Albistea entzun

Irudiekin kritika egiteko lengoaiak

Cristina de Middelek artearen tresnak baliatzen ditu argazkiekin bere ikuspegiak zabaltzeko. Erakusketa bat jarri du Nafarroako Unibertsitateko Museoan
Cristina de Middelek Aleatoris Vulgaris seriean sortu dituen collageetako bat.
Cristina de Middelek Aleatoris Vulgaris seriean sortu dituen collageetako bat. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko urriak 16 - Iruñea

Cristina de Middelek (Alacant, Herrialde Katalanak, 1975) argazkiaren eta egiaren arteko harremanak ikertzen dihardu azken urteetan; lengoaia dokumentala eta kontzeptuala nahasten, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugarekin jolasean. Abiapuntu gisa artxiboak erabili ohi ditu: artxiboetako irudiak bere egiten ditu, gero modu pertsonalean irudikatzeko. Bide beretik osatu du Nafarroako Unibertsitateko Museoan duen erakusketa. Pseudología fantástica izena jarri dio; izenak patologia psikologiko bati egiten dio erreferentzia: gaitzak zera eragiten du, pertsonak bereak balira bezala hartzea ikusi dituen edo kontatu dizkioten gauzak. «Nik antzeko zerbait egin dut: museoko bilduma neureganatu eta interpretazio aske bat egin», dio De Middelek. Erakusketak lau atal ditu: Tender Puentes proiektuarekin egin duen Aleatoris Vulgaris; museoan 2015ean erakutsi zuen Man Jayen proiektua; eta Afronautas, Party eta Cucurrucucú serieak. 2022ko martxora arte egongo dira ikusgai.

De Middelek gaur egun artearen tresnak eta lengoaiak erabiltzen ditu adierazteko, eta errekonozimendua jaso du bere lanagatik besteak beste, Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala jaso zuen 2017an, baina urte batzuk baino ez daramatza horretan: aurretik, fotokazetaritzan aritu zen hamar urtez. «Arte Ederrak ikasi nituen, baina kazetaritzara joan nintzen, ez bainuen ulertzen arte garaikidea; nik jendearengana iritsi nahi nuen, eta, horretarako, lengoaia irisgarriak behar nituen», azaldu du erakusketaren aurkezpenean. Ordea, lan horrek gatazka bat sortzen zion: «Hedabideentzat lan egitean, gauzak modu aseptikoan kontatzen nituen, eta falta zitzaidan nire iritzia ematea». Ondorioz, proiektu pertsonalagoak sortzen hasi zen, eta lengoaia kritikoa garatzen.

Prozesu horretan sortu zuen sona eman zion seriea: Afronautas (2012). Istorio erreal batetik abiatu zen, «anekdota txiki batetik»: Zambiak 1964an aurkeztu zuen programa espazial batetik. Egitasmoak huts egin zuen, eta ez dago irudirik, baina egiazkoa izan zen, eta De Middelek irudimenaren eta ironiaren bitartez irudikatu du. Afrikari buruz iristen zaizkigun argazkiek sortzen dituzten irudi faltsuetan eta estereotipoetan oinarritu da, eta estereotipo horiek muturrera eraman ditu, kritika egiteko eta mezu sakonagoak proposatzeko. Seriea mugarria izan zen haren ibilbidean, eta artista original eta ausart gisa erakutsi zuen; orain, museoko Dorrea aretoan ikus daiteke.

Areto horretan dago ikusgai, halaber, Party (2013) seriea. Azaldu duenez, Txinan igarotako garai batean egindako argazkiekin osatu du, Maoren Liburu Gorria (1964) abiapuntu gisa hartuta: «Bidaia horretatik irudi askorekin itzuli nintzen, eta zentzu bat emateko Maoren Liburu Gorria hartu nuen erreferentziatzat. Liburuaren lehen orrian party hitza agertzen da, alderdi politikoa-ri erreferentzia eginez, baina hitzak festa esanahia ere izan dezake. Horrek laburbiltzen zuen hilabete horietan Txinan egin nuen hausnarketa nagusia: ofizialki herrialde komunista dela, baina, funtsean, ez dela. Esanahi horrekin jokatu nuen, eta herrialdearen nire irudikapena eratu nuen, nire iritzia emateko, Txinan tipikoa den zentsura erabiliz». Testuaren zati gehienak ezabatu ditu, esaldi batzuk bakarrik utziz, argazkiekin batera, «Txinako hiritar zintzoarentzako premisak eguneratuz».

Serie nagusia, erakusketarako berariaz sortu duena, Aleatoris Vulgaris da. Ausazkotasunaren ideian arakatzen du, eta De Middelen orain arteko lana baino askoz ere kontzeptualagoa da, «ia performatiboa». Museoko argazki bildumatik abiatu zen seriea sortzeko, baina landu ohi dituen artxiboak baino «ordenatuagoa» zegoela ikusi zuen, eta, bere begirada proiektatu ahal izateko, ordena «hankaz gora» jarri beharra sentitu zuen.

Hala murgildu zen ausazkotasunari buruzko ikerketan: «Bildumako argazki bakoitzak zenbaki bat duenez, bilduman esku hartu ahal izateko, ausazko zenbakiak bilatzen hasi nintzen, gero zenbaki horiei lotutako irudiak lantzeko. Eta konturatu nintzen ausazkotasunaren munduan ikerketa gai handi bat dagoela, oso interesgarria; ausazkotasuna, berez, ezinezkoa baita».

Ausazko bost zenbakitako multzoak bilatu zituen, hainbat modutara, gero obra talde horiek lantzeko. Zenbakiak eskatu zizkion, esaterako, Indiako guru bati, Londresko Tate Gallery museko argazkilaritza komisario ohiari eta Londresen topatu zuen sorgin senegaldar bati; bingoko kartoiak pareta batean jarri zituen eta zenbakiak seinalatzeko labana bat botatzen aritu zen; zortearen galletetan bilatu zituen... Ausaz hautatutako zenbaki multzoak ordezkatzen dituzten irudiekin collageak sortu ditu, eta collageak marrazki bihurtu ditu gero. Emaitza museoaren 0. aretoan ikus daiteke.

Indarkeria marrazkietan

Areto horretan beste bi serie daude: Cucurrucú (2016) eta Man Jayen (2015). Lehena sortzeko, Mexikoko Alerta! egunkariko argazki artxiboa erabili du. Krimenen eta halako gertaeren irudiak dira, eta, horietan oinarrituta, 200 marrazki sortu ditu. Rantxeretatik hartutako esaldiak gehitu dizkie, komikiaren tankerako irudiak sortuz. Adierazi duenez, «erantzun emozionala» disolbatu nahi izan du, gertakari bat irudikatzeko moduak izan dezakeen eraginaz hausnartzeko: «Indarkeriazko ekintza bat ikusten duzunean, trauma eragin diezazuke; ekintza horren argazki bat ikusten baduzu, trauma txikiagoa izango da, baina inpaktua izango du; eta marrazki batean ikusten baduzu, ia ez duzu nabarituko».

Man Jayen-en, berriz, abenturazale talde batek 1911n Islandia eta Groenlandia arteko Jan Mayen uhartea «berraurkitzeko» asmoz egin zuen espedizio baten irudi eta bideoetan oinarritu da. «Zientzialariak zirela esan zuten itsasoratu ahal izateko, baina burgesak ziren, dirudunak, abentura baten garaikurrarekin itzultzeko asmoa zutenak», azaldu du. Ez zuten lortu uhartera iristerik, baina, bidaia erregistratzeko zinematografo bat zeramatenez, iritsi izana antzeztu zuten, beste uharte batean. Hortik abiatuta, De Middelek «eszenaratzearen eszenaratze bat» osatu du.

Pieza guztietan, beraz, «bertsio ofizialak manipulatu» ditu, gauzei buruz duen ikuspegia emateko, geruza eta irakurketa asko izan ditzaketen irudien bitartez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bisitariak salmahaietako batean, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Ezohiko azoka baten neurrian

Ainhoa Sarasola

Durangoko 56. Azokaren «balorazio positiboa» egin dute antolatzaileek. Landakon orotara 25.000 lagunetik gora bildu direla adierazi dute, eta kulturazaleen ardura txalotu. Salmentetan izan da alderik

Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi Azkarate (Okela), Maria Mur Dean (Conssoni) eta Diana Franco (Kabia), atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Ekoizpen digitalaren markak

Itziar Ugarte Irizar

Oskia Ugarte, Sahatsa Jauregi eta Maria Mur sorkuntza digitalaren inguruan aritu dira, Kabia gunean. Edozein egileren lana prisma horretatik harago begiratzearen alde egin dute
Ekhiotz Prieto eta Urko Peral, atzo, <em>Atarian.eus</em> plataformaren aurkezpen ekitaldian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Eszena babesteko aterpe bat

Andoni Imaz

'Atarian.eus' guneak musika bideoak era «jasangarrian» emateko asmoa du, harpidetzen bidez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.