Pentsatzaileentzako dantzaldia

Aizkorak Zorroztu eta Zazkel talde bilbotarrek bederatzi abestiko disko bat kaleratu dute elkarrekin: 'Ezpatadantza'. Hamaika iturri eta erritmotako abestiak biltzen ditu lanak

Zazkel taldeko kideak, diskoa aurkezteko bidalitako irudi batean. ZAZKEL.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Bat: RIP eta Eskorbuto. Bi: Delirium Tremens eta Zarrapo. Eta hiru: Kortatu, Cicatriz, Jotakie eta Kontuz Hi. Nork bere aldetik, baina bai Etxahun Arregik, Zazkel taldeko abeslariak, eta baita Ander Pikowskyk ere, Aizkorak Zorroztu taldeko abeslariak, biek zehatz-mehatz errepikatu dute 80ko hamarkadaren bueltako disko partekatu kuttunen zerrenda. Eta, hain zuzen ere, Aizkorak Zorroztu eta Zazkel taldeek amankomunean duten erreferentzia sare hori izan dute abiapuntu orain bederatzi abestiko disko zatikatua elkarrekin kaleratzeko: Ezpatadantza. Lehenik, Zazkelen lau abesti datoz; erdian, Kaki Arkarazok sortutako birnahasketa bat; eta gero Aizkorak Zorroztu taldearen beste lau. «Izaki pentsatzaileentzako dantza zorrotz eta basatia», hala laburbildu du Pikowskyk diskoaren esentzia.

Bi taldeak dira Bilbokoak, biek maite dituzte umorea eta doinu beltzak, biek dute Negu Gorriak taldearekiko zaletasuna, eginak dituzte kontzertuak elkarrekin, kolaboratu dute batzuek besteen abestietan, eta, beraz, bakoitzak ibilbide propioa izan arren, era naturalean heldu da elkarlana. «Musikak, hizkuntzak eta pasioak batu gaitu», azaldu du Pikowskyk. Horrek, eta baita aurrez aipatutako 80ko hamarkadako disko partekatuen zerrenda horrekiko miresmenak ere.

Aizkorak Zorroztu taldeak hiru disko ditu kalean, eta Pikowskyk dio «pop-punk-funk-tropikal-psikodelikoa» egiten dutela. «Gure musikan edozein erritmo sartzen da: Raphaela Carrarekin hasi, eta edonora. Klaustrofobiko samarra iruditzen zaigu musika estilo bakar baten barrura mugatzea. Musika guztia da musika, eta zoragarria da erritmo eta doinu guztiekin esperimentatzea».

Aizkorak Zorroztuk hirukote formatuan hasi zuen bidea, baina berehala hasi ziren musikariak gonbidatzen, et, trioa txiki gelditzen zitzaiela ohartzean iritsi dira egungo egoerara, abeslariak «orgia» izendatu duenera. Hasierako hiru kideek, bai, baina The Mia Wallace Band izenekoan bildutako bost musikariek ere osatzen dute taldea gaur egun. Guztiek batera egin dituzte kantak, eta horregatik sinatu dituzte elkarrekin diskoko abestiak: Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band. Zortzikotean.

Fermin Muguruzak jarri dio izenburua diskoari, Pikowskyk aholkua eskatuta. Aizkorak Zorroztu taldearentzat erreferente da musikaria, eta aurreko diskoan ahotsa ere jarri zuen, Piztia abestian. Baina ez da Muguruza bakarrik; oro har, Negu Gorriak osoa da itsasargia taldearentzat, eta horregatik disko erdian datorren Arkarazoren kolaborazioa. Iñigo Muguruza ere gogoan izan dute, gainera, eta aipamen bat egin diote diskoan.

Mikel Reparaz Aizkorak Zorroztu taldeko gitarra jotzailearen estudioan grabatu dituzte abestiak bi taldeek, eta bera aritu da teknikari lanetan.

Kritika eta umorea

Berez, Zazkel taldekoek laugarren diskoa prestatzea zuten buruan, baina disko zatikatuaren ideia agertu, eta, oraingoz, bertaneman dituzte argitara bidean zituzten lau abestiak. «Hitza sartu nahi baduzu, estiloa eklektikoa dela esan dezakezu», esan du irribarrez Etxahun Arregi abeslariak. Badira disco erritmoko pasarteak, afrobeat kutsua dutenak, The Clashen ukitu batzuk, funk aireko gitarrak, sintetizadoreak, elektronika... Eta umorez egindako kritikak kantuen hitzetan. «Ganberrotasuna gure egunerokoan txertatuta dago, eta diskoa ezin zen bestelakoa izan», onartu du.

Durangoko Azokan jarriko dituzte disko fisikoak salgai. Gaur Youtuben zabalduko dute osorik, eta larunbatean egingo dute diskoa aurkezteko kontzertua Bilboko Zazpi Katu gaztetxean. Talde bakoitzak bere emanaldia egingo du, baina elkarrekin ere arituko dira noizbait.

KONTZERTUA

Larunbata. Bilboko Zazpi Katu gaztetxean, Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band eta Zazkel, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.