Laura Borras izango da Kataluniako Parlamentuko presidentea

ERCk jakinarazi du JxCren hautagaiaren alde bozkatuko dutela gaurko saioan. Mahaia independentista izango dela dio du CUPek, baina ez du zehaztu zer bozkatuko duen

Laura Borras JxCko diputatua, atzo, Omnium Cultural elkartearen ekitaldi batera iristen. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Askatu da Kataluniako hauteskundeen osteko lehen korapilo handia. Atzo arratsaldean, ERCk baieztatu zuen babesa emango diola JxCk parlamentuko presidentetzarako proposatutako hautagaiari, eta handik gutxira argitu zuen Carles Puigdemonten alderdiak nor izango den: Laura Borras. Trukean, presidenteordetza izango du, eta lau idazkaritzetako bat CUPi emango dio. Gaur jakingo da, 10:00etan, norentzat izango den laugarren idazkaritza.

Saioa hasteko ordu gutxiren faltan, hautagairik aurkeztu gabe jarraitzen zuen JxCk, eta alderdiko zuzendaritza exekutiboaren bileraren ostean jakinarazi zuten Borras izango zela hautagaia.

Hauteskunde emaitzak jakin zirenetik gehien tematu den alderdiak eskuratuko du, hortaz, parlamentuko presidentetza. Berari dagokiola esan izan dute hainbatetan JxCko ordezkariek. ERCk horretarako aukera emango ziola uste izatekoa zen, eta aurreko legealdiko rolak aldatuko zirela: JxC izan da Generalitateko presidentetzan azken legealdian, eta ERCko Roger Torrent izan da parlamentuko presidentea.

Ikusteko dago Borras ganberako presidente izendatzen lagunduko duen CUPek, eta, hala egitekotan, aldeko botoarekin edo abstentzioarekin egingo duen.ERCren eta JxCen diputatuen batuketa ez da nahikoa izango gehiengo absolutua lortzeko —aldeko 68 boto behar dira horretarako, eta bi alderdi horiek gehienez 65 eman ditzakete—. Lehen bozketan kopuru horretara iritsiko ez balira, beste bozketa batera deitu beharko litzateke, eta, orduan, gehiengo soilarekin nahikoa litzateke.

CUP bera presidentetza hartzeko prest azaldu da azken egunetan, baina ahalegin horretan atzera egiteko prest daudela adierazi zuen atzo Carles Riera diputatuak, eta gehiengo independentista izango duen mahai bat osatzeko «erantzukizunez» jokatuko dutela. Alta, CUPek ez du begi onez ikusten Borras ganberako presidente izatea. Artean zurrumurrua besterik ez zela, Rierak adierazi zuen Borrasen izena entzuteak «kezkatu» egiten dituela, haren egoera juridikoa dela eta —Espainiako Auzitegi Gorenak ikerketapean dauka, Letra Katalanen Institutuko zuzendari zela dirua desbideratu izana egotzita—.

Ganbera gidatzeko Borras hautatu izanak galdera berriak ere jarri ditu JxCren gainean, eta horietako bat da nor izango den alderdiak gobernu barruan duen erreferente eta ahots nagusia. Orain arte alderdiaren bozeramaile izan den Elsa Artadi izan ote daitekeen zabaldu da azken orduetan. Izan ere, Borrasen jarduna parlamentua gidatzea eta bertan onartutako legeak atzera bota ez ditzaten lan egitea izango da, eta aurreikustekoa da lana izango duela horretan, Espainiako Justiziaren begirada gainean izango baitu.

Serret, Bruselatik Madrilera

Borras buru duen parlamentuan aulkia dagokio Meritxell Serret Kataluniako kontseilari ohi eta otsailaren 14ko hauteskundeetan ERCren Lleidako zerrendako bigarrena izandakoari. 2017tik Bruselan egon da erbesteratuta, eta atzo itzuli zen, ezustean. Espainiako Auzitegi Gorenean azaldu zen goizean, Iñigo Iruin haren abokatuak lagunduta.

«Nire egoera prozesala erregularizatzera etorri naiz», adierazi zuen, auzitegiaren atarian eta berari babesa ematera joandako ERCko, JxCko, PDeCATeko, CUPeko eta EH Bilduko diputatuez inguraturik. Epaileak behin-behinean libre utzi zuen, eta apirilaren 8an deklaratzera deitu. Bere asmoa parlamentuan «diputatu moduan jardutea» dela esan zuen, eta nabarmendu beti izan duela buruan «itzultzea».

Haren alderdiaren bidez helarazitako ohar batean, Serretek nabarmendu zuen erabakia «ondo pentsatua» izan zela. Ez zuen argitu nori esan zion zer egitekoa zen , baina «jende gutxik» zekiela esan zuen.Helburuetako bat erbestean dauden politikari katalanak itzultzeko oinarria ezartzeaduela ere azaldu zuen: «Konbentzituta nago erabaki honekin bidea zabaltzen ari naizelanirearen moduko egoera batean dauden kideei».

Erbestean dauden buruzagi independentisten artean estradizio agindurik ez zuen bakarra zen Serret. Diru publikoaren erabilera okerra eta desobedientzia egotzita auzipetu zuen Gorenak, baina, argitzerik izan ez dutenez ea haren sailak dirurik bideratu zuen edo ez urriaren 1eko erreferenduma antolatzera, eta egoera berean auzipetutako gainerako kideak desobedientziagatik soilik zigortu zituztenez, ez zuten hura Espainiaratzeko agindurik eman, 2019ko epaiaren ostean. Bi urteko inhabilitazioa eta isuna dira desobedientziagatik zigortutako gainerako kontseilari ohiei ezarritako zigorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.