Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Desmemoriaren arrasto biziak

Mikel Etxaburuk 'Ahaztu baino lehen, ama' kaleratu du, bere laugarren poema liburua. Memoria galdu arren bizirik sentitzen duen amari «eskutik heltzeko modu bat» izan dela azaldu du
GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko azaroak 24 - Donostia

«Baneki non bizi diren zure oroitzak/ banaka-banaka bildu eta/ daroazun txabusina gorriko patrikan gordeko nizkizuke/ mendazko karameluak gordetzen dituzun patrika berean/ horrela, bakardadeak gogoa sumintzen dizunean,/ karameluen ordez/ miazkatu ahal izango zenituzke oroitza galduak».

Memoria atzera bueltarik gabe galduz joatearekin batera, ama «bizitzaren azken fasean sartzen» ari zela konturatzen hasi ziren etxekoak. Orduan ekin zion Mikel Etxaburuk (Ondarroa, Bizkaia, 1969) Ahaztu baino lehen, ama bihurtu den poema liburua lantzeari. Duela hiru urte pasa izan zen ohartze eta onartze garai hori, eta harrezkeroztik «endekapen fasean» den amaren ondoan igarotako uneak, haren oroitzapenak eta zaintza lanen inguruko gogoetak bilduz joan da poemetan idazlea, Pamielak argitaratu duen liburua taxutu arte. «Akonpainamendu lan bat egin nahi nuen amaren fase horretan, bere bide horren bidaide izan; era batera edo bestera, hari eskutik heltzeko modu bat izan da».

Heriotza hurbil sentitzearen tentsiotik idatzi du liburua Etxaburuk. Leku egin die desmemoriari, beldurrei, oroitzapenei; baina, ororen gainetik, bizitzaz ari den poema liburu bat ondu izana sumatzen du. «Heriotzari buruz hitz egiteko bizitzari buruz hitz egin behar baita, halabeharrez», haren esanetan. Heriotza, ordea, hizketagai gutxitan bihurtzen den zerbait dela iruditzen zaio, eta horrek ere bultzatu du poema hauek argitara ematera: «Ez digute erakutsi heriotzaz hitz egiten, eta eremu oso pribatuko bizipenak publiko egitea tabu hori modu txiki batean arrakalatzeko modua ere izan da».

Zahartzaroan den ama «ulertzeko eta berarekin egoteko» modu bat ere izan du liburu honen idazketa, baina nabarmendu du «begirada partekatu batekin» eman nahi izan dituela poemak. «Askok ditugu ondoan memoria galduz doazen adineko pertsonak, eta bidaia horretan dauden beste hainbatekin partekatu nahi izan dut liburua».

Idazte prozesua «erraza ez, baina ederra» izan dela aipatu du, eta bidean izandako sentsazio kontraesanezkoak ere bildu nahi izan dituela liburuan. Idatzitakoaz hitz egitea deserosoa zaiola ere aitortu du, olerkiak gainetik «zirriborratuko» balitu bezala sentitzen dela. «Urduritu egiten nau horrek». Eta, hala ere, egin behar. Ibai baten joan barearekin erkatu du liburuko kontakizuna, «ez arinkeriaz, baina bai modu arinean» idatzi duelakoan. «Bizitza beti da transformazio bat, beti ari gara eraldatzen, egunez egun, urtez urte. Nire ama ere horretan doa orain, eta gu berarekin. Ibaiaren joan hori ere nonbait itsasoratuko da».

«Memoria barik ere, bada»

Hiru ataletan egituratu du liburua egileak: Post-itak pareta zurian, Mara-mara eta Zure lurraldean. Horietako batean bereziki hartu nahi izan ditu gogoan zaintza lanetan ari diren pertsonak, migratutakoak asko. «Haien gurasoak utzi, seme-alabak utzi, herriak utzi eta gure etxeetara etorri dira guk gehien maite ditugun horiek zaintzera; hori izugarria da». Euren etxean ama zaintzen ari den Noelia izeneko emakume nikaraguarraz oroitu da bereziki. Hala dio eskaini dion poemak: «Noelia Managuakoa da/ han ditu dozena erdi oilo, asto bi eta errekasto bat,/ baita semea, alaba eta ama nagusia ere./ Noeliak hiru urte daramatza bere seme-alabak ikusi gabe./ Noeliak, aurretik, beste norbaiten ama zaindu du./ Eta orain, gure amaren etxeko ohean egiten du amets».

Gertutik bizitzen ari dena gogoan eta entzun izan duenaren kontrara, memoriarik gabe ere pertsona badela defendatu du Etxaburuk: «Batzuek diote memoria gabe ez garela espazio bat okupatzen duen gorputz bat baino ez ia, baina nik uste dut ezetz: nik sentitzen dut memoria barik ere gure ama badela. Sofa txikian eserita hizki-zopak jaten dituenean, bada. Presentzia horri idatzi diot. Gorputz horri eta arrakala horri». Liburua zabaltzen duen aipuetako bat lotu dio ideia horri, Christian Bobinena: «Beti barri, beti hemen eta beti orain».

Jose Angel Irigarai Pamielako editorearekin aurkeztu du liburua autoreak. Gogoan izan ditu hark idazlearen aurreko lanak —Zu zara orain txoria (2011, Elkar), espetxean idatzitakoa; Hodeiak zapatetan (2014, Susa); eta Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (2016, Erein)—, horietan agertutako «mundu poetikoek» lan berrian ere jarraipena dutelakoan: «Mikel Etxabururen poesia, alde batetik, da mailua, horren bitartez salatzen baititu askatasun faltak; baina bada geriza ere, poesiaren bitartez mundu intimo bat islatzen baitu». Oraingoan erregistro berri bat landu izana nabarmendu du: «Eguneroko bizitzan oso arruntak direnak kontatu dizkio amari eta kontatu ditu amaren bitartez. Lirikokerian eta erromantizismokerian erori gabe, kantu bat egin dio bizitzari».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara

 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Arte unitate minimoa

Iñigo Astiz

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.