«Aurrerapausoa da niretzat»

Erik Jakak eten egin du Asperekin zuen kontratua, eta Baikon ariko da maiatzaren 1etik aurrera, 2024ko abenduaren 31ra arte. Hilaren 24an jokatuko du azken lehia Asperekin

Erik Jaka, Baikorekin kontratua sinatzen, atzo, enpresaren egoitzan, Bilbon. BAIKO PILOTA.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka hastear zela iritsi da berria pilotara, berri potoloa, eta erabat ezustekoa: Erik Jakak (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) eten egin du 2022ko abenduaren 31ra arte Aspe enpresarekin zuen kontratua, eta Baikorekin sinatu du 2024ko abenduaren 31ra arte. Eibarko (Gipuzkoa) enpresarekin kontratua eten izanagatik ere, buruz buruko txapeldunak azken partida bat jokatuko du Asperen elastikoa soinean eramanda: hilaren 24an izango da, Logroñon (Espainia), Adarraga pilotalekuan. Maiatzaren 1etik aurrera, berriz, Baikoko logoa eramango du bularraldean.

«Oso pozik nago, eta ilusioz gainezka erronka berri honi ekiteko. Aurrerapausoa da niretzat», zioen Jakak Baikorekin sinatu berritan. Azaldu zuenez, «azken asteetan» aritu dira negoziatzen Aspe, Baiko eta bera, eta «horren emaitza» da akordioa. «Denontzat da ona. Hori da garrantzitsuena».

«Gogotsu» dago enpresa berriarekin lan egiten hasteko: «Enpresakide eta entrenamendu lan berriak izango ditut, eta hori pizgarria da beti». Buruz burukoa izango du hurrengo txapelketa, eta «ilusio handiz» ekingo dio: batetik, egungo txapelduna baita; eta, bestetik, Baikorekin jokatuko duen lehen txapelketa izango baita. Binakakotik kanpo geratu izanak eragindako «mina arintzeko» balioko dio ere. «Dezenteko pena dugu. Uste dut nahiko merituak egin genituela irabazteko. Aldaketa honek balioko dit kolpe hori ahazteko».

Jakak ia zortzi urte egin ditu Aspen, 2013ko ekainaren 24an Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoian debuta egin zuenetik. Denbora asko da, eta, aitortu duenez, «sentipen kontrajarriak» ditu enpresa uzteko orduan. «Batetik, ilusio handia egiten dit nire bizitzan eta kirol ibilbidean etapa berri hau hasteak, baina, bestetik, pena ematen dit urte askoan nire enpresa izan dena uzteak. Oso-oso gustura egon naiz beti. Oso harreman estuak egin ditut, batez ere Jokin Etxanizekin [Aspeko zuzendari teknikoa]. Harekin pasatu ditut inorekin baino ordu gehiago. Oso pertsona garrantzitsua izan da niretzat, bai kirol arloan, baita maila pertsonalean ere. Beti babestu izan nau. Baita enpresak ere. Garai zailak pasatu ditut, lesioak eta amaren gaixotasuna, besteak beste, eta beti babestu naute, eta zaindu. Oso eskertuta nago».

«Oso harro» egindako lanaz

«Oso harro» dago zortzi urte horietan enpresan egin duen lanaz. «Inork ez dit ezer oparitu. Nik irabazi egin behar izan ditut aukera guztiak, enpresa barruan dagoen lehiakortasun handiari aurre eginez. Kapaz izan naiz maila handiko pilotari koadro batean titular izateko, eta horri balio handia ematen diot. Horregatik, kirol arloan ere oso gustura nago egindakoarekin».

Aspen, Jokin Altunak, Joseba Ezkurdiak eta berak hiruko indartsua osatu dute azkenaldian. Baikon, ordea, aspaldi ez da nabarmendu pilotari bat. Pilotari nagusiaren tokia betetzera doa? «Hemen ez dago ez lehen zenbakidun pilotaririk, ez bigarren zenbakidunik, ezta hirugarren zenbakidunik ere. Frontoiak jartzen du bakoitza bere tokian. Nire helburua argia da: ahal den lanik onena egitea. Ilusio handia dut».

Baikon lan gatazka izan zuten iaz. Aspen, ordea, ez da halakorik gertatu. Baina «lasai» dago. «Baikon tirabirak izan dituzte, baina nik dakidala tirabira horiek konpondu dituzte. Adibidez, abian da Pilotarien Elkartea, eta hori oso garrantzitsua da pilotari guztientzat, funtsezkoa. Nik beti izan dut oso tratu ona Asperekin, eta Baikorekin orain arte izan dudana ere halakoa izan da: oso ondo hartu naute, eta oso gustura sentitu naiz haiekin egon naizenean».

Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea, Jon Ander Peña eta Iñaki Artola izan dira Baikoren aurrelariak binakakoan. Oinatz Bengoetxea eta Iraitz Zubizarreta, berriz, ordezko izan dira. Jaka gehituko zaie guztiei orain. Ikusteko dago Olaizola II.ak zer egingo duen. Urte amaiera arte du kontratua, baina 41 urteko aurrelariak esan berri du «buruz gero eta nekezago» egiten zaiola egunerokoari aurre egitea.

Argitzeko dago ere zer gertatuko den Unai Lasorekin eta Victor Estebanekin. Lanuztea bertan behera uzteko, Baikoko pilotari grebalariek eta Enpresen Ligak adostu zuten uztailaren 1a baino lehen kontratu bat eskaini behar zaiela. Bi aurrelariok Baikokoak ziren, baina ikusteko dago lehiara itzultzen direnean zein enpresarekin egingo duten. Aspek toki bat du libre orain, toki handia, buruz buruko txapelduna joan baitzaio. Ea nola betetzen duen. Ez du lan erraza. Inaxio Errandonea zuzendari komertzialak ez zuen adierazpenik egin nahi izan atzo, «protagonista» Jaka zela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.