Albistea entzun

Gavron, Szumowska eta Winters, Zinemaldiko Sail Ofizialean

Sonthar Gyal, Gonçalo Waddington eta Alice Winocourren lanek osatu dute Urrezko Maskorra lortzeko hautagai diren filmen zerrenda. Hamazazpi film izango dira lehian
Malgorzata Szumowskak <em>The Other Lamb</em> aurkeztuko du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Malgorzata Szumowskak The Other Lamb aurkeztuko du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2019ko abuztuak 23 - Donostia

Donostiako 67. Zinemaldia abiatzeko hilabete eskas gelditzen denean, osatuta gelditu da Sail Ofizialean parte hartuko duten filmen zerrenda. Atzo eman zuten antolatzaileek Urrezko Maskorra lortzeko aukera izango duten beste sei filmen berri, eta, horrenbestez, aurretik iragarritako beste 11 batuta, hamazazpi izango dira zinemaldiko sari nagusia irabazteko hautagaiak. Honako hauek dira atzo iragarritako filmak: Lhamo and Skalbe (Sonthar Gyal, Txina), Pacificado (Paxton Winters, Brasil), Patrick (Gonçalo Waddington, Portugal-Alemania), Proxima (Alice Winocour, Frantzia-Alemania), Rocks (Sarah Gavron, Erresuma Batua) eta The Other Lamb (Malgorzata Szumowska, Irlanda-Belgika-Polonia-AEB). Zinema jaialdia irailaren 20an hasiko da, eta 28an amaitu.

Donostiako Zinemaldiak aspaldi egina du zinemagile gazteen edo ez oso ezagunen aldeko apustua, eta aurtengo Sail Ofizialak ere agerian utziko du erabaki hori, nahiz eta bertan parte hartuko duten zenbait zuzendarik beren bidea egin duten areto komertzial zein zinema jaialdien bitartez.

Horietako bat da Sarah Gavron (Erresuma Batua, 1970), 2007an Donostian bertan Zuzendari Berriak atalean Brick Lane bere lehenengo filmarekin lehiatu zena. Orain dela lau urte, Suffragette mugimendu sufragistari buruzko film laudatua estreinatu zuen, eta, oraingoan, berriz, Rocks aurkeztuko du Donostiako lehian. Theresa Ikokok eta Claire Wilsonek idatzi dute gidoia, eta nerabe baten istorioa kontatzen du: neba txikiarekin bakarrik bizi da, agintariek horren berri izanez gero bananduko ote dituzten beldurrez.

Zinemaldien ibilbidea ondo ezagutzen du, bestalde, Sonthar Gyalek (Tibet, 1974). Locarnon lehiatu zen bere lehenengo filmarekin (Dbus lam gyi nyi ma / The Sun Beaten Path, 2011) eta Berlinen, berriz, bigarrenarekin (Gtsangbo / River). Iaz, Ala Changso egin zuen, eta Shanghain epaimahaiaren sari berezia eta gidoi onenaren saria eskuratu zituen lan horri esker. Lhamo and Skalbe film berrian, iraganeko kontuak direla-eta ezkondu ezin den bikote bat da protagonista.

Locarnon eta Berlinen lehiatutakoa da Malgorzata Szumowska ere (Krakovia, Polonia, 1973). 33 sceny z zycla (2008) filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Suitzako jaialdian, eta Eastern Promises atzera begirakoan parte hartu zuen Donostian. 2015ean, Cialo (2015) zuzendu, eta Berlinen zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza eta Europako Zinema Sarietan publikoaren saria irabazi zituen. Iaz, berriz, Berlingo epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen Twarz / Mug (2018) filmari esker. Donostian aurkeztuko duen The Other Lamb filmean ere nerabe bat da ardatza: erlijio alternatibo baten jarraitzaile sutsua da.

Cannestik Donostiara

Alice Winocour zuzendari frantziarrak (Paris, 1976), bestalde, Cannesko jaialdia izan du orain arteko erakusleiho nagusia. Han aurkeztu zituen bere lehen bi filmak: lehena, Augustine, Kritikaren Astean (2012), eta bigarrena, Maryland / Disorder, Un Certain Regard sailean. Gainera, Deniz Gamze Erguvenen Mustang filmari esker, jatorrizko gidoi onenaren Cesar saria irabazi zuen. Proxima-n, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko den filmean, Matt Dillon eta Eva Green zuzendu ditu; hain zuzen, zazpi urteko alabarekin bakarrik bizi den astronauta bat da Green.

Paxton Wintersek Crude (2003) filmarekin egin zuen debuta, eta Seattlen eta Los Angelesen (AEB) saritu zuten. Pacificado-n nerabe baten eta espetxetik atera berri den trafikatzaile baten arteko adiskidetasuna kontatu du, Brasilgo Olinpiar Jokoetan favelen gainean ezarritako polizia-kontrola harturik testuingurutzat. Winter zazpi urtez aritu da Morro dos Prazereseko komunitatearekin elkarlanean Pacificado sortzeko; hala, barrutik, hiriko gudu zelai aldakorrean bake bila ari den familia baten erretratu indartsua egin du.

Azkenik, Patrick Gonçalo Waddington (Lisboa, 1977) aktoreak zuzendu duen lehenengo filma da. Mario, 1999ko udaberrian Portugal erdialdean bahitutako 8 urteko mutil bat, Parisko espetxe batean agertuko da hamabi urte geroago. Desagerraldiak sekretu lazgarri bat eta pertsonaia misteriotsu horren konplexutasun guztiak ezkutatzen ditu.

Sei film horiekin, osatuta gelditu da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala. Honako hauek dira Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren gainerako zuzendariak: Alejandro Amenabar (Mientras dure la guerra), Louise Archambault (Il pleuvait des oiseaux), Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (La trinchera infinita), James Franco (Zeroville), Belen Funes (La hija de un ladrón), Roger Michell (Blackbird), Guillaume Nicloux (Thalasso), Jose Luis Torres Leiva (Vendrá la muerte y tendrá tus ojos), Ina Weisse (Das Vorspiel), Adilkhan Yerzhanov (A Dark-Dark Man) eta David Zonana (Mano de obra).

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Aurtengo taldekako Xilabaren aurkezpen prentsaurrekoa joan den irailaren 5ean, Baionan, Biltxokon. ©Guillaume Fauveau

Bihar abiatuko da taldekako Xilaba, Iparraldeko bertsolari txapelketa

Berria

Ipar Euskal Herriko lurralde bakoitzetik talde bat osatu da gutxienez. Taldeak, bertsolariz ez ezik, gai emaile eta epaile lanetan arituko diren kidez ere osatuak dira.

Guggenheim Urdaibai Stop mugimenduaren agerraldia, joan den ekainean, Gernika-Lumon. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Guggenheim Urdaibai Stop Ekojaia egingo dute larunbatean Ibarrangelun

Olatz Enzunza Mallona

Bildutako dirua prozesu judizialetako gastuetara bideratuko dute.

Nafarroako Edizioaren Azoka ©Iruñeko Udala

Nafarroako Edizioaren Azoka egingo dute irailaren 27tik urriaren 1era

Miren Mujika Telleria

Hamabost erakusmahai izango dira azokaren VII. aldian. Editargi saria banatuko dute lehenengoz

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hitza emateari ez zaio beldurrik izan behar»

Mikel Lizarralde

Donostiako 71. Zinemaldiak zinemaz gozatzeko aukera handiak emango dituela uste du, eta berehala apalduko dela 'No me llames Ternera'-ren gaineko eztabaida.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...