Noiz sortua: 2020-03-27 00:30:00

Isilpeko lanaren zaindaria da

Ligaren geldialdiak Aritz Elustondoren une ona eten du. Atzelariak min hartuta igaro ditu zenbait aste, eta, osatu ostean, atzeko lerroaren jabe egin da, eremu hori indartuz.
Aritz Elustondo, denboraldi honetan, Anoetan, Valladoliden aurka jokatutako partidan.
Aritz Elustondo, denboraldi honetan, Anoetan, Valladoliden aurka jokatutako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2020ko martxoak 27
Taldeko kirol guztietan, kide bakoitzak rol bat du. Izan aurrez definitua, izan denboraren poderioz lortua, baina bakoitzak izan ohi du bere egitekoa zelaian duen kokapenaz harago. Zelaian ere ondo banatuak daude egitekoak: aurrelariak dira distira gehien dutenak, jokaldirik ikusgarrienak egitearen arduradunak.

Alabaina, talde bat sailkapenaren goialdean egoteko ezinbestekoa da erasoko jokalariak atzeko lerroarekin orekatuta aritzea. Isilpeko lanak, sarri, garrantzi handiagoa du erregulartasuna mantentzeko orduan. Realean, zeregin horien zaindari lanak egiten ari da Aritz Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1994). Atzelaria grinaren irudia da, eta defentsako lanean pisu handiko jokalaria. Taldeari segurtasuna ematen dio une onean denean.

Izan ere, beasaindarrak nahi baino gutxiago jokatu du sasoi honetan, baina ez da izan Imanol Alguacilek kutunen zerrendatik kendu duelako. Min hartuta egon da zenbait astez, eta horrek zelaietatik urrundu du. Nolanahi ere, Osasunaren aurka jokatutako Espainiako Kopako partidan berriz aritu zenetik lekua egin du, eta taldeak eskertu egin du haren lana.

Liga eten aurretik Realak jokatu zuen azken-aurreko neurketan —Bartzelonaren aurkakoan—, ez zen zelaian izan, arazo fisikoak izan zituelako aurreko egunetan. Ipuruan, ordea, aritu zen, eta, aurreko neurketatan bezala, haren parte hartzea gakoa izan zen taldeari sendotasuna eman eta atzeko lerroa indartzeko.

Txapelketaren etenak sasoiko unerik onenean harrapatu du Reala. Txuri-urdinak laugarren postua eskuratu berri ziren ligan, eta irauli du 2019. urte amaieran eta 2020.aren hasieran atzeko lerroan izandako bolada eskasa. Abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran gol asko sartu zizkioten Donostiako taldeari, eta, horren ondorioz, emaitza txarrak izan zituen.

Hain justu, Elustondoren itzulerak eten egin zuen kalteko bolada hori, eta itxi egin zuen Alex Remiroren atea. Atezain nafarrak bi gol besterik ez ditu jaso azken hilabetean. Azken bi partidetan ikusi du bere atea zulatuta, eta bi kasuetan penaltiz sartu zizkioten golak. Bartzelonako Leo Messik egin zion bata, eta Eibarreko Charles Diasek bestea. Bigarren partida hartan hasieratik aritu zen Elustondo.

Beasaingo atzelariak bere taldekideek baino batezbesteko hobea du denboraldi honetan eskuratutako garaipen kopuruari dagokionez. Ligan jokatu diren 27 partidetatik hamahirutan aritu da Elustondo. Partida haietatik zortzi irabazi ditu Realak, bakarra berdindu, eta gainontzeko laurak galdu. Aldiz, haren parte hartzerik gabe jokatutako beste hamalau norgehiagokatan porroten kopurua antzekoa izan bada ere (bost), berdinketen kopuru handiagoak (hiru) desorekatu du balantza. Elustondoren faltan, Realak sei partida irabazi ditu, atzelaria zelaian zela baino bi gutxiago.

Realak 1,7 puntu pilatu ditu batez beste partidako, baina, Elustondok jokatu dituen neurketak kontuan hartuta, 1,92 puntura igotzen da zifra. Datu hori liga oso batera luzatuz gero, 72,9 puntu lirateke, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko behar den batezbestekoa. Azken sasoietako datuekin kalkulua eginda, talde batek 66 puntu pilatu behar ditu Europako txapelketa gorenerako sailkatzeko.

Bidea urratuz

Elustondo jokalari finko bilakatu da entrenatzaile ezberdinen hamaikakoetan orain bost urte debuta egin zuenetik. David Moyesen aginduetara egin zuen estreinakoa, eta ordutik egin du lekua taldean. Hala, joan zen otsailaren 9an Athleticen aurka jokatutako partidan (2-1), ehungarren partida jokatu zuen elastiko txuri-urdinarekin, eta jadanik taldeko kapitainetako bat bilakatu da. Leganesen aurka jantzi zuen besokoa azkeneko aldiz.

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek Sanchez babestu du, baina uste du hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna