Macronek Jean Castex aukeratu du Frantziako lehen ministro izateko

Edouard Philippe lehen ministroak gobernu osoaren dimisioa aurkeztu dio Macron presidenteari. Kontserbadorea da Castex, eta konfinamendutik ateratzeko neurriak kudeatzen aritu da apiriletik

Jean Castex, Eliseoko atarian, joan den maiatzean. GONZALO FUENTES / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Le Havreko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu zuenean zabaldu ziren zurrumurruak baieztatu zituen atzo Edouard Phillippe lehen ministroak, Emmanuel Macron presidenteari gobernuaren dimisioa aurkeztuz. Philippe ez zegoen eroso gobernuburu karguan, eta hala adierazi zuen udal hauteskundeetarako kanpainan: «Alkatetzara zenbat eta lehenago itzuli, orduan eta hobeto».

Macronek onartu egin zuen orain arte gobernuburu izan denaren erabakia, eta datozen egunetan iragarri beharko du nortzuek osatuko duten gobernu berria. Hori erabaki bitartean, lanean jarraituko du Philippek berak eta haren taldeak. Hala jakinarazi zuen haren bulegoak.

Lehen ministroaren erabakiaren ostean, bertan behera geratu zen atzo egitekoa zuten ministroen kontseilua. Datorren asteazkenean egingo dute hurrengoa, eta litekeena da horren aurretik iragartzea Macronek nortzuek osatuko duten gobernu berria. Dagoeneko iragarri duena lehen ministro berriaren izena izan da, Jean Castex. Kontserbadorea da , eta, orain arte, Prades herriko alkatea izan da (Ipar Katalunia) katalan hiztuna da.

Le Monde egunkariak aurreratu zuenez, Nicola Reve izango litzateke Castexen kabineteburu berria. Revel Eliseoko idazkariorde izan zen François Hollande presidente zela.

Eliseoko idazkari

Macronek Castex hautatu zuen apirilean, pandemiaren ostean konfinamendutik ateratzeko neurriak kudea zitzan. Ez da lehen aldia gobernuan kargu bat duela. Xavier Bertrand ministro zela, haren esanetara aritu zen, Osasun Ministerioan lehenik eta Lan Ministerioan jarraian. 2011ko otsailean Eliseoko idazkari laguntzaile izendatu zuten, Nicolas Sarkozy agintean zela.

Castexen izena lehendik ere egon da Macronen ahotan. 2018an, esaterako, Gerard Collomb Barne ministroa ordezkatzeko hautagaietako bat izan zen. Azkenean, Christophe Castaner sozialista ohia hautatu zuten kargurako.

Castexek berak gustura hartu du izendatzea. Pradesko Udalaren atari digitalean argitaratutako ohar batean jakinarazi du lehen ministroaren karguan egoteak alkatetzan jarraitzea oztopatuko balio udal batzordean jarraituko lukeela. «Badakit egoera berezian dagoela gure herrialdea, eta horregatik onartu dut eskaintza», idatzi du buruzagi kontserbadoreak.

Macronen bost urteko agintaldia hasi zenetik, hamazazpi ministrok dimititu dute; azkena Philippe bera da. Lehen ministroak kargua utzita, Macronek ez du oztoporik gobernuan aldaketak egiteko. Alde horretatik, udal bozetan nabarmen garaile izan diren berdeek dagoeneko jakinarazi dute ez dutela parte hartuko gobernu berrian. EELVko eurodiputatu David Cormanden esanetan, Macronen gobernuaren helburuen artean ez dago ekologia, ez eta gizarte gaiak ere.

Kritikak oposiziotik

Oposizioak gogor kritikatu du Philippen ondorengoa aukeratzeko modua. «Amaitu da ezinegona: eskuineko ministroa eskuineko beste ministro batek ordezkatuko du. Presidenteak ez du nahi berari itzala egingo dion inor. Herrialdea etorkizunerako prestatu beharrean, bere hurrengo agintaldirako kanpaina prestatzen ari da», kritikatu du Julien Bayou ekologistak.

LRko diputatu Eric Ciottik ere agintea kolokan jar dezaketenak baztertzea egotzi dio Macroni: «Aginte osoa eta autoritarioa eskuratzeko beste urrats bat izan da». Izan ere, azken inkesten arabera, herritarren %57k babesten zuten Philippe; Macronek, aldiz, frantsesen %51ren sostengua izango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.