Minaren erretratutik haratago

'Miñan' izeneko liburua aurkeztu dute Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek. Balderen istorioa kontatzen du eleberriak, eta hark ahoz esandakoak eskuz jaso ditu bertsolariak

Ibrahima Balde eta Amets Arzallus liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Oihal gris bat; behean, laranjondo bat marraztuta; eta, goi partean, izenburua: Miñan. Horrela du izena Ibrahima Balde (Konakry, Ginea, 1983) eta Amets Arzallusen (Hendaia, Lapurdi, 1983) lanak. Eleberri bat da: Balderen bizipena du oinarri; izan ere, 13 urte zituela aita galdu, lan bila hasi, eta haren anaia gazteena desagertu zeneko aldia kontatzen du.

Konakrytik Nzerekore hirira joan zen lan bila: amari, bi arrebei eta anaia gazteenari laguntzeko. Lanean ari zela, amaren deia jaso zuen: anaia txikia falta zen etxean. Hala, Konakryra itzuli eta haren bila hasi zen, bizirik aurkitzeko esperoan. Atzo aurkeztu zuten eleberria, Donostian, eta bertan izan ziren Balde eta Arzallus; baita Leire Lopez Susa argitaletxeko editorea ere. Lopezen arabera, «Miñan ez da Europara etorri nahi duen pertsona baten kontakizuna, anaia txikiaren bila joan zen pertsona baten istorioa baizik». Ibilbide malkartsu hori kontatzen du liburuak, Lopezen esanetan, «haren bila abiatu zen Ginea atzean utzita; basamortua zeharkatu, lan txikiak egin han- hemen, egarria, gosea, mina... Afrikatik Europarako bide luzean aritzen diren polizia, pasatzaile, eta bahitzaileekin topo eginik».

2018an ezagutu zuten elkar Baldek eta Arzallusek, Irunen (Gipuzkoa). Iritsi berria zen Balde, eta bertsolaria boluntario lanetan zebilen Irungo Harrera Sarean. Hor egin zuten lehenengo hartu-emana; gerora, harreman hori sendotuz joan da, Arzallusek esan duenez:«Asiloa eskatzen zutenei elkarrizketa ugari egiten nizkien; eskaera egin ahal izateko jakin beharrekoak azaltzen nizkien». Hain zuzen ere, elkarrizketaz elkarrizketa, «mugimendu bat» sortu zen bien artean, hasieran, Balderen istorioaren inguruan idazteko inongo burutaziorik gabe. Lotura estutuz joan ahala, ordea, hitz egindakoak liburuan jasotzeko burutazioa sortu zen; horregatik, Arzallusen esanetan, «harreman bati buruzko liburua da».

Azaldu duenez, ez da erraza izan bien arteko «desoreka» horretatik abiatuta lan egitea, eta ikasketa prozesu zein gogoeta etengabe batean murgildurik egin du idazte prozesua. Haren esanetan, «gure harremanen inguruko gogoeta etengabea egon da idazte prozesuan, bere ahotsaren eta bere estiloaren bilaketan. Bere bizipenak dira, bere liburua da, berak kontatua; baina, horrez gain, nola idatzi ere berak erakutsi dit». Baldek egin zuen kontakizuna literaturara emateko urratsa, eta urrats hori goraipatu du: «Berak eraman nau lehenik literaturara, eta ni saiatu naiz horretan laguntzen, galdetuz eta entzunez: puskak elkarri josiz, euskarara ekarriz».

Idazketa prozesuan, Balde asilo eskaeraren emaitzaren zain egon da. «Irundik abiatu zen, gero Oñatin eman zioten aterpea, eta, gero, Madrilen. Bertan egon da azken hilabeteetan, mekanikari formakuntza jasotzen», adierazi du idazleak. Hil honetan iritsi daasilo eskaera horri eman dioten ezezkoa, eta aterperik gabe utzi du horrek. «Hala eta guztiz ere, formakuntza horretan dihardu, garraio astunen konponketan segitzeko, abenduaren erdira arte, behintzat. Ondorengoa, airean dago oraindik», kontatu du.

«Eskua askatzen jakin»

«Inportantea da eskua ematen asmatzea eta gero eskua askatzen asmatzea», esan du Arzallusek. Norbaiti laguntzean sortzen den loturari buruzko gogoeta egin du idazleak, eta, haren hitzetan, «ez da gertatzen idazketa prozesuan soilik, migratzaile bati, edo, oro har, pertsona bati laguntzean, inportantea da jakitea noraino eraman norbait eskutik eta noiz askatu esku hori». Hori jakin ezean, pertsona horien arteko «menpekotasun harreman bat» elikatu daiteke. Horregatik, bere eskuaren arrastoak ezabatzen ahalegindu da, batez ere, lanaren zuzenketa prozesuan: «Ohartu naiz liburua idaztean, eta, batez ere, berridaztean, nolabait, nire eskua askatzen asmatu eta nire arrastoa apur bat atera behar izan dudala; ohartu naizelako bera bakarrik gai zela, eta, kasu batzuetan, ni sobera nengoela».

Gogoetagai horren jiran, gaur egungo informazio gaindosiari egin dio erreferentzia idazleak, eta fast food kontzeptua erabili du hori azaltzeko: «Iruditzen zait, askotan, informazioaren eta komunikazioaren jendartean bizi garela, baina informazio hori gaur egun frenesiak jota dago, eta askotan aktualitatea izan ohi da gure pentsamendua pausatzeko tarterik uzten ez duen apala». Ideia horri jarraika, informazioa «apalategiaren gaitzak» jota dagoela nabarmendu du: «Migratzaileei buruzko datuak eta zenbakiak-eta iristen dira, pentsatzeko astirik gabe, fast food bat bezala iristen dira eta horrela kontsumitzen ditugu. Azken finean, dena galtzen da frenesiaren eta konkrezio itxura duten zenbakien abstrakzioaren itsaso horretan».

Horregatik, ezinbestekotzat jo du pausa bat hartzea, gelditzea, eta begiratzea: «Istorioa sakonki ulertzeko, pertsona baten bidez, gorputz baten bidez eta ahots baten bidez, beste guztien lagin bat den ahots baten bidez; etaikusteko zer gertatzen den migratzaileen artean; eta zenbat bide, zenbat korapilo eta zenbat motibo desberdin egon litezkeen guk zaku berean sartzen ditugun jende horren atzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.