Albistea entzun

Erreskate zinematografiko bat

Bruce Baillie zinemagile esperimentalaren lana oinarri hartuta, Azkuna zentrorako film berri bana sortu dute Apichatpong Weerasethakulek, Ben Riversek, Teddy Williamsek eta Ana Vazek
Garbiñe Ortega zinema komisarioa, Bilboko Azkuna zentroan Bruce Baillie zinemagilea ardatz duen erakusketan.
Garbiñe Ortega zinema komisarioa, Bilboko Azkuna zentroan Bruce Baillie zinemagilea ardatz duen erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko azaroak 2 - Bilbo

Zinema garaikidearen historian izen handia da Bruce Baillie (Aberdeen, AEB, 1931 - Camano Island, AEB, 2020). 1960ko hamarkadan mugarri izan ziren hark sortutako film esperimental, liriko eta sentsorialak, eta hark eta haren ingurukoek bultzatuta saretu ziren Kaliforniako abangoardiako zinemagileak Canyon Cinema banatzailearen inguruan. 2010. urte inguruan, baina miseria betean zegoela ezagutu zuen Garbiñe Ortega zinema ikerlari eta komisarioak (Gasteiz, 1981). «Bakar-bakarrik zegoen», gogoratu du. «Tamalez, gehiegitan gertatzen den zerbait da hori. AEBetan, gainera, sortzaileek ez dute babes handirik, eta askotan geratzen dira bidean. Oso artista inportanteak izandakoak benetako miserian bizi dira. Baillieri, adibidez, etxeko teilatua jausten ari zitzaion, eta denon artean bildu genuen hura konpontzeko dirua».

Orduan hasi zen Ortega haren lanak berreskuratzen, aldarrikatzen eta nazioarteko museorik esanguratsuenetako batzuetan programatzen, eta, ezinbestean, beraz, Baillie jarri du orain ere Bilboko Azkuna zentrorako antolatutako erakusketaren erdigunean. Zinema ardatz izango zuen erakusketa bat antolatzeko eskatu zion erakundeak, eta berehala etorri zitzaion Baillie burura. Baina ez da memoria ariketa hutsa. Haren lana abiapuntu hartuta, lan berri bana sortzeko ere eskatu zielako Ortegak puntako lau zinemagile garaikideri —Apichatpong Weerasethakul thailandiarrari, Ben Rivers ingelesari, Teddy Williams argentinarrari eta Ana Vaz brasildarrari—, eta Baillieren lanek eta film berri horiek osatutako ikus-entzunezko multzo hori da zehazki Somewhere from Here to Heaven izeneko erakusketa. Otsailaren 23ra arte egongo da zabalik.

«Ikuspegi berri batetik ikusi nahi nuen Baillie», azaldu du Ortegak.

Bi atal ditu erakusketak, horregatik. Bruce Baillie eta Canyon Cinema aurkezten dituzte hasieran, eta gero datoz haren unibertsoa oinarri duten filmak. Besteak beste, Baillieren Castro Street (1966) eta Mass for Dakota Sioux (1964) eta Alice Anne Parker zinemagilearen Riverbody (1970) ikus daitezke lehen aretoetan.

Izen eztabaidaezina da Apichatpong Weerasethakul ere egun. Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoia irabazi zuen 2006an, Syndromes and a Century lanarekin, eta Cannesko Urrezko Palma ere bai 2010ean, Uncle Boonmee Who Can Recall His Past Lives lanarekin. Horrez gainera, ordea, ohikoa da haren lana museoetan ikustea ere, eta, hain zuzen ere, Baillieren eragina nabarmendu du egileak, Azkuna zentroko erakusketaren aurkezpenerako grabatutako bideo batean. «Asko inspiratu naute ez bakarrik haren filmek, baizik eta baita haren bizi ikuskerak ere».

Gizakia barrutik filmatzea

Baillieren izpiritu esperimentalak eraginda sortu du Bilborako pieza zinemagile thailandiarrak. Hemezortzi minutuz, aldi berean elkarren gainean gainjartzen diren bi proiekziok osatutako lan sentsorial bat sortu du, zehazki.

Ben Rivers ere ohituta dago bere lanak zinema aretoetan ez ezik arte esparruan ere erakustera, eta, kasu honetan, Minotauro izeneko film laburra sortu du berak, Bailliek umeekin filmatutako pelikulak ispilutzat hartuta. «Baillieren zinemak lagundu egin zidan zinema ulertzeko irekiagoak ziren modu berriak deskubritzen».

Muturreko planoak uztartzeko saiakera egin du Teddy Williams zinemagileak bere lanean. Lehen aldia du museo batean, eta, elkarren gainean gainjarriz doazen hainbat irudirekin osatu du ia ordu eta erdira iristen den Un gif larguísimo filma. Bisitariak elkarrekin nahasten ikusiko ditu bertan, alde batetik, medikuek operazioak egiteko erabili ohi dituzten kamera batekin grabatutako irudiak, giza digestio aparatua erakusten dutenak, eta, beste alde batetik, merkatuan dagoen teleobjektiborik handienarekin hartutako planoak. «Museo baterako film bat sortzeak zinema pentsatzeko era ezberdin xamarrak piztu dizkit».

Amazonian lanean aritua zen bere aitarekin izandako solasaldi bat du oinarri Ana Vazen Arvore lanak, bestalde.

Baillieren hiru minutuko All My Life film laburrak ixten du erakusketa (1966). Zinemagileak kontatutakoaren arabera, autoan zihoala ikusi zuen filmeko hesi, lore gorriz gainezka dagoena, argi biltzaile moduko batek blaituta, eta, kolpean, autoa hantxe geratu, kamera besoetan hartu, eta hala filmatu zuen lana; gero, muntatzean, Ella Fitzgeralden filmaren izen bereko kanta gehitu zion. Eta bere xumetasunean, horra Manola Dargis The New York Times egunkariko kritikariak sekula ikusitako «filmik perfektuenetako bat».

Baillieren bizimodua

Justu lan horrekin batera ikusi daiteke erakusketako azken aretoan J. P. Sniadecki zinemagileak propio Bilborako sortutako film dokumentala ere. Baillieren lagun izan zen Sniadecki, eta harekin konpartitutako momentu intimoak eta haren bizimodua erakusten ditu lanak: haren estudioa ikus daiteke, tartean, haren keinuak, haren hizkera, eta, are, baita etxea apaintzeko jarritako argazkiak ere; Apichatpong Weerasethakul ageri duen irudi bat ere tartean dela.

Erakusketarekin batera, zinema ziklo bat ere antolatu dute azaroaren 2tik azaroaren 30era bitarte. Hori batetik, eta bestetik, Azkuna Zentroko ordezkariek jakinarazi dutenez, Baillieren figurari eskainitako argitalpen bat ere kaleratuko dute aurki.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gaztetxo talde bat, atzo goizean, Durangoko Azokako ateak irekitzeko zain. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Galdera olde bat ateei bultzaka

Andoni Imaz

Ehunka gazte izan dira Durangoko Azokako Ikasle Goizean, eta haiek ekarri dituzte azokaren itzulerako lehen pilaketak. Kontzertuetan eta tailerretan ere parte hartu dute gazteek
Aurten, 248 erakusmahai jarri dituzte guztira Landako gunean, eta 930 nobedade daude bertan salgai. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eta azkenik argia?

Itziar Ugarte Irizar-Iñigo Astiz

Itxaropentsu daude liburu eta disko saltzaileak aurtengo Durangoko Azokak har dezakeen itxurarekin. Azken bi urteak gorabeheratsuak izan direla diote, eta izan da 2020. eta 2021. urteak «hekatonbetzat» jo dituenik ere
Atzoko irekiera ekitaldiko irudietako bat. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Nerea Mujika: «Bi urte beldurgarriren ondoren, ospakizun garaia iritsi da»

I. Astiz

Gerediaga elkarteko kideek eta ordezkari politikoek «poza» adierazi dute irekiera ekitaldian, Durangoko Azokak ohiko itxura berreskuratzeagatik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...