Mendiko istripuz jositako asteburua izan zen iragan astekoa, eta Pirinioak izan ziren hizpide gehienetan. Baina Balerdi mendian (Aralar, 1.195 metro) izandako istripu batean ere hil zen lagun bat. Azken urteetan, eta neguan bereziki, istripuen kopuruak izan duen gorakadak ez du etenik, eta, urtea hasterako, bost mendizalek galdu dute bizia Pirinioetako mendietan erorita.
Iñigo Orejak (Errazkin, Nafarroa, 1975) urteak daramatza suhiltzaile, Oronotz-Mugairiko (Nafarroa) parkean. Azken urteetan, hainbat eta hainbat erreskate egitea tokatu izan zaio Nafarroako mendietan, Saioa mendiaren inguruetan bereziki. «Gure inguruan istripuren bat-edo gertatzen denean, suhiltzaileak eta orain hiru urte inguru sortu zuten GRTko [Erreskate Teknikoko Taldea] kideak joaten gara. Pirinioen inguruan gertatzen denean, berriz, Nabaskozeko [Nafarroa] suhiltzaileak joaten dira haiekin». Nafarroako suhiltzaileek betidanik sortu nahi izan zuten erreskate talde berezi hori. Mendian gero eta istripu gehiago gertatzen zirela ikusita, eta hainbat urtez borrokan aritu eta gero, 2019ko maiatzean ikusi zuen argia erreskate taldeak. Geroztik, etengabe dihardute lanean.
Ibai Rico mendi gidariak ere (Gasteiz, 1980) gutxik bezala ezagutzen ditu mendiaren inguruan gertatzen diren eguraldi aldaketa bortitzak. Mendi gidaria izateaz gain, Geografiako irakasle ere bada Euskal Herriko Unibertsitatean. Nibologian aditua da, eta neguko baldintzak oso gertutik aztertzen ditu urtero; hainbat ikerketatan ere parte hartutakoa da, munduan barrena. «Azken egunetan, antizikloi bat izan dugu, eta, gainera, euria egin du erdiko eta goiko mailetan, gehienbat mendebaldeko Pirinioetan. Horrek dena izoztu du, eta elurraren egoera ere asko aldatu du. Alpinismoan aritzeko, ondo dago, baina eskarmentu handiko alpinista izatea eskatzen du. Istripuak beti egon dira, eta beti izango dira, baina, gaur egun, mendia ez dago edozein modutan aritzeko». Ricok ez du mendi irteerarik egiteko aukerarik izan azken asteetan, nahiz eta asteburuan mendian ibiliko den.
Pirinioetan izan diren istripuak izan dira albiste iturri azken egun hauetan mendizale ororen ahotan. Orejak ere oso gertutik aztertu ditu azken egunetako albisteak, baina istripuek ez dute ezustean harrapatu. «Iragan den astean, Belaguako [Nafarroa] aterpetxera joan nintzen mendiko eskian aritzeko asmoz, baina eskiak jarri eta berehala ohartu nintzen gauza ez zegoela txantxetarako. Oso arriskutsua zegoela iruditu zitzaidan. Berrogeita hamar metro egin, eta atzera itzultzea erabaki nuen».
Aipatu bezala, aurreko asteburuan izandako istripuen ondorioz, bi euskal herritar ere hil ziren Pirinioetan, erorita. Bata Aspe mendiaren (Pirinioak, Huesca, 2.645 metro) iparraldean mendiko eskian ari zen berastegiar gaztea izan zen. Bestea, berriz, Belaguako inguruan erraketen gainean zihoan aiegiar bat izan zen. Istripuen zergatiaz galdetzean, Orejak arrazoi asko aipatu ditu: «Azken urteetan, asko areagotu dira istripuak, gehienbat azken bost edo sei urteetan. Ez dakit zergatik izango den; agian, geroz eta jende gehiago joaten delako. Egun, informazio gehiago dago, materiala ere hobea da, baina jende berri asko hasi da, eta agian formakuntza falta zaie edozein lekutan sartzeko».
Ricok ere arrazoi antzekoak eman ditu egoera aztertzean. Badirudi datozen asteetan aldatu egingo dela eguraldia, bainazuhurtzia eskatu die egun hauetan mendian ibiliko diren mendizaleei, gaur egun mendiak nola dauden ikusita: «Hara joan aurretik egoera aztertu behar da, eta horrek ondo antolatzea eskatzen du. Arriskuak zein diren aurreikusi behar da; bestela, baliteke berandu izatea».
Mendia ez dago edonorentzat
Urtea hasi zenetik bost mendizale hil dira Pirinioetan. Azken astean gehiago korapilatu da kontua, eguraldiak asko aldatu baitu elurraren egoera. Zuhurtzia eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu