Argazkilaritza

Atzera begirako poetika

Antton Elizegik 52 urtez ondutako argazki funtsa eman dio dohaintzan Donostiako San Telmo museoari. Natura, arkitektura eta etnografiari lotutako lanek osatzen dute

SAN TELMO MUSEOA.
Donostia
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
1954. urtean atera zuen Antton Elizegik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1938) bere lehen argazkia: Nire arreba Malu. Ordutik, 45.000 dokumentu baino gehiago bildu ditu afizioz egindako ibilbidean, eta euskal gizartearen erretratua egiten du haren artxiboak. Diapositibek, negatiboek, RC paperean egindako argazkiek, liburuen maketek eta koadernoek osatzen dute bilduma. Argazkilariak Donostiako San Telmo museoari eman dio dohaintzan bere argazki funtsa, irudi horien iraupena bermatu eta publikoaren eskura uzteko asmoz.

«Dena esanda daukat, argazkitan», dio Elizegik. 1961ean hasi eta 2013ra bitartean ateratakoak dira artistaren bilduma osatzen duten argazkiak. Inongo helburu zehatzik gabe, motibazio intimo batek bultzatuta hasi zen Elizegi argazkilaritzan. Irudi guztien agertokia Euskal Herria da, eta ingurune horren adierazle diren gaiak ukitzen dituzte bere argazkiek. Naturak presentzia handia du bere lanean; paisaia berdeek, enborrek eta belar metek osatzen dute bere bildumaren zati handi bat. Arkitekturari ere erreparatzen dio argazkilariak: baserri hutsek, Arantzazuko santutegiak eta arkitektura erromanikoak indar handia dute. Etnografia, artisten edo familiako kideen erretratuak eta irudi poetikoak ere aurki daitezke bildumako argazkien artean.

Maria Jose Aranzasti arte historialaria eta erakusketetako komisarioa da, eta gertutik ezagutzen ditu argazkilariaren lanak. Elizegiren irudiek «desagertzear» dagoen mundu bati «nostalgiaz» begiratzen diotela azaldu du: «Bere argazkiek denboraren joanaren konnotazio interesgarri batdute». Argazki zuri-beltzak nagusi, kontraste handiko lanak egiten ditu. Sinbolismoa eta lirismoa jasotzen dituzte, tonu ezberdinak konbinatuta. Bere lanetan garapena eta aldaketa ditu mintzagai; Euskal Herriko hiriek eta landa eremuak jasan dituzten eraldaketak jasotzen ditu, esaterako, Perratoki edo Plásticos de Larrekotxe (Larrekotxeko plastikoak) argazki serieetan.

Jon Insausti Donostiako Udaleko kultur zinegotziak belar meta batekin konparatu du Elizegiren ibilbidea. Argazkien bidez «ondarea metatu eta ondo zaindu» duela nabarmendu du: «Gaur egun, metak ez dira ikusten, eta, horregatik, euskal gizartea eta gure historia ulertzeko Elizegik metatutakoa oso garrantzitsua da, aurrera begira, gazteek jakin dezaten zein izan den lehengo garai hori». Susana Sotok, San Telmo museoko zuzendariak, bilduma horrek museoari egin dion «ekarpen izugarria» nabarmendu du; izan ere, argazkilariaren edukiak museoaren helburuarekin bat datoz, euskal gizartearen hainbat garaitako irudia jasotzearekin, alegia. Horrez gain, ondarea eraikitzeko «funtsezko» piezak direla gehitu du.

52 urte argazkitan

Bere aitaren Kodak kaxarekin hasi zen Elizegi argazkiak ateratzen. Argazkilaritzaren inguruko ezagutza Laborde Hnos. enpresan (Andoain, Gipuzkoa) eskuratu zuen, Antonio Olabek argazki laborategian emandako prestakuntza medio. 1970eko hamarkadan egin zuen bere lehen seriea, Alkizan (Gipuzkoa), Juan Luis Goenagarekin batera: Txorimaloak. Ibilaldi bat egiten ari zela, enbor batean zizelkatutako aurpegi bat izan zuen inspirazioaren iturria.

Geroago, 1976an, Sustraietan lana plazaratu zuen. Aranzastiren ustez, «ikusteko baino gehiago, irakurtzeko» sortutako lana da; izan ere, argazkiak eta poemak uztartzen ditu. Lan horren bitartez, argazkilaritza «dar-dar estetikoa transmititzeko eta poemak sortzeko» gai dela erakutsi nahi izan zuen Elizegik. Serie horrek oihartzuna izan zuen, eta, pixkanaka, bere izena ezagun bihurtu zen. 1985ean, Harriz harri bilduma sortu zuen, eta, horretarako, Nafarroako arte erromanikoari erreparatu zion. Izaera plastikoa duten irudi zuri-beltzek osatzen duten bilduma da.

Urte luzez, argazki serieak egiten jarraitu zuen Elizegik; denak, Aranzastiren esanetan, «atzera begirako poetikaren barruan». Jose Luis Zumeta margolariak Usurbilen (Gipuzkoa) egindako muralari, Ur taldeari zein Amezketako (Gipuzkoa) Aste Santuari buruzko erreportajeak bildu ditu urteotan, baita zenbait artistaren erretratuak zein beren obren irudiak ere. Horien artean, ezagunena, Arantzazuko santutegiko fatxadan Jorge Oteizak egindako apostoluen argazki bilduma da. Horiez gain, kartelak eta egutegiak ere egin izan ditu, eta hainbat liburu eta katalogotan ere egin ditu kolaborazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.