Ataka adina maratila

Euskal kulturaren erronkez mintzatzeko bildu ziren mahai inguruan, atzo, Iratxe Retolaza, Josu Amezaga eta Harkaitz Zubiri, Karlos Aizpuruak gidatuta.
Harkaitz Zubiri, Iratxe Retolaza, Josu Amezaga eta Karlos Aizpurua, atzo, mahai inguruan.
Harkaitz Zubiri, Iratxe Retolaza, Josu Amezaga eta Karlos Aizpurua, atzo, mahai inguruan. GORKA RUBIO / FOKU

Alba Cabrera Jauregi -

2019ko abuztuak 23
Euskaraz egiten den kulturan dekadentziaren zantzuak argiak dira. Baina aldi berean, euskal kultura une egokian aurkitzen dela uste dut. Momentu ona da zer egin nahi dugun imajinatzen hasteko». Horrela mintzatu zen, atzo, Harkaitz Zubiri EHUko irakaslea,unibertsitate horrekin elkarlanean Mintzolak antolatu duen Euskal Kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak udako ikastaroan. Zubirik Josu Amezaga eta Iratxe Retolaza EHUko irakasleak izan zituen lagun hizketaldian. Bakoitzak hitzaldi bana eman zuen; ondoren, mahai inguruan bildu ziren, euskal kulturaren erronkez mintzatzeko, Karlos Aizpurua Mintzola Ahozko Lantegiko kideak gidatuta.

Euskal kultura aberasteko, atzerriko kulturetatik edatea garrantzitsua dela pentsatzen du Amezagak. Haren ustez, itzulpenek «pisu handia» dute; atzerritik hartu eta euskaratutako edukiek «hizkuntza hedatzen laguntzen» dutelako. Euskal komunitatearen tamainak abantailak dituela uste du: «Txikia izanik, gure komunitateak erabakitzen du zer itzuli eta zer ez. Zorionez edo zoritxarrez, erabaki horiek ez dira hartzen nazioarteko argitaletxeetan; hemen hartzen dira, gugandik hurbil. Niretzat, horregatik da garrantzitsua itzulpenak egitea; eduki hori geureganatzeko». Era berean, Retolazak ere beste hizkuntzetan sortutako edukiek euskal kultura aberasteko balio dezaketela deritzo. Baina eduki horren itzulpen hutsera ez dela mugatu behar uste du: «Azkenean, ez da bakarrik kanpotik bereganatzea; bada, bereganatzen duzunean ere, interpretazio propioa egin behar da; zentzu berriak eraiki behar dira. Beste leku batzuetatik hartutakoak barne logika berri batean txertatu, ikasi eta bereganatu egin behar ditu euskal komunitateak». Kontrako bidean ere, euskaraz idatzitako edukiak nazioartean hedatzeko ideiak arazorik ez luke ekarri behar, haren ustez: «Baliabideak baditugu atzerria eta Euskal Herria elikatzeko, ez dago arazorik. Etxean gelditzen diren euskarazko edukiekin eta kanpora bidalitakoekin desoreka dagoenean, orduan sortzen da arazoa. Atzerrian ez ezik, Euskal Herrian ere zabaldu beharra dago euskaraz idatzitako edukia».

Euskal Herria, hizkuntza eta kulturaren aldetik, «une kritiko» batean aurkitzen dela dio Amezagak. Hainbat urteren ostean, ezagutzaren arloan «lorpen handiak» egin arren, beste esparru batzuetan —erabileran eta nortasunean, esaterako—, «hutsuneak» daudela pentsatzen du. Horren adibide, euskal komunikabideen egoera jarri du: «Euskaldun batzuk gero eta gehiago kontsumitzen dute euskaraz; baina euskaraz kontsumitzen duten euskaldunen kopurua ez da maila berean igo. Orduan, euskal komunitatea trinkotu egin da, baina ez da zabaldu». Beraz, komunitatea hedatu beharra dagoela deritzo Amezagak, «gutxieneko masa kritiko bat» lortu eta «komunitatea handitzeko». Egoera horri aurre egiteko, berriz, euskal kultur eragileek «gogoeta egin behar dutela» deritzo irakasleak: «Euskaraz dakien erdaldun asko dago. Nire ustez, euskal komunitate trinko horri begira bakarrik sortzen dugu kultura; baina badago bestelako publiko bat trinkotasun horretatik at. Hor dago publiko berriak eskuratzeko gakoa».

Kalitatea eta kantitatea

Kultura sustatzeko baliabideen alderdi kuantitatiboaz gain, aspektu kualitatiboari ere garrantzia eman behar zaiola uste du Zubirik. Irakaslearen esanetan: «Gurea bezalako kultura batean, baliabide asko egon arren, horiek modu oso eraginkorrean erabiltzen ez badira, gauzak gaizki egingo dira. Alderdi kuantitatiboa eta kualitatiboa; biak uztartu behar ditugu».

Kulturaren esparruan, Retolazak uste du erakunde publikoek errentagarritasun ekonomikoa gehiago begiratzen dutela soziala baino: «Bestelako kultura politika batzuk mahai gainean jartzen ez baditugu, ideia hori indartzen da. Horrela, jendeak horren aurreko irakurketa kritiko bat egiteko gaitasuna galtzen du. Hortaz, eraginkortasunaren bestelako ikuspegi bat zabaldu behar dugula deritzot, gizarteari garrantzia emango diona».

Bide beretik, «hegemonia berria izango diren diskurtsoak sortzea» da errentagarriena, Zubiriren iritziz. Haren ustez, kulturan inbertitzea «zein garrantzitsua den» dakien herrialdea da «indartsua»; herrialde baten indarra hainbat arloren arteko sinergiaz lortzen dela deritzo: «Ez dut ezagutzen herrialderik indartsua dena, baina, era berean, osasuna, hezkuntza eta kultura ahulak dituena. Beraz, errentagarritasun ekonomikoa nahi duenak beste arloak ere indartu beharko ditu».

Euskal kultura, Euskal Herria euskalduntzeko bide baten gisa ulertzen du Amezagak: «Ez da bakarrik euskaldunen nahiak, beharrak eta gogoak asetzeko zerbait; nik gehiago eskatzen diot. Bestela, sortutakoa desegin egingo da». Retolazak dio ideia horrekin «kontuz ibili» behar dela: «Eremu batzuetan, literaturan esaterako, adi ibili behar dugu, hartzaile bakarrak euskal komunitate trinko horretako jendea ez izateko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna