Espiritu ganberroko festibala

Gaur hasiko da Marabilli jaialdiaren bosgarren edizioa, eta, igandera bitartean, zinema, musika eta literatura uztartzen dituzten hamaika ekitaldi eskainiko ditu Ondarroan

Bosgarren edizioa izango du aurten Ondarroako Marabilli jaialdiak, eta zinema izango da programaren elementu nagusietako bat. MARABILLI.
Inigo Astiz
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Pixka bat ganberroa izan zen festibalaren sorrera ere», onartzen du Txomin L. Aramaio Marabilli jaialdiaren antolakuntza taldeko kideak. «Hemengo tabernetan elkartzen ginen Aitzol [Aramaio], Kirmen [Uribe] eta beste lagun batzuk, eta bolanderak botatzen genituen: zinema jaialdi bat antolatuko genuela Ondarroan, kontzertuak, literatura... Pentsatzen genuen denak batera egin behar genituela, eta denak endredatuko genituela horretarako». Hamaika bider esan, eta, azkenerako, baita egin ere. 2011. urtean hil zen Aitzol Aramaio zinemagilea, eta 2012az geroztik hasi ziren festibala haren omenez antolatzen: urtero hasieran, eta, bi urtean behin, 2014az geroztik. Bosgarren edizioa izango du aurtengoa, gaur hasi eta igandera bitarte, eta badu hasierako asmo haren arrastorik.

Pisu berezia du zinemak, esaterako. Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur, Etxebeste filmaren emanaldia egingo dute etzi, adibidez, eta Dantza, Oreina eta Margolaria pelikulak ere proiektatuko dituzte asteburuan. David Trueba zinemagileak hitzaldia emango du ostiralean, bere sekuentzia kuttunen proiekzioekin batera, eta film laburren lehiaketa ere antolatu dute herriko sortzaileentzat. Musika, literatura eta antzerkia ere izango dira, besteak beste. Hasierako solasaldi haietan amestu bezala.

Gaurko hasiera ekitaldia izan daiteke diziplinartekotasun horren adibide. Lehenik, bakoitza hamar minutuz arituko dira beren sorkuntzari buruz Leire Bilbao, Aizpea Goenaga, Askoa Etxebarrieta, Alaia Martin eta Aurori Badiola; aurtengo Sormen Saria nori emango dioten jakinaraziko dute ondoren; eta Xabi Bandiniren kontzertua izango da horren ostean. Hori guztia, saio bakarrean.

Lehen urtetik antolatu dituzte hamar minutuko aurkezpen horiek, esaterako, eta L. Aramaio antolakuntzako kideak azaldu du haien arrakastaren zergatia. «Oso gauza politak ateratzen dira. Askok umorearekin jokatzen dute, eta oso saio zuzenak izaten dira».

Jotakie taldearen itzulera

Bi itzulera izango dira jaialdian. 80ko hamarkadan ezagun egindako Jotakie taldeak zuzenekoa emango du bihar, eta Ondarroako Hazurbaltzak taldea ere larunbatean itzuliko da oholtzara, bi hamarkadako isilaldiaren ostean. The Baboon Show eta Liher ere egun berean arituko dira Beikozinin, etzi, eta Azalera, The New Age, Saia Goait, Keu Agirretxea eta Depedro taldeak bihar arituko dira.

«Herri guztia hartu nahi dugu», onartu du du L. Aramaiok, eta horregatik saiatzen dira jaialdiko ekitaldiak herriko ahal bezainbeste gunetan antolatzen. Badira kontzertuak Beikozini aretoan, badira hitzaldiak Kofradia zaharrean, bada proiekziorik Bide Onera zinema aretoan, eta Portuko Ranpara, Gaztetxera, Itsasaurre plazara, Barnetegira, Astillerora eta beste hamaika txokotara ere hedatzen da programa. Eta kalez kale ere ibiliko dira buruhandiak eta txarangak. «Giro berezia izaten da egunotan».

Ezin finagoa bilakatzen da sortzaileen eta hartzaileen arteko muga jaialdian, antolatzaileen hitzetan. «Artistak askotan gelditzen dira hemen jaialdirako, eta herritarrekin nahasian ibiltzen dira. Ez dago halako bereizketarik, eta kultur giro berezia sortzen du horrek».

Ordainpeko saioak dira programako batzuk, eta doakoak beste batzuk, eta jadanik amaituta daude sarrerak Pablo Novoak, Keu Agirretxeak eta Depedrok bihar, eta The Baboon Show eta Liher taldeek etzi emango dituzten kontzertuetarako.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.marabilli.re
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.