Trumpek positibo eman du koronabirusean, eta kanpaina irauli egin da

AEBetako presidentea Etxe Zurian dago bakartuta, eta handik jarraituko du lanean. Haren kabineteak adierazi duenez, hotzeri arrunt baten «sintoma arinak» ditu. Bidenek negatibo eman du

Donald Trump, Joe Bidenekin izan zuen hauteskunde eztabaidan, maskara kendu zuen unean. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«AEBek doministiku egiten dutenean, mundua hoztu egiten da», esan ohi da askotan. Oraingoan Donald Trump AEBetako presidenteak egin du doministiku, COVID-19an positibo eman duela jakinarazi duenean, eta albisteak zalaparta eragin du mundu osoan, Asiako eta Europako burtsetan galerak eragiteraino. Baita Wall Streeten ere. Baina, batez ere, AEBetako presidentetzarako hauteskunde kanpaina astindu du berriak, bozetarako hilabete eskas falta den honetan.

Presidenteak berak jakinarazi zuen, atzo, berak eta Melania Trump emazteak positibo eman dutela koronabirusaren proban. «Gauean, Melaniak eta biok positibo eman dugu COVID-19an. Berehala hasiko dugu berrogeialdia eta osatze prozesua. Elkarrekin gaindituko dugu!», idatzi du bere Twitter kontuan.

Sean Conley Etxe Zuriko medikuak ohar batean adierazi du presidentea «ondo» dagoela, eta «bete eginkizunak» beteko dituela. Conleyren esanetan, berrogeialdia Etxe Zurian bertan egingo du Trumpek, eta ez da «etenik» egongo presidentearen lanetan. Presidentearen kabineteburu Mike Meadowsek jakinarazi duenez, hotzeriaren antzeko «sintoma arinak» ditu presidenteak, eta ez dago «ezgaituta». Etxe Zuritik «lanean» jarraitzen duela nabarmendu du.

Trumpen komunikazio zuzendari Hope Hicksek positibo eman duelako egin diote proba presidenteari. Etxe Zuriak azaldu du ostegunean izan zutela Hicksen positiboaren berri. Hala ere, Trumpek diru bilketarako ekitaldi batera joatea erabaki zuen, ostegunean bertan, New Jerseyra. «Marine One [helikopteroa] aireratzen ari zela jakin genuen», azaldu du Meadowsek.

Bakartzeak behartuta, Trumpek bertan behera utzi ditu, oraingoz, dirua biltzeko Washingtonen egitekoa zen ekitaldi bat eta Floridako hauteskunde kanpainako saio bat. Etxe Zuriak ez du zehaztu presidentearen bakarraldiak zenbat iraungo duen, baina Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako AEBetako Zentroak gomendatzen duen bi asteko epea beteko balu, arriskuan legoke urriaren 15ean Miamin egitekoa den bigarren hauteskunde debatea.

Trump bezala, aurretik koronabirusarekin kutsatu dira Boris Johnson Erresuma Batuko presidentea eta Jair Bolsonaro Brasilgoa ere, beste estatu agintari eta gobernuburu batzuen artean. Horietako inor ez da gaixotu, ordea, bozetarako hilabete besterik falta ez zela —azaroaren 3an egingo dira AEBetakoak—.

Trumpek 74 urte ditu, eta ikusi beharko da gaixotasunak zer bilakaera duen haren kasuan. Adituek diote ezin dela zehaztu zenbateko larritasuna duen eta gaitza gainditzeak zenbat denbora har dezakeen. Datorren astea gakoa izango da horretarako. Aurrerantzean ere sintomak arinak badira, astebete nahikoa izan daiteke osatzeko. Okerrera eginez gero, aldiz, baliteke presidentea ospitaleratu behar izatea, eta tratamendua jaso behar izatea.

Presidente ardura betetzen jarraitzeko gai izango ez balitz, Mike Pence presidenteordeak hartuko luke Trumpen lekua. Pencek atzo bertan egin zuen COVID-19aren proba, eta negatibo eman zuen.

Maskarak ordainetan

Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentegaiak ere baieztatu du ez duela koronabirusik. Atzo egin zuen proba, eta emaitzaren berri eman zuen Twitter bidez. «Espero dut honek ohar gisa balio izatea: jantzi maskara, gorde distantzia soziala eta garbitu eskuak». Hautagai demokratak aurretik elkartasun mezua bidali zion Trumpi, eta hura «azkar osatzeko» desira adierazi zuen.

Bidenek zeharkako erreferentzia egin zion mezuan, joan den asteartean, hauteskundeetako aurrez aurreko debatean, Trumpekin maskarei buruz izan zuen tirabirari. Eztabaida hori gogoan, oharra bidali dio ordainetan, Trumpek debatean esandakoengatik. Presidenteak barre egin zion Bideni, maskara gehiegitan erabiltzen duela iritzita. «Maskara bat dut hementxe bertan, baina ez dut berak [Bidenek] bezala erabiltzen. Berrehun oinera egon daiteke hizketan [60 metro inguru], eta sekula ikusi duzun maskararik handiena jarria izango du». Bidenek, berriz, pandemiaren inguruan «arduragabe» jokatu izana egotzi zion, eta jendeari maskararik ez erabiltzeko gomendatzea leporatu.

Presidentearen positiboarekin, hauteskunde kanpainak har dezakeen norabidearen aurrerapen bat izan daiteke joan den astearteko eztabaidaren pasarte hori. Izan ere, Trump COVID-19arekingaixotzeak hedabideen azaletara eta askoren gogora ekarri ditu berriro Trumpek pandemiari larritasuna kentzeko egin dituen hainbat adierazpen. AEBetako Gobernuak egoera «kontrolpean» zuela esan zuen behin baino gehiagotan, pandemiaren hasieran; COVID-19a bere kabuz desagertuko zela ziurtatu zuen, «mirari bat bezala», eta lasai egoteko eskatu zion jendeari, martxoan; maskararen erabilera «hautazkoa» izango zela adierazi zuen apirilean, eta berak ez erabiltzea erabaki zuela; ekainean agertu zen lehen aldiz jendaurrean maskara jantzita, eta «gauza ederra» zela esan zuen orduan. Horrez gain, milaka jarraitzaile batu ditu Alderdi Errepublikanoaren hauteskunde ekitaldietan, gutxieneko distantzia soziala gordetzeko inolako neurririk gabe.

Pandemiak 7,2 milioi pertsona baino gehiago gaixotu ditu AEBetan, eta 208.000 lagunetik gora hil dira COVID-19aren ondorioz. Koronabirusak eragin duen osasun krisiari gehitu behar zaizkio ekonomian eta gizarte sektore zabaletan eragin dituen kalteak; langabeziaren gorakada nabarmena, besteak beste. Hori dela eta, hautesleek Trump zigortuko duten esperantza dute demokratek. Askok uste du haren kudeaketa okerra izan dela ageriago utziko duela pandemiaren eragina gutxietsi ondoren orain gaixotu izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.