Ezinezkorik ez dagoenean

Cityk Txapeldunen Liga aurrenekoz irabaz dezake gaur, eta sasoi honetako hirugarren titulu handia lortu. Ezustean harrapatu nahi du Interrek (21:00, La 1 eta TF1).

Simone Inzaghi Inter Milaneko entrenatzailea eta Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzailea. RONALD WITTEK / efe - Adam Vaughan / EFE BERRIA.
enaut agirrebengoa
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Edozer gerta daiteke Txapeldunen Ligako final batean. Klubek Europa mailan joka dezaketen partidarik handiena da, eta handitasunaren bila, mirariak egin dituzte batek baino gehiagok. Hala baiezta dezake Manchester Unitedek, 1999an titulua nola irabazi zuen oroituta: luzapenean 0-1 ari zitzaion irabazten Bayern Munich, baina bi kornerretan emaitza iraultzea lortu zuten Alex Fergusonenek. Sasoi hartan Liga eta Kopa ere irabazi zituzten, eta, hartara, koroa hirukoitza osatzen Ingalaterrako lehen taldea izan ziren. Bada, haien bizilagunak, Manchester Cityk, ia ezinezkoa den balentria errepika dezake gaur. Faborito argia da Interren aurrean. Finala, baina, Istanbulgo (Turkia) Ataturk estadioan jokatuko da; hots, futbolean inoiz izan den mirarik handienetako baten eszenatokian. 2005ean, Liverpoolek Milanen aurka 3-0eko emaitzari buelta eman bazion, zergatik ez dio gaur Interrek Manchester Cityri irabaziko? Esperantza hori izango dute, bederen, italiarrek.

Ikusi gehiago:Nerea Zusberro Alberroren analisia: 'Baloi-jabetzatik harago'

BIAK GINGAREN BILA

Manchester Cityk garaikurren distiraz gozatu du azken hamarkada luzean, Arabiar Emirerri Batuen esku denetik. Alabaina, bilduma oraindik osatu gabe dauka: Txapeldunen Liga falta zaio. Sasoi honetan, Premier Leagueko txapeldun izan da, Arsenalekin borroka bizia eduki eta gero, eta FA Cupeko titulua ere irabazi du; finalean 2-1 gailendu zitzaion Manchester Unitedi. Etxeko nagusitasuna Europara hedatu nahi du gaur, eta sasoi berean hiru titulu nagusiak irabazi dituztenen zerrendan sartu. Oraingoz, zazpi taldek dute ohore hori, eta Inter da horietako bat. 2010ean lortu zuen arrakasta hirukoitza. Sasoi honetan, hirugarren bukatu du liga, Napoli eta Lazioren atzetik. Aldiz, irabazi egin ditu Kopa eta Superkopa. Garaipen sortari ginga jar diezaioke gaur, laugarrenez Europako txapeldun bihurtuta.

FINALERA, ATE HANDITIK

Txapelketa abiatu aurretik, Inter ez zegoen, inondik ere, garaikurra irabazteko hautagai nagusien artean. Aspaldi zegoen Europan zeresana eman gabe, eta, gainera, Bayern eta Bartzelona egokitu zitzaizkion multzoen fasean. Bada, aurrea hartu zien kataluniarrei, eta bidea samurtu egin zitzaion kanporaketetan: Oportori, Benficari eta Milani nagusitu zaizkio finalera iristeko. Aise aritu zen finalerdietako derbian: 0-2 irabazi zuen San Siron, eta 1-0 Giuseppe Meazzan. Nagusitasun are handiagoz aritu da Manchester City, aurkari gogorragoak izanagatik. Beldurra eragiteko moduko emaitza orokorrak lortu ditu: 8-1, 4-1 eta 5-1, noren, eta Leipzig, Bayern eta Real Madrilen aurka.

BI KAIER EZBERDIN

Aurrenekoz ariko dira aurrez aurre Manchester City eta Inter, eta bi estiloren arteko talka izango da. Izan ere, gidalerro arras ezberdinak ageri dira Pep Guardiola eta Simone Inzaghiren koadernoetan. Kataluniarrak posizio jokoaz blaitu du Manchester Cityren jokoa azken zazpi urteetan, eta aurten, moldaketa taktiko esanguratsua egin du, zelai erdian karratua osatuta. Gaur egun, futbolean jokatzeko makina ia perfektua da Manchester City. Jite defentsiboagoa du Inzaghiren taldeak, eta biderkatu egingo du gaur sendotasunaren aldeko apustua, aurkariaren emaria eten nahian. Teknikari italiarrak bigarren urtea du Interren, eta finalik handienean sartu du hamahiru urteko itxaronaldiaren ondoren. Cityk 2021ean jokatu zuen orain arteko final bakarra, eta 1-0 galdu Chelsearen kontra. Guardiolak hirugarren Txapeldunen Liga lor lezake gaur; Bob Paisley eta Zinedine Zidaneren pare jarriko litzateke. Gainetik, Carlo Ancellotti du, lau baititu.

GOLEGILEEZ HARATAGO

Lautaro Martinezek eta Erling Haalandek bereganatuko dituzte begiradarik gehienak. Ezin da bestela izan, gol kopuru ikusgarriarekin iritsi baitira sasoi bukaerara: argentinarrak 28 aldiz asmatu du ate aurrean, eta norvegiarrak, 52 bider. Gol asko sartzeaz gain, distira egiten lagundu diete inguruan jiraka izan dituzten izarrei. Cityn ohi baino aurrerago jokatu du Kevin De Bruynek, eta ikusgarri aritu da. Baita Grealish ere, bere mailarik onenera itzulita. Rodrik izan du lema euskarri gisa, Stonesen zaintzapean, eta defentsan, Dias izan da liderra. Atepean, berriz, irmo aritu da Ederson: Txapeldunen Ligan gol gutxien jaso duen atezaina izan da: bost besterik ez.

Onanak egin du, ordea, geldiketa gehien. Haren aurretik, hiru erdiko atzelari ipintzen ditu Inzaghik, eta hor, aurrerako urratsa egin du Bastoni gazteak. Zelai erdian, berriz, Barellak du giltza. Jokaldiak abiatu, azkartu eta bukatu egiten ditu. Aurreko lerroan, Dzekok edo Lukakuk jokatzen dute Lautaroren alboan.

BI HIRIREN HARROTASUNA

Milan da Europako bi txapeldun dituen hiri bakarra. Edo hala izan da orain arte, Manchesterrek marka hori berdinduko bailuke gaur Cityk irabaziko balu. Madrilek eta Londresek ere izan dute horretarako aukera, baina huts egin zuten Atleticok eta Tottenhamek. Milanek bakarra izaten jarrai dezan, handia egin beharko du Interrek. Haren esku dago sasoi honetan Italiako talde batek kontinente mailako txapelketa bat irabazteko azken aukera. Erromak huts egin zuen Sevillaren aurka Europa ligan, eta Fiorentina ere esku hutsik gelditu zen Konferentzia ligan, West Hamen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.