Argitalpenak, artea sortzeko ahaztutako adierazpideak

Liburuaren Egunaren harira, 'Argitalpen proiektuak eta artista-liburuak' erakusketa jarri du ikusgai Artiumek. Hainbat artistaren argitalpen bereziak daude, museoaren funtsetakoak
Askotariko artista-liburuak eta argitalpen proiektuen emaitzak daude ikusgai Gasteizko Artium museoaren erakusketan.
Askotariko artista-liburuak eta argitalpen proiektuen emaitzak daude ikusgai Gasteizko Artium museoaren erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Alberdi -

2019ko apirilak 17

Hainbat artista garaikidek sortutako lanak jarri ditu ikusgai Gasteizko Artium museoak. Oraingoan, baina, ez dira eskulturak, ez margolanak ere, erakusgai daudenak, artistek sortu edo sustatutako liburu eta argitalpen berezien sorta bat baizik. Artista-liburuak edo arteari buruzko lanak izateaz gain, argitalpen horiek hizkuntza berrien eta arte garaikidearen inguruko gogoetarako tresna ere badira, museoaren ustez. Horregatik, bere liburutegiko funtsetatik atera, eta ikusgai jarri ditu horietako zenbait, Argitalpen proiektuak eta artista-liburuak izeneko erakusketan. Liburuaren Egunaren harira museoak prestatu dituen ekitaldien artean dago erakusketa.

«Artista-liburuen ideian sakondu nahi dugu, eta horretarako balio digu erakusketa honek», azaldu zuen Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak iragan ostiralean, aurkezpenean, Arabako Kultura diputatu Igone Martinez de Luna eta museoko liburutegiko arduradun Elena Roseras alboan zituela. Museoaren liburutegiko funtsetan dauden liburuak eta objektuak baliatu dituzte erakusketarako; amaitzean, berriro ere eskura izango dira bertan.

Liburuek eta argitalpenek ez dute espazio asko behar izaten etxeko apaletan. Hori dela eta, erakusketarentzako ere museoaren areto txiki bat aukeratu dute, liburutegiaren aurrean dagoena. Bi eratako lanak jarri dituzte ikusgai: batetik, artista-liburuak, eta, bestetik, argitalpen proiektuak.

Halako lanak sortu edo sustatu dituzten artista garaikideen artean dago Cristina Iglesias eskultorea. Mar de Cortés lana da horren erakusgarri, erakusketako ale berezienetakoa dena. Artista-liburu horretan, Estancias sumergidas proiekturako ondutako zirriborroak bildu zituen eskultoreak, Mexikon, Hego Kalifornia Behereko Espiritu Santu uhartean garatu zuena. Iglesiasen Tres aguas liburua ere ikusgai dago, Toledon (Espainia) gauzatu zuen izen bereko proiektua argazki, mapa eta testuen bidez jasotzen duena.

Isidoro Valcarcel Medinaren lanak ere badira ikusgai. Bi liburu, besteak beste. Diccionario personal de la lengua española (Espainiar hizkuntzaren hiztegi pertsonala) liburuan, hiztegi ofizialetan jasotako hitzak zein beste batzuk bere erara antolatu zituen. Hitzak hiru arlotan banatu zituela azaldu zuen Elena Roserasek: «Arlo bat Pertsonala deitu zuen, eta bere hitz gustukoenak bildu zituen; beste bat Gehigarriak da, ezagutu bai baina gustuko ez dituen hitzekin osatua; eta, azkenik, Besteak arloa, ezagutzen ez dituen eta, beraz, erabiltzen ez dituen hitzena». 2000 d. de J.C (Jesu Kristo osteko 2000 urte) liburua ere erakusketan dago. Duela 2000 urtetik gaur egunera arte igarotako urte bakoitzari orri bat eskaini zion artistak. Haren ustez, urte bakoitzeko gertaera garrantzitsuena jaso zuen, eta, hortaz, historia bere erara idatzi. «Esaten zuen urte batzuetan ez zela ezer pasatu», azaldu zuen Herraezek. Auzolanean finantzatua, sustatzaileei urte bat nahieran erosteko aukera eskaini zien artistak.

Irene Kopelmanen lana ere nabarmendu du Roserasek. Zientziaren arloan egiten zuen lan Kopelmanek. Aurkikuntzaren bat egitean, hari buruzko marrazkiak egiten zituen. «Gero, oinarri horrekin, bere tailerrean pinturak edo eskulturak egiten zituen». Hainbat herrialdetara eginiko espedizioetan sortutako testuak, marrazkiak eta akuarelak daude jasota bere argitalpenetan.

Dora Garciaren lan esanguratsuak ere badira ikusgai. Horien artean dago Steal This Book izenekoa (Lapurtu liburu hau). Aurkeztu zuenean, 5.000 ale jarri zituen erakusgai, eta, Rosalesen hitzetan, museoko bisitariek ez zekiten zer egin: «Liburuari kasu eginda, ostu eta arazoak izatera arriskatu; edo portaera kanonak beteta, museotik irten, obra ulertu ez izanaren arriskuarekin». Liburutegiko arduradunak garbi utzi zuen Artiumeko erakusketatik ezin dela liburua lapurtu, ale bakarra dagoelako.

Argitalpen proiektuak

Argitalpen proiektuei dagokienean, -zko argitaletxeari lekua egin dio erakusketak. Tractora artista kooperatibak 2018an sortu zuen, artearen eta ezagutzaren beste diziplina batzuei buruzko lanak argitaratu eta banatzeko. Bere hainbat lan jarri dituzte ikusgai, esaterako, Baporak. La flota vasca en el Oceano Índico, Mikel Eskauriazaren argazkiak dituena.

Horrez gain, beste bi lan ere badira. Batetik, Geldi 2011-2017. Descenso de goitibeheras, Usue Arrieta eta Vicente Vazquezena. «Goitibeheren argazki eta datu mordoa jaso eta artxibatu dituzte», Herraezek azaldu zuenez. Goitibehera bakoitzaren argazkia, jaitsiera data, argazkia eta eraikitzeko izandako prozesua daude jasota liburuan. Eta, bestetik, Soineko Paisaia lana ere ikusgai da, Nader Koochakirena. Liburuaz gain, hiru LP biltzen ditu proiektuak, besteak beste, zintzarrien soinuen grabazioak jasotzen dituztenak. Paisaia ulertzeko beste modu bat proposatzen du, soinu bidezkoa. Gipuzkoako soinu-mapan artzaintzak duen eraginari buruzko testuak, soinuak eta katalogazio lana biltzen ditu argitalpenak.

Alias proiektuak ere badu bere txokoa. Proiektu horrek gaztelerara aurrez inoiz itzuli gabeko edo katalogotik kanpo geratutako arteari buruzko testuak plazaratu zituen. Horietatik, besteak beste, Marcel Duchampekin Pierre Cabannek izandako solasaldia jasotzen duen testua dago.

Halaber, Lalavandera argitalpen proiektua ezagutzeko aukera ere ematen du erakusketak, Elena Aitzkoak eta Raul Dominguezek 2013an sortutakoa. Poemak, argazkiak eta marrazkiak biltzen dituzten hainbat liburu daude proiektuaren erakusgarri.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Murga eta Tapia jarduneko sailburuak, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ©Javier Zorrilla / Efe

Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu pilaketarik ez sortzeko

Andoni Imaz

Tapia jarduneko sailburuak adierazi du «agertoki berri bat» iritsiko dela, eta osasun larrialdia ezartzeak ez duela esan nahi iragan hilabeteetako neurriak hartuko dituztenik. Jendea ez pilatzeko, edukiera murriztuko dute zenbait lekutan, eta ordutegiak mugatuko dituzte.

Bilboko Zorrozgoiti zahar etxeko egoiliar bat, atzo. ©MIGUEL TOÑA / EFE

Etsipena, beldurra eta nekea zahar etxeetan

Aloña Beraza Peña

Zahar etxeetako kutsatzeek gorakada nabarmena izan dute azken asteetan, eta langileak beldur dira ez ote diren itzuliko gaitzaren lehenengo olatuko egoerara. Egoiliarren artean ere kezka da nagusi.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, atzoko agerraldian. ©CHEMA MOYA / EFE

Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du astelehenetik aurrera

Irati Urdalleta Lete - Olatz Esteban Ezkati

Tapia eta Murga sailburuek gaurko agerraldian emango dituzte xehetasunak. Madrilek hartu ditu lehen neurriak, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta: tabernek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Martxoko egun zailenetan PCRak orain bezala eginda, 6.000 kasu izango genituen»

Maite Asensio Lozano

Pandemiaren jarraipena egiten ari den lantaldeari esker COVID-19aren transmisioa moteldu egin dela uste du Ignacio Garitano epidemiologoak. Bigarren olatua iritsi dela berretsi du, baina orain askoz positibo gehiago detektatzen direla nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna