Oroimenari irudiak jartzen

Gaur estreinatuko dute 'Vitoria, 3 de marzo' filma zinema aretoetan. 1976an jazotakoak berregin ditu Victor Cabaco zuzendariak. Gasteiztar ugarik parte hartu dute grabazioan
Mikel Iglesias, Amaia Aberasturi eta Iñigo de la Iglesia aktoreak, atzo, Gasteizen.
Mikel Iglesias, Amaia Aberasturi eta Iñigo de la Iglesia aktoreak, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Beñat Alberdi -

2019ko maiatzak 1
Urtero egiten dituzte Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutakoak gogoratzeko ekitaldiak. Greba eguna zen, eta batzartuta zeuden langileak Zaramaga auzoko elizan. Polizia bertara joan, eta tiro egin zien langileei. Bost pertsona hil zituzten, eta beste ehunka zauritu. Gertaera haiek berreraikitzen ditu Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, martxoak 3) filmak, Victor Cabacoren zuzendaritzapean. Gaur estreinatuko dute lana zinema aretoetan, Langileen Nazioarteko Egunean. Atzo, baina, hedabideentzako emanaldi bat egin zuten Gasteizen, eta bertan izan ziren filmeko lan taldeko kideak. Gasteiztarrek filmean izan duten parte hartzea bereziki nabarmendu zuten zuzendariak, gidoilariek zein aktoreek.

«Beste ideia asko bezala, taberna batean sortu zen honako hau ere», azaldu zuen Juan Ibarrondo gidoilariak. Oskar Bañuelos kazetariaren bultzadaz eman zuen lehen urratsa. «Galdetu zidan ea nola ikusiko nukeen martxoaren 3ari buruz gidoi bat idaztea. Orduan ekin nion idazteari». Familia bat jarri dute narrazioaren erdigunean, 1976ko martxo hartako egoeran eta giroan sakontzen laguntzeko. «Langileen aldea eta gobernuarena ikustarazteko hari bat behar genuen», azaldu zuen gidoilariak. «Hots, klase ertaineko familia bat behar genuen. Egoera garatu ahala, parte baten edo bestearen alde posizionatuko zen familia bat».

Victor Cabaco zuzendariak ere senideak hari modura erabiltzeko ideia nabarmendu zuen: «Eurei esker sartu ditugu narrazioan kontatu nahi genituen kontu guztiak: nolakoak ziren manifestazioak, nola egiten zituzten batzarrak elizetan, eta abar». Pelikularen amaieran zer pasatuko den aski ezaguna dela esan zuen zuzendariak, baina, hala ere, ez dela hori filmaren zatirik garrantzitsuena: «Uste genuen tragediara iritsi aurretik testuingurua zein zen azaldu behar genuela, aurreko egunetan zer pasatu zen».

Lau kidek osatzen dute erdigunean jarri duten familia hori. Begoña alaba da istorioaren protagonista, Amaia Aberasturik antzezten duena. Begoña Mikel sindikalistarekin maitemindu da, Mikel Iglesiasek gorpuzten duen pertsonaia. Greba prestatzeko lanetan dabil Mikel, besteak beste, El Rubio ezizena duen beste kide baten laguntzarekin (Iñigo de la Iglesiak antzeztu du). Haien bidez ezagutuko du emakumeak mugimendu ezkertiarra. «Gasteiz hiriaren metafora bat da Begoña», argitu zuen Ibarrondok. «Martxoaren 3a baino lehen geldik zegoen hiri bat zen Gasteiz. Gertaeren ondorioz, hiria bera nahiz Begoña aldatu egingo dira».

Ruth Diazek Anaren rola jokatzen du. Begoñaren ama da, ez du harreman ona Jose Luis senarrarekin (Alberto Berzalek gorpuztu duena), ez dago gustura daukaten bizi mailarekin, eta erakarpena sortzen dio Eduardo enpresaburu eskuindarrak (Jose Manuel Seda). Jose Luis kazetaria da, eta eskaintza bat egingo dio Eduardok, baina ez dago ziur bere printzipioekin bat ote doan.

Gasteiztar askok bizi izan zituzten 1976ko gertaerak. Belaunaldi berriek ere ezagutu ahal izan dute historia, bertan egondakoei entzunda edo urteroko ekitaldien bidez. Amaia Aberasturi eta Mikel Iglesias aktoreek, ordea, ez zeukaten tragedia haren berri filma grabatzen hasi aurretik. Bizkaitarra eta 1997an jaioa da Aberasturi; katalana eta 1996koa, Iglesias. «Gasteizkoak ez diren beste askok bezala, ezer ere ez nekien», azaldu zuen Iglesiasek. «Oso gogorra da horrelako kasu bat eskoletan ez irakatsi izana».

Prestaketa lanak

Rol garrantzitsuak jokatzen dituzte istorioan bi aktoreek. Gertakariak aurrez ezagutu ez arren, grabazioen aurretik ongi lantzeko prestatzen hasi ziren. Aberasturi: «Talde oso bat geneukan guri laguntzeko. Zuzendariak eta Martxoaren 3 Elkarteak lagundu digute gehienbat». Bideoak, argazkiak eta audioak eman zizkieten egunean gertatu zena ezagutzeko. «Ezagutzen joan ahala, ikaragarria iruditu zait gertatutakoa».

Bestelakoa da Iñigo de la Iglesia aktorearen kasua. Aldez aurretik ezagutzen zuen historia, eta beste bide bat hartu zuen bere pertsonaia prestatzeko: «Gasteizen parean egokitzen zitzaidan edonori galdetzen nion ea egun hartan non zegoen. Ikusgarria izan da zein prestu zeuden hitz egiteko».

Iglesiasen hitzetan, arduraz hartu zuten beren pertsonaiak antzezteko lana. «Borroka egin zuten langileak ordezkatzen ditugu Iñigok eta nik. Ardura izugarria da». Harekin bat dator De La Iglesia, batez ere gertukoek bizi izan duten historia delako.

Gasteiztarrak prest zeuden jazotakoaren berri aktoreei emateko, eta prest egon dira ere filmean parte hartzeko. Ibarrondo: «Gasteizko jendeari esker lortu dugu daukagun filma. Ehunka pertsonak parte hartu dute». Figurante gisa, bizilagun ugarik hartu zuten parte eliza barruko Poliziaren erasoa irudikatzean. Hainbat bertan ziren 1976ko martxoaren 3an. «Jendeak egunean non egon zen esaten zigun», azaldu zuen De La Iglesiak. Batzuek egun hartan zeramaten arropa bera eraman zuten grabaziora. Figuranteetako bat elizan egondako langile baten iloba da, eta aitonaren omenez parte hartu du filmean.

Artxiboko irudien erabilera

Filmerako grabatutako irudiak erabili dituzte gehienbat, baina artxibo historikoko materiala ere baliatu dute. Garaiko irudiak zein audioak sartu dituzte pelikulan, sortutakoekin tartekatuta. «Hasieratik sartu ditugu irudi eta audio historikoak. Ohitu egiten da ikuslea horrela, eta amaierara iristerako barneratuta dauka», azaldu zuen Cabacok.

Artxiboko irudiak erabiltzea, baina, ez dela lan makala izan nabarmendu zuen zuzendariak, eta sortu dizkiela arazo teknikoak ere. Izan ere, egungo irudien eta zaharren artean alderik ez egoteko, irudien kalitatea aintzat hartu behar izan dute. Formatu berrienak erabili beharrean, zaharrak imitatu behar izan dituzte.

Pelikularekin egun hartan Gasteizen gertatu zena ezagutaraziko dutela uste du zuzendariak. «Fikzioarekin jende gaztea erakarri egiten duzu. Gainera, horrela enpatia senti dezakezu pertsonaiekin, eta garrantzitsua da hori». Ibarrondoren iritziz, garaiarekiko interesa sortuko du filmak; ez Gasteizko gertakarien inguruan bakarrik, baita trantsizio garaiaren inguruan ere. «Zinemaren bidez, trantsizioaren alde ilunetan argia jarri dugu».

Hasierako ezjakintasuna gogoan, orain auzia beste era batera ikusten duela azaldu zuen Aberasturik. «Ezagutu egin behar da Gasteizen gertatu zena. Batez ere, ez dadin berriro horrelakorik errepikatu».