Arrakasta lehenengo, eta diskoa gero

'Ertzetatik' kaleratu du Huntza taldeak, bere lehen diskoa. Hamabi abestitan pop, rock eta ska estiloak landu ditu seikote gipuzkoarrak

Huntza taldeko kideak, atzo, diskoaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bilboko Somera kalean ezagutu zuten elkar, triki-poteo batean, eta, hortik aurrera gertatu zaiena topaketa horren ondorio izan denez, leku hori aukeratu dute Ertzetatik (Mauka) lehen diskoa aurkezteko. Huntza talde gipuzkoarrak arrakasta handia lortu du denbora gutxian Aldapan gora abestiarekin. 200.000 entzunaldi baino gehiago izan ditu abestiak sarean hilabete baino gutxiagoan; eta, orain, kanta hori eta beste 11 biltzen dituen diskoa kaleratu dute Durangoko Azokarako. Izan ere, Josune Arakistain trikitilari eta abeslariak esan duenez, diskoa Aldapan gora kanta baino «askoz gehiago» da.

2014an ezagutu zuten elkar taldeko sei kideek, unibertsitateko festa giroan, eta, orduz geroztik, musika eta parranda uztartzen ibili dira ostegun iluntzetako triki-poteo eta txarangetan. Taldeasei lagunek osatzen dute: Arakistainek, Uxue Amonarriz pandero jotzaile eta abeslariak, Aitor Huizi biolin jotzaileak, Aitzol Eskisabel gitarra jotzaileak, Inhar Eskisabel baxu jotzaileak eta Peru Altube bateria jotzaileak. Guztiek izan dute aurretik harremana musikarekin; esate baterako, Arakistain Euskal Herriko trikitilari gazteen txapelketako irabazle izan zen 2011n.

Diskoa sortzeko egin duten bidea azaldu du Arakistainek. «Grabaketa prozesu oso azkarra izan da. Kantak bagenituen, baina ezkutuan zeuden». Sare sozialetan hain azkar zabaldu den abestiaz gain, Harro gaude ere ezagun egin da. «Lau hilabetean pentsatu eta grabatu dugu diskoa, Haritz Harregiren estudioan [Higain, Usurbilen]. Lehen aldia izan denez, pixka bat itsumustuan ibili gara, baina Harregik asko lagundu digu».

'Huntza' hitzaren esanahia

Abesti askok «kalejira izaera» dutela onartu du Altubek, baina azaldu du badela, adibidez, «bals ukitu bat» duen kanta bat ere. «Hainbat erritmo eta izaerako kantak dira, entzungarriak eta oso alaiak». Zehaztu duenez, herri unibertsitatearekin eta gaztetxeekin daude lotuta beren abestietako bi. «Trikiti mundutik sortutako abestiak dira, baina, gero, gure instrumentuekin beste oinarri bat jarri diegu».

Taldearen izenaren jatorriaz galdetuta, Aitzol Eskisabelek argitu du egun batean bere etxearen kanpoaldean ikusitako landare bati egiten diola erreferentzia, zehazki, beti goraka doan landareari. Ez zuten halako arrakastarik hain azkar lortzerik espero, baina «aurrera jarraitzeko» gogo handiz daude seiak.

Durangoko Azokan diskoa aurkeztuko dute Ahotsenea sortzaileen gunean. Abenduaren 5ean izango da hori. Gainera, urtea bukatu aurretik beste hiru kontzertu emango dituzte: abenduaren 16an Zaldibian izango dira; 17an, Mutrikun, eta 29an, Arrasateko gaztetxean; hirurak Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.