Hamaika ezpal elektroniko

Revolta Permanent taldeak laugarren diskoa sortu du, raparen, metalaren eta musika elektroniko eta industrialaren bidegurutzean. 'Lobotomiak' deitu dute lana
Revolta Permanent taldeko kideak, Bilbon, <em>Lobotomiak</em> diskoa kaleratu eta aurkeztu berritan ateratako argazkian.
Revolta Permanent taldeko kideak, Bilbon, Lobotomiak diskoa kaleratu eta aurkeztu berritan ateratako argazkian. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iñigo Astiz -

2019ko azaroak 6
Aitor Abio musikariak nabarmen zalantza eginez abiatu du Revolta Permanent taldearen estiloa definitzeko saiakera. «Musika elektronikoaaaa...». Eta segundo bakar baten ostean ohartu da, hain justu, zalantza horretan bertan zegoela erantzuna hasieratik. «Musika elektronikoaaaa, igual horrela, lau a-rekin». Erabat itxi gabe. Nahita. Izan ere, musikariaren hitzetan, Revolta Permanenten kasuan oinarri elektroniko horrek lekua uzten die hip-hopari, musika industrialari, metalari, eta baita trap «tantatxo» batzuei ere. Gainera, orain arte baino ahots melodikoagoak sartzen ausartu dira Iker Villa eta Iker Aginaga abeslariak, eta osagai horiek guztiak uztartuta osatu dute laugarren diskoa: Lobotomiak (Baga-Biga).

Hasieratik izan dute buruan lobotomiaren kontzeptua; ideia horri tira eginez sortu dute musika, eta hortik dator titulua ere. Aginagak azaldu du zergatik: «Lobotomia praktika mediku bat izan zen, zeinaren bitartez saiatzen ziren sendatzen gaixotasunak, eta baita gaixotasunak zirela uste izan arren gaixotasunak ez direnak ere. Eskizofrenia, antsietatea eta depresioa, edo berdin homosexualitatea eta komunismoa ere». Praktika hark AEBetako gizartean izan zuen eragina gehienbat, eta, abeslariak esan duenez, «arriskutsutzat» jotako ideiak ezabatzea zen helburua. «Gure gizartean ere, gaur egun, hemen, lobotomia horiek, nolabait, egiten dira oraindik ere». Eta ideia horren ezpalak dira diskoko hamaika abestiak.

Laukote formatuan hasi zuten ibilbidea, 2014an: Villa eta Aginaga rapean eta kantatzen, Mikel Becerra gitarra jotzen, eta Abio teklatuak eta sintetizadoreak sartzen; 150 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte horrela. Hasieratik izan zuten bateria jotzaile bat gehitzeko gogoa ere, eta horretarako batu zaie orain Guille Peña. Bi kontzertu egin dituzte harekin, eta diskoan ere gehitu dituzte bateria akustikoak; eta horrek ere «puntu bat» ematen diola uste dute.

Nabarmena izan da taldearen garapen musikala ere. Hasieran, rap kutsuko pasarteak ziren nagusi ahotsetan, adibidez, baina ahots melodikoak indarra hartuz joan dira, eta diskoa aurkezteko aukeratu duten R abestia da horren erakusle. «Revolta Permanentekin hasi ginenean, 17 urte genituen Ikerrek [Villak] eta biok», azaldu du Aginagak. «Pixkanaka haziz joan garela sentitzen dugu, eta gero eta gauza gehiago egitera ausartzen gara; horregatik daude, adibidez, gauza berezi eta landuago horiek R kantuan». Villak oharra gehitu dio azalpenari: «Aldiro esaten dugu gauza bera, baina gure diskorik helduena da hau».

Hirugarrenez hil da jainkoa

«Aitor [Abio] da gure zuzendari artistikoa», aitortu dute bi abeslariek. Zehaztu dutenez, ez ditu Abiok bakarrik hartzen erabakiak, baina haren ekarpena funtsezkoa da taldearentzat. Hark sortzen ditu abestien oinarri instrumentalak, hark gidatzen ditu kantak norabide batean edo bestean, eta hark egin ditu grabazio lanak ere Gaua estudioan. Besteak beste, Matxura eta PiLT taldean aritua da aurrez Abio, eta ibilbide hori ere presente izan du diskoa sortzean. Hortik dator azken kantaren titulua: 3.1416. PiLT taldearekin sortutako Hil da jainkoa abesti ezagunaren bertsio bat egin du Abiok diskoa ixteko. «Matxura taldearekin egin genuen moldaketa bat, oso era zikinean eta azkarrean, eta hau beste era batera egin dugu».

Diskorako egindako ekoizpen lana nabarmendu du Abiok, eta, zehaztu duenez, horri esker da diskoa aldi berean taldearen lanik melodikoena eta zikinena. «Nahiko borobila gelditu zaigu», esan du.

Bi kolaborazio ere badituzte diskoan. Ahotsa jarri du Aritz Mendiola aktore eta abeslariak Adikzio berri bat abestian, eta Maria Redondo abeslari eta aktorearenak dira Garrasi abestiaren hitzak eta emakumezko ahotsa. Bi sortzaileak aritu izan dira ETB telebista kateko Go!azen programan parte hartzen Villa abeslariarekin batera.

Ritxi Aizpuru Baga-Biga etxeko musika ekoizleak diskoa entzutera gonbidatu zuten eguna hartu du gogoan. «Badakit Abio nondik datorren, eta hor daude PiLT eta Matxura, eta badakit Revolta Permanent ere Herri Oihua taldetik datorrela, baina kantak entzun, eta ikusi nuen hemen musika industrial pila bat dagoela, eta elektronikaz blai dagoen disko bat dela». Eta egin du bere definizio propioa: «Rap elektronikoa eta industriala». Eta hori esan ondoren gehitu du «metala» ere badagoela, baina beste elementu horien ostean. «Ez dute haiek ireki elektronikaren bidea, baina disko honek oso lerro zabalak eskaintzen dizkio musika horren aitortzari».

Morroiaren mendekua

Bideoklip bat ere sortu dute R abestiarentzat. Villak zuzendu du lana, eta Karmele Larrinaga eta Aitor Bildosola aktoreek jokatzen dituzte etxe garbitzailearen eta gizon boteretsuaren rolak. Morrontza egoeratik askatzen den zerbitzariaren mendekua kontatzen du bideoak. «Erru sentimenduari eskaini genion abesti hau, eta bideoan nahi genuen islatu gizon boteretsu baten posizioa, eta garbitzaile baten posizioa, eta azken horren matxinatzea».

Azaroaren 30ean egingo dute diskoaren aurkezpen kontzertua, Errenteriako Niessen kulturgunean (Gipuzkoa), eta Durangoko Azokan ere egongo dira, bai oholtzan, eta baita diskoak saltzen ere. «Desitan gaude kanta hauek zuzenekora eramateko, uste dugulako bereziki egokiak direla horretarako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna