Durangoko 53. Azoka. Gogoetaren Plaza

«Sortzailea desagertu zen»

Josu Goikoetxea gidari, guraso eta sortzaile izateak eragiten dizkien gorabeherez aritu dira Katixa Agirre idazlea, Birkit musikaria eta Dani Fano komikilaria.

Josu Goikoetxea idazlea, Katixa Agirre idazlea, Birkit musikaria eta Dani Fano ilustratzailea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Durango
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Gurasotasuna lantzen duen liburu bat aukeratzeko eskatu die Josu Goikoetxea idazleak aurrean dituen hiru sortzaileei. «AEBetako Nathaniel Hawthorne idazlearen Twenty Days with Julian & Little Bunny by Papa». Liburua eta zergatia, jarraian azaldu ditu Katixa Agirre idazleak. «XXI. mendean kokatuta dago, eta Hawthorneren egunerokoa da. Egilearen emazteak 20 egun egin zituen etxetik kanpo, eta haurrarekin utzi zuen aita. Irakurtzean ohartzen zara, egun horietan, dena dela sorpresa haren aitarentzat, hark ez duelako, aurretik, bere haurra inoiz zaindu». Eider Rodriguezen Bihotz handiegia (Susa) aukeratu du Birkitek. «Ipuin guztietan lantzen du gurasotasunaren auzia: alaba onartzen ez duen ama; amak onartzen ez duela sentitzen duen alaba, edo amatasunari uko egin, eta mioma haurra balitz bezala zaintzen duenaren istorioa». Irri egin du Dani Fano ilustratzaileak. «Endogamiko geratuko da, akaso, baina nik ere Eider Rodriguezen liburu bat aukeratuko dut: Santa Familia [Elkar]». Guraso eta sortzaile izatearen ertzei buruz jardun ziren atzo hirurak, Durangoko Azokako Gogoetaren plazan.

Solasaldia gidatzeko lanetan, hasieratik bertatik jarri die puntua Goikoetxeak. «Zergatik gai hau orain?». Azken urteetan gero eta gehiagotan aipatzen den kontzeptua ekarri zuen hizpidera: zaintza. «Zorionez, feminismoak gogoeta ekarri du sorkuntza eremura ere». Nola bizi dute, baina, euskal sortzaileek gurasotasuna? Agirreri zuzendu zaio Goikoetxea, Amek ez dute (Elkar) amatasunari buruzko lana argitaratu baitu berriki; eta idazkuntza prozesuan bigarren aldiz erditu baita. «Ama zarela eta idazlea ere bazarela erakusteko erronka bat dago liburuaren atzean?». Argi jaurti du Agirrek: «Nik planteatzen dut gatazka baten moduan, hala bizi izan dudalako sarri. Ama izan zara, eta ezin duzu besterik egin, ez bada titia eman eta fardelak aldatu. Mundu isolatu horretatik atera, eta nire aurreko identitatea berreskuratzeko saioa da: aurretik ere banintzelako idazlea».

Erruduntasunaz

Birkitek alde batera utzi zuen sorkuntza haurrak izan zituenean, eta gaia landu du Emen azkeneko diskoan. Lan horretako abestietako batenhitzak irakurri dizkio Goikoetxeak, eta erantzun musikariak: «Ni desagertu egin nintzen: sortzailea desagertu egin zen. Haurraren aulkia eraman nuen denbora horretan ikusezina nintzela iruditzen zitzaidan. Sekulako amorrua eman izan dit horrek, eta amorruak eman zidan sorkuntzarako su hori». Autoafirmazio ariketa izan zela dio. Kontrakoa eragin ziola aitortu du Fanok, umorez. «Ni, haurra izan arte, ezezaguna nintzen nire eraikinean. Baina aulkitxoarekin azaltzean, aldatu egin zen egoera. Marrazkiak egiten dituen tipo arraroa izateari utzi nion, nonbait».

Galdera egin dio Goikoetxeak marrazkilariari. «Sentitu al duzu erruduntasunik, haurra bertan utzita, etxetik joan zarelako?». Miguel Marmol borrokalari komunista salvadortarraren bizitzaren eleberri grafikoa ondu du Fanok: Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Astiberri). Zortzi urteko sormen prozesua izan da, eta tartean izan du haurra. «El Salvadorrera ere joan behar izan dut haurra etxean utzita. Penaz bizi izan dut, zerbait galtzen ari zaren sentipenarekin». Juan Luis Landa ilustratzailea lagun duela, eta hark emandako gomendioari segika dabilela dio Fanok. «Semearen hazkuntza ez galtzeko esan izan dit askotan, eta, lana albo batean utzita, haurrarengana jotzen dut maiz». Etxean lan egiteak lagundu dio horretan. «Horrek esan nahi du, gero, gauez egin behar duzula egun osoan albo batera utzitako lana, edo bestelako momentuak bilatu behar dituzula».

Erruduntasunaren auzira itzuli da Agirre; haren eleberri berrian lantzen den gaietako bat dela azpimarratu baitio gidariak. «Liburuan nabarmen azaltzen da amak erruduntasunez bizi duela haurrarengandik banatze hori». Goikoetxearen esana baieztatu du Agirrek. «Erruduntasuna eta liberazioa ere bai. Nik gogoratzen dut noiz egin nuen nire lehen gaua haurrik gabe: 2015eko maiatza izan zen, Zarauzko Literaturia jaialdian». Une horiez gozatzearen garrantzia azpimarratu du. «Egia da adi zaudela, etxean zer gertatuko, baina liberazio hori aldarrikatu nahi dut». Agirrerekin bat egin du Birkitek. «Bai, ados nago. Gai honi buruz gehiago hitz egin behar da, eta landu egin behar dugu. Emakume edo gizon izan, ez baita gauza bera».

Ekonomiari ere heldu diote: egitasmoak onartu ala ez erabakitzeko orduan, haurrak izatea zama den edo ez. Generoaren prismatik heldu dio Agirrek gaiari. «Amei onartzen zaie haurrak haurtzaindegian uztea, soldatapeko lana egiteko baldin bada. Baina sormen lanerako umeak beste nonbait uztea; lan produktiboa ez dena egiteko baldin bada, ez da horren ondo ikusten». Bere bizipenetatik aritu da. «Nik eszedentzia hartu nuen haurra izan ondoren. Berez, idazteko zen, baina ez nuen guztiz argi esaten. Iradokitzen nuen umea zaintzeko zela, nire barrenak esaten baitzidan egiten ari nintzena ez zegoela guztiz ondo. Hor, gatazka pertsonala dut».

Gizartearen aurreiritzien indarra aipatu dute hiruek. Birkit: «Nolanahi ere, nik nabari dut gauzak aldatu direla, eta gizonak ere hasi direla kontzientzia hartzen. Lan ordutegiak ere hor daude. Muga bat dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.