Aurrekoei esker

Tolosaldekoak dira lau eta erdiko finalerdietan ariko diren lau pilotarietatik hiru: Jokin Altuna Jon Ander Peña eta Erik Jaka. Beste bost ari dira profesionaletan. Iraganean egindako lanaren ondorio da.

Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Tolosaldeko pilotarien goraldiaren lekuko da Lau eta Erdiko Txapelketa. Finalerdietan arituko diren lau pilotarietatik hiru dira Gipuzkoako eskualde horretakoak: Amezketakoa da Jokin Altuna, Lizartzakoa Erik Jaka, eta Tolosakoa Jon Ander Peña. Hamar kilometro eskasean bizi dira hirurak.

Kalitatez ez ezik, kantitatez ere handia da Tolosaldearen ordezkaritza. Altuna III.az, Jakaz eta Peña II.az gain, beste bost pilotari ari dira profesionaletan: Iñaki Artola alegiarra, Xabi Tolosa anoetarra, Iker Elizegi asteasuarra, Martxel Iztueta tolosarra eta Gorka Ugartemendia alkizarra. Zortzi dira Aspen eta Baikon ari diren 42 pilotarietatik; %19 da. Datu bikaina da 50.000 biztanle eskas eta 332 kilometro koadroko zabalera duen eskualdearentzat. Ez du parekorik.

Baina badago datu deigarriago bat: zortzi pilotari horiek zazpi herritakoak dira. Tolosaldea 28 herrik osatzen dutela kontuan hartuta, lau herrietatik batek du profesional bat. Hori gutxi ez, eta zortziei eskualdeko klubetan trebaturikoak batu behar zaizkie. Hiru dira egungoen artean: Jon Ander Albisu ataundarra, Tolosako eta Bidania-Goiazko Aurrera Saiazen; eta Xabi Erostarbe urretxuarra eta Iñigo Bikuña donostiarra, Amezketako Zazpi Iturrin.

Gehienak pasatu dira Jose Antonio Zabala Xalton-en eskuetatik (Amezketa, 1951). Zazpi Iturri klubaren sortzaileetako bat izan zen, eta entrenatzaile izan zen 45 urtez. Hark abiapuntua azpimarratu du. «Tolosaldea betidanik izan da oso pilotazalea. Batez ere, herri txikietan, afizio handia egon da. Adibidez, garai batean frontoirik ez zegoen herrietatik irten ziren profesionalak: Altzotik, Abaltzisketatik, Alkizatik, Iruratik... Pilotari pila zegoen; bi jaialdi egiten ziren astean Beotibarren. Ikusten genuena erakusteko sortu genuen Zazpi Iturri». 1985ean izan zen.

Zortzi urte geroago eratu zuten eskualdeko beste klub indartsua: Aurrera Saiaz. Hango entrenatzaile izan da urte askoan Luis Galarraga (Bidania-Goiatz, 1959). Haren ustez, finalerdietan Tolosaldeko hiru pilotari egoteak «azken urteetako joera indartu» du: «indartsu» dabiltzala Tolosaldeko eta inguruko pilotariak. «Oso zoriontsua naiz haiek punta-puntan ikusita. Lan handia egin da harrobian, eta oso pozgarria da fruitua eman duela ikustea. Ilusioa pizten dit ikusteak gehienak herri txikietakoak direla».

Bi arrazoi aipatu ditu: «Batetik, denak txiki-txikitatik ibili dira frontoian, eta ordu pila bat egin dituzte pilotan jokatzen; bestetik, denek izan dute borondate handiko jende mordoa laguntzen».

Iritzi bera dauka Mikel Olaetxea (Lizartza, 1985) pilotari profesional ohiak eta Aurrera-ko entrenatzaileak. «Hau ez da egungo pilota eskolen lanaren ondorioa, aurrekoena baizik; oso lan ona egin zuten. Gipuzkoako Federazioak ere lagundu du. Oso pozgarria da». Haren ustez, «bolada kontua» da. «Orain, inguru honetakoak dira nagusi, baina, gure garaian, Azpeiti eta Nafarroa aldekoak ziren. Ona da aldatzen joatea».

Etorkizunarekin kezkatuta

Baina oro ez da urre, eta hirurak kezkatuta daude etorkizunarekin. Galarraga da hiruretan ezkorren. «Haur gutxi ikusten da frontoian, eta jende gutxi dabil boluntario lanetan. Gure garaian, gurasook hara-hona ibiltzen ginen, eta ahal genuen guztia laguntzen genuen. Orain, ordea, gurasoek ez dute denbora galdu nahi halakoetan. Gabezia izugarria dago. Hori gutxi ez, eta maila asko jaitsi da afizionatuetan. Nahiko ondo moldatzen dena segituan igotzen dute».

Horren ezkor izan gabe, baina ados dago harekin Olaetxea. «Pilota ez dago bere garairik onenean. Lehen, herri txiki ia denek zuten pilota eskola; egun, aldiz, gutxi batzuen bueltan dabiltza pilotariak. Zortzi profesional izan arren, kosta egiten da haurrak frontoira eramatea. Saiatzen ari gara, ekintza mordoa antolatuz, baina zaila da». Onartu egin du Galarragak egungo gurasoei egindako kritika. «Nik ere horrela jokatzen dut batzuetan: kuota ordaintzen dut, eta kito. Baina denak gabiltza presaka bizimodu ero honetan. Galtzen ari da herrigintza, eta pena da».

Gustura hartuko lukete pizgarriren bat. Adibidez, haurrak erakartzeko, eskertu egingo lukete Beotibarren partida gehiago jokatzea. Altuna III.aren eta Jakaren arteko finalerdia aipatu du Olaetxeak. Eibarren jokatuko da (Gipuzkoa), baina gustura hartuko lukete Tolosan. «Azken partidetan sekulako giroa egon da. Ziur naiz Eriken eta Jokinen artekoa Beotibarren jokatuko balitz ziztu bizian salduko zirela sarrerak. Guri ere mesede egingo liguke». Beste desio bat dute, eta egingarriagoa da: Tolosaldeko bi pilotari aritzea finalean. «Sekulakoa litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.