Donostiako 70. Zinemaldia. Nest

Euskarazko lehenak, emakumeenak

Estreinakoz, euskarazko bi film proiektatu dituzte Nest atalean: Nagore Murielen 'Erro bi' eta Mikele Landaren 'Noizko basoa'. Esperientziaz gozatu dutela azaldu dute

Mikele Landa eta Nagore Muriel zinemagileak, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Orain arte ez da sekula euskarazko lanik izan Zinemaldiko Nest sarirako hautagaien artean, eta bi izan ditu aurten, lehiaketaren 21. aldian: Mikele Landa Eigurenek zuzendutako Noizko basoa eta Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi. Sentipen eta iritzi «kontrajarriak» eragin dizkie horrek. «21 urtean euskarazko lanik hartu ez izana bada hausnarketara eramaten zaituen zerbait», azaldu du Murielek. Halaber, uste dute bide bat irekitzeko modu bat izan daitekeela, eta garrantzia eman diote beste kontu bati ere: emakumeek sortu dituzte Nesten proiektautako euskarazko lehen bi lanak.

Ez-fikziozkoa da Landaren lana. Noizko basoa filma dokumentaletik oso gertu dagoen «proiektu nahiko esperimentala eta sentsoriala» dela azaldu du. Abiapuntua esplikatu du: «Nire herrian, Ean [Bizkaia], herritarrek baso bat landatzea erabaki zuten. Zergatik? Ordura arte herria inguratzen zuen naturaren gehiena fabrika bilakatuta zegoelako: egur fabrika; pinuaren monolaborantza, eta geroz eta gehiago, eukaliptoarena». Diru bilketa egin, eta lursail bat erosi zuten herritarrek, hartan nahieran ereiteko. «Gainera, lursail hori oso sinbolikoa da, Ea zeharkatzen duen erreka han jaiotzen delako: Ulla». Herri egitasmo horretan oinarrituta ondu du filma.

Landak aitortu duenez, aurretik ere bazuen interesa basogintzan, eta jakin-minari segi dio: «Kointzidentzia izan da [Donostiako Elias Kerejeta Zine Eskolako] eskolan zinema egiteko beste modu batzuez edo zinemaren erremintez kontzienteago nintzenean sortu izana egitasmoa, hain justu». Era beran, proiektuan hainbat galdera planteatu ditu Landak, egitasmoan herritarrek zenbait hausnarketa proposatzen zituztela ikusita, eta horietako batzuk aipatu ditu: «Basoa landatu daiteke? Gizakion emaitza izan daiteke baso bat? Baso bat izango da noizbait?».

Fikzio lana da Murielena. Ikusleak gogoetatzera bultzatu nahi ditu hark ere, nahiz eta gaia guztiz bestelakoa izan: heriotza eta hark biltzen duen guztia. Hala azaldu du: «Ama-alaben arteko gatazka bat da. Amari senarra hil zaion bezala, alabari aita hil zaio, eta kontatzen da bi pertsonaiek nola aurre egiten dieten heriotzari eta doluari». Dolua aurrera eramateko «modu desberdinak» daudela erakutsi nahi izan du: baserritik ihes egiteko beharra sentituko du alabak; elkarrekin egotekoa, berriz, amak.

Murielen irudiko, heriotza ez da askotan lantzen: «Ez da askatasunez hitz egiten horretaz. Askotan, gertuko norbaiti pertsona bat hiltzen zaionean, ez duzu jakiten oso ondo nola erreakzionatu, nola lagundu, zenbat hitz egin berarekin horretaz... Azkenean, filmean ikusten den bezala, bakoitzak bere bidea aurkitzen du min hori kanporatzeko».

Baserri batean girotu du filma, eta paralelotasuna sortzen saiatu da pertsonaien eta bestelako elementuen artean. Metaforekin jolastuta eraiki du istorioa: «Etorri zitzaidan ideia behiaren eta bigantxaren arteko harremana izan zen. Ama-alabak, heriotza bat... Azken batean, esan dezakegu bigantxa badela protagonistaren irudikapen bisual bat; protagonistari gertatzen zaizkion gauza berak gertatzen zaizkio».

Ikasketa prozesua

Hamasei milimetroko kamera analogiko txiki batekin grabatu du filma Landak. Aitortu du zinemagile gisa interesatzen zaizkion esparruak lantzen dituela, eta ahalegintzen dela ikus-entzunezkoak emandako askotariko elementuak «espresuki» egin nahi duen horretarako prestatzen: «Lan honetan, naturaren eta herritarren arteko harremana kontatu dudanez, saiatu naiz kamera lurraren eta gizakiaren artean jartzen; lurretik oso gertu, lurraren barruan».

Soinuarekin jolas ere egin du; hain zuzen, Noizko basoa filmean pisu berezia du soinu atmosferak. «Askotan, bigarren mailan geratzen da soinua, eta, nire ustez, ikusleari esperientzia zabaltzeko elementu indartsua da».

Murielen filmean, berriz, isiltasunek hartzen dute garrantzia. Zuzendariaren arabera, dolua isilean egiten den prozesu bat dela irudikatu nahi izan du. Eta gehitu du isiltasunaren bitartez askotan hitzez baino gauza gehiago esan daitezkeela. Abesti batekin amaitzen da, baina, filma: «Istorio guztia beste pertsona baten bidez kontatzen da».

Biek azpimarratu dute filmak egiteko bidea «erronka eta ikasketa prozesu handia» izan dela eta esker oneko agertu dira bidaide izan dituztenekin; era berean, aitortu dute muntaketa izan dela «faserik mingarriena».

Landak azaldu duenez, pelikula bat egiten denean, eta, batez ere, hainbeste jendek parte hartzen duenean, film horren «proiekzio asko» sortzen dira. Hortik piztu ziren haren kezka edo zalantzak: «Kosta egin zitzaidan nik zer pelikula egin nahi nuen onartzea eta motxila apur bat alde batera uztea: agian herriak espero zuen film horretatik aldendu edo pelikulari berari entzuten ahalegintzea. Ez da prozesu erraza izan, baina uste dut lortu dudala, edo gustura geratu naiz, behintzat».

Murielek, berriz, hasierako ideiari atxiki ohi zaiola adierazi du, eta, beraz, aitortu du «kosta» egin zitzaiola onartzea gauza batzuk alde batera utzi behar zituela, «filmaren hobe beharrez».

Gertukoa eta mundukoa

Bi zinemagileek izan dute aukera bestearen pelikulak ikusteko, eta hitz onak baino ez dituzte izan. Landaren arabera, «ederra» da Erro bi pelikula, nahiz eta gordina izan kontatzen duena. Aktoreekin egindako lana nabarmendu du. Murielek, berriz, «poesia bisual» gisa definitu du Noizko basoa pieza: «Egia esan, ez nekien zer espero zure [Landarena] pelikulaz. Sinopsia poesia moduko zerbait da, eta esango nuke zure filma ere horrekin bat doala. Poema bisual bat da. Hasieran, isiltasun handia dago: soinua presente dago, baina elkarrizketa gutxi daude. Eta uste dut bisualki gozatzeko pieza bat dela».

Zinemaldiko esperientziaz gozatzen ari direla azpimarratu dute biek, eta balioa eman diote lortutakoari. Muriel: «Ohorea da. Esan dezakegu etxeko jaialdia dela, eta, askotan, hain gertutik bizi izan dugunez, ez zaio benetako garrantzia ematen; baina mundu mailako jaialdi bat da, garrantzitsua». Proiektu berriei ekiteko eta lanean jarraitzeko gogotsu daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.