Albistea entzun

Sortzaileen espirituei deika

Hugo Ball idazle dadaista ardatz duen zikloa egingo dute Donostiako Tabakaleran, gaur eta bihar. Emmy Hennings eta Joxan Artze ere gogora ekarriko dituzte Metrokoadroka kolektiboak eta Jose Mari Zabala artistak
Idoia Beratarbidek emanaldirako sortu duen txotxongiloa.
Idoia Beratarbidek emanaldirako sortu duen txotxongiloa. METROKOADROKA Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2019ko otsailak 8

Kea espirituei hel egiteko tresna gisa hartu izan da hainbat erritutan. Baita espiritu horiek besteren gorputzak hartzeko bitarteko gisa ere. Ideia horri jarraitzen dio, nolabait, Donostiako Tabakalera zentroaren Kearen Politikak programak. Ziklo bakoitzean, dagoeneko hilik dagoen sortzaile baten ahotsari hel egiten zaio, gonbidatu ugariren bidez; haren hitzaldi bat taularatu, errezitatu edo komentatzen dute gonbidatutako sortzaileek. Oraingoan, Hugo Ball idazle dadaistaren ahotsari deituko diote, eta Metrokoadroka kolektiboa, Jose Mari Zabala artista eta zinemagilea, eta Trevor Stark eta Deborah Lewer arte historialariak izango dira deitzaileak. Haien proposamenekin, baina, beste bi sortzaile ere ekarriko dituzte gogora: Metrokoadrokak, Emmy Hennings, eta Zabalak, berriz, Joxan Artze. Gaur eta bihar izango dira ekitaldiak.

Hugo Ball idazle eta poeta (Pirmasens, Alemania, 1886 - Sant'Abbondio, Suitza, 1927) dadaismoaren sortzaileetako bat izan zen. 1916an, Voltaire kabareta ireki zuten hark eta Emmy Hennings artista eta idazleak Zurichen (Suitza). Bertan biltzen ziren Tristan Tzara, Marcel Janco, Richard Huelsenbeck, Sophie Taeuber eta hirian babes hartu zuten beste hainbat artista. Han jaio zen dadaismoa, Lehen Mundu Gerra betean, artearen zimenduak hankaz gora jartzeko gogoz, eta laster zabaldu zen beste herrialde batzuetara, tokian tokiko hainbat artistak lekukoa hartuta. Mugimendu gisa ibilbide laburra izan bazuen ere, gaurdaino iritsi da haren eragina. Sortu eta bi urtera utzi zuen Ballek dadaismoa; hainbat lanetan jardun zuen ondorengo urteetan, eta 1920an katolizismora itzuli zen. Suitzako kantonamendu batean eman zituen azken urteak, erlijioari lotutako bizimodua eginez, harik eta 41 urterekin hil zen arte.

Bere sormen lana ontzeko abiapuntu gisa, Zuricheko Dada galerian Ballek Wassili Kandinski artistari buruz 1917an eman zuen hitzaldia hartzeko proposatu zioten zentrotik Oier Guillan idazle eta antzerkigileari. «Nik, normalean, eszenako terminoetan pentsatzen dut, eta berehala bururatu zitzaidan hitzaldi hutsa baino zerbait gehiago egin zitekeela». Metrokoadroka kolektiboko kide ere bada Guillan, eta gaiaz buruan bueltaka zituen ideiak kontatu zizkien taldekideei. «Niri oso interesgarria iruditu izan zait beti dadaisten garaia, eta, bereziki, orduko emakume sortzaileen lana, batez ere itzalean geratu delako, eta iruditzen zaidalako gerora ospetsu egin diren izenena baino askoz ere iraultzaileagoa dela». Horien artetik, Emmy Henningsen izena azaleratu zen, eta taldean berehala «oihartzun zabala» izan zuela dio. Interesa zuten hainbat kiderekin taldea osatu, eta denen ekarpenekin sortu dute azkenean Hugo, non dada Emmy? izeneko performancea.

Bost lagunek parte hartuko dute emanaldian: Javier Fernandez Jabitxin eta Iraia Elias aktoreek, Idoia Beratarbide margolariak, Miriam Ubanet argiztatzaileak eta Guillanek berak. Kandinskiri buruzko hitzaldia osorik agertzeko «erronkari» eutsi diote. «Hitzaldia gertatu egingo da, osorik, jatorrizko hizkuntzan —alemanez— eta euskaraz. Eta esan daiteke komikora eramango dugula neurri batean». Baina taldeak «beste irakurketa bat» emango dio, hain zuzen, «Henningsen eta orduko beste emakume sortzaileen lana azaleratzeko». Pinturaren eta gorputzaren bidez aldarrikatuko dute Henningsen figura, eta geruza hori, apurka, hitzaldiarenarekin nahastuko da performancean. «Ez da antzezlan bat, baizik guretzako zentzua duten ekintzen sorta bat».

Joxan Artze, lehen planora

Bihar ere izango da aukera Ballen obran eta pentsamenduan sakontzeko, Trevor Stark eta Deborah Lewer arte historialarien eskutik. Starkek artistaren eta Carl Schmitt filosofo eta politologoaren arteko gutun trukea aztertuko du, besteak beste, bere mintzaldian. Lewerrek, berriz, Pseudo-Dionisio Areopagokoa mistiko bizantziarrak Ballen lanean izan zuen eragina izango du hizpide.

Hitzaldien ostean, Jose Mari Zabalak ziklorako sortu duen filma emango dute: Garai aldakorretako txoriak. Ball da aitzakia, baina Joxan Artze eraman du lehen planora Zabalak. «Erraza da bien arteko paralelismoak topatzea. Ball, hasieran, sinestuna zen; gero, komunista egin zen; ondoren, anarkista, eta katolizismora itzuli zen azkenean. Joxeanek ere antzeko ibilbidea du». Sorkuntzetan ere izan zuten antzekotasunik: «Sortzaile iraultzaileak izan ziren biak, garai desberdinetan».

Garai batean, Artzerekin lotura estua izan zuen Zabalak. Besteak beste, Isturitzetik Tolosan barru (1969) libururako argazkiak egin zizkion. Artze eta haren obra gutxi ezagutarazi direla iritzita, hari eskaini dio lana, eta harremanean eta liburuan zentratu du. «Joxanek panorama berri bat ireki zuen Euskal Herrian, eta, gainera, bertakoa, euskaraz. Iraultza izugarria izan zen». Bere filma saiakera bat dela dio, eta konpromiso bat aldi berean. «Niretzat aukera bat izan da hemengoan sakontzeko, eta protagonismo osoa eman diot».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

James Hetfield abeslaria eta Kirk Hammett gitarrista, ekainaren 16an, Danimarkan. ©TORBEN CHRISTENSEN / EFE

Zalantza egunen ondotik, San Mamesen izango da gaur Metallica

Itziar Ugarte Irizar

Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, The Hellacopters eta Weezer ere ariko dira. 45.000 zalerentzako tokia dago
Bisitari bat Donostiako Ekain galerian, Amable Ariasen zenbait lanekin irekitako erakusketan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Nekez zeharkatzen diren ateak

Itziar Ugarte Irizar

Ahotik ahora dabil esaldia galeristen artean: «Garai zailak dira». Ez da berria sektorearen apaltzea, arte salmentaren urritzea, baina azken bi urteetako giro nahasiak eta arteak gizartean izan duen lekualdatzeak formula berriak lantzera behartu ditu sektoreko askotariko profesionalak.

Ikusten?

Ikusten?

Arantxa Iturbe

Gaur hasten da BERRIAren aurtengo udako narrazio artikulu sorta. Arantxa Iturbe da lehen egilea.

 ©Exprai

Ikusten?

Arantxa Iturbe

Alegian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide luzea du kazetaritzan zein literaturan. Batik bat, narrazioa jorratu du: Ezer baino lehen (Elkar, 1992) izan zuen lehen ipuin liburua, eta Lehenago zen berandu (Alberdania, 1995), Bakarrizketan (Alberdania, 2001), Kontu-jaten (Alberdania, 2006) eta Honetara ezkero (Susa, 2017) plazaratu ditu gero. Koadernoa zuri (Elkar) eleberria argitaratu zuen 2017an, eta antzerkia da egilearen hurbileko beste alorra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...