldajoan den martxoaren 13an zen, baimen baten bidez, aurrenekoz kalera ateratzekoa. Hura, Oihan Arnanz, Unamuno, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea bigarren graduan sailkatu zituen Zaballako espetxeko zuzendaritzak urtarrilaren hasieran, eta erabakia berretsi zuen, aste batzuk geroago, Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak: «Martxoaren 16ra arte egon behar zuen etxean. Senideen bazkari bat genuen antolatuta, lagunekin bildu behar zuen gaztetxean...», kontatu du Bel Pozuetak, Ramirez de Aldaren amak, EH Bilduren kongresukideak —Unamuno astebete geroago zen baimen batekin irtetekoa—. Baina COVID-19aren hedapena zela eta alarma egoera indarrean sartu baino hiru egun lehenago, martxoaren 12an, Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak deliberatu zuen kartzelak bakartzea, eta soilik funtzionarioei uztea barrura sartzen.

Izkori iruditzen zaio Altsasu auzia-rengatik kartzelan jarraitzen duten bost gazteak daudela hirugarren graduan sailkatuak izateko moduan.«Barruan pasatu duten denborarengatik, kasuistikarengatik, egoeragatik, inguruagatik...». Baina bigarren gradutik hirugarrenera igarotzeko, «printzipioz» baimen batzuk «disfrutatu» behar dira. «Horrela egiten da espetxe guztietan, nahiz eta legeak ez duen hori ezartzen», azaldu du. «Baimen horiek dira, teorian, behintzat, espetxeak ziurta dezan hirugarren gradu bat emanda dena ongi joango dela: ez duzula alde egingo, ez duzula zapuztuko hirugarren gradu hori...». Orain, alarma egoeraren abagunearengatik, kezka bat du. «Espero dut ezetz, ez du zertan, baina honek atzeratu dezake balizko hirugarren gradu bat eskuratzea».

Hain zuzen, hirugarren graduan daude iazko abenduaren erdialdetik Iñaki Abad eta Aratz Urrizola. Altsasu auzia-n haiei ezarri zien zigorrik txikiena Auzitegi Gorenak: hiru urte eta erdi, eta lau urte eta bi hilabete, hurrenez hurren —besteei zazpi urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi artekoa—. Izkoren esanetan, Abaden eta Urrizolaren egoerak «apur bat» hobera egin du alarma egoera dela eta. «Eskumuturreko telematikoa jarri zieten, eta espetxera lotara joateko beharrik gabe, etxean daude, kontrol telematikoarekin».

10 minutuko bideo deiak

Azken bi hilabeteetan debekatuta egon dira bisitak. Pozueta bideo deien bidez komunikatu da semearekin: alarma egoera ezarri ondorengo lehen bi asteetan astean behin, baina, orduz geroztik, bi astez behin. «Azkeneko bideo deia lehengo astean eduki genuen. Hirugarrena izan zen». Gehienez, hamar bat minutuz elkar ikus dezakete birtualki.

Pozuetak «oso urduri» nabaritu zuen semea, alarma egoera ezarria izan aurreko egunetan, argi ez zegoenean baimenarekin atera ahal izango zen ala ez. «Baina gizakiak oso jakintsuak gara, eta ateratzen ditugu bideak aurrera egiteko. Hasi ziren zerbait bilatzen itxaropena eduki ahal izateko». Eta itxaropen hori hirugarren graduan sailkatuak izatea da. «Borondatea egonez gero, badago lortzeko aukera».

Lehengo apirilaren 22an, Altsasuko Gurasoek, Sarerekin, Etxerat-ekin, eta Salhaketarekin batera, exijitu zioten Espainiako Gobernuari alarma egoerak iraun bitartean —ekaineko laugarren astera arte luzatu asmo du Moncloak— espetxe politika leundu zezala, OME Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraituz.

Presoek azken bi hilabeteetan «eskubideen murrizketa ikaragarri bat» jasan dutela uste du Izkok, eta Barne Ministerioak atzo iragarritakoa gorabehera, iruditzen zaio beste neurri batzuk hartu behar direla kartzelatuak «gehiago babesteko».

Bien bitartean, Auzitegi Konstituzionalak oraindik ere ez du erabaki tramiterako onartzen dituen Izkok Auzitegi Gorenaren epaiari jarritako helegitek —badira hilabete batzuk aurkeztu zituela—. «Tramite judizial guzti-guztiak etenda daude; baita Konstituzionalean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.