Iruindarren eguneroko ezlekuak

Xabier Celestinok erakusketa bat osatu du lanerako bidean ikusten dituen eszenetatik abiatuta sortutako margolanekin. Iruñeko Katakrak aretoan dago ikusgai

Xabier Celestinoren 7:40 serieko margolan batzuk, Katakraken. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Egunero zeharkatzen ditugun tokiak, beste norabait joateko bideak, beharrezkoak izan arren, berezko izaerarik ez dutenak. Halakoak dira ezlekuak: leku ez diren lekuak. Izan daitezke kaleak, korridoreak, geltokiak... Esateko ezer ez dutela dirudien arren, halako gertalekuak inspirazio iturri bilakatu ditu Xabier Celestino Muñiz (Iruñea, 1975) margolariak bere proiektu berrian: egunero lanerako bidean igarotzen dituen tokiak fotografiatu ditu, eta, ondoren, margotu, «egunero errepikatzen diren une errepikaezinak» artelan bihurtzeko. Emaitza erakusketa txiki bat da, eta Iruñeko Katakrak aretoan dago ikusgai.

Celestinok Iruñeko Arte Eskolan lan egiten du, eta urte hasieran, hainbat egunez, argazkiak egin zizkien egunero bidean begien aurrean izaten zituen tokiei —Nafarroako Blanca plaza, Nafarroa Behereko etorbidea, Intsumisioaren plaza, autobus geltokia, hiri garraioko markesinaren bat...—, eta baita handik pasatzen ari ziren hiritar anonimoei ere. «Sakelako telefonoarekin egiten nituen argazkiak, erakusteko nik zer ikusten dudan, munduari nola begiratzen diodan», azaldu du artistak. Bidea goizean goiz egiten du, eta orduan oinarritu da erakusketari izena jartzeko: 7:40.

Momentu iragankor horiek koadroetan jasota, «beste bizitza bat» eman nahi diela azaldu du: «Batzuetan, egiten dugu argazkiren bat halako tokietan, eta gero ezabatu egiten dugu. Askotan, ez ditugu irudi horiek berriro ikusten, baina esango nuke halako denbora mozketak egiten ditugula denbora luzatzeko; nik, argazki horiek margotzean, beste bizitza bat eman nion denbora horri, margotu bitartean han egongo banintz bezala».

Formatu txikiko margolanak dira gehienak, Celestinok beti hala egiten dituelako lehenik, zirriborro moduan, azkar, «funtzionatzen duten edo ez» ikusteko, eta gero batzuk tamaina handian erreproduzitzeko. Katakraken ikus daitezkeen koadroen artean bi handi daude, biak eszena bera erakusten dutenak: hiru pertsona autobus geltokian, zain. Azpimarratu du tamainaren arabera aldatu egiten dela koadroak begiratzeko modua: «Formatu handiekin, ikusteko urrutiratu egin behar duzu; txiki hauek eskatzen dute hurbil egotea, eta ikusleak beste gauza batzuk bilatuko ditu koadroan: detaileak, nola dagoen egina... Horrela, beste harreman bat sortzen da ikuslearekin». Egun gailentzen den «gigantismoaren» aurrean, «txikitasuna» aldarrikatu nahi izan du, «eguneroko gauza txikiak: xehetasunak».

Mugimendua

Koadroak sortzeko olioa eta akrilikoa erabili du, taula gainean, eta berak egin du euskarria ere. Eszena ilunak dira guztiak, argi natural gutxirekin, argi artifizialarekin, eta, batzuetan, egun euritsuetan ateratakoak. «Joera dut euri azpiko eszenak egiteko, puntu erromantiko bat duelako, ikusgarria, zerbait berezia ematen diona».

Azkar margotutako koadroak dira, eta hori nabaritu dadin bilatu du: «di-da batean» eginda daudela, koadroek erakusten dituzten gertaerak ere azkar jazotakoak direlako. «Guztietan sumatzen da mugimenduren bat, izoztu nahi dudan une bat delako». Hala, denborarekin jolasten du: lotzen ditu irudikatutako eszenaren denbora eta hura irudikatzeko nahiz ikusteko denbora.

Ez da Celestinok bere margolanak Iruñean erakusten dituen lehen aldia. 2012an, 40 lanetik gora jarri zituen Ziudadelan, eta bost urte geroago, 2017an, toki berean erakutsi zituen bere lan berriak. Hala ere, beste toki batzuetako paisaiak margotu ohi ditu: Paris, Ipar Euskal Herria... Oraingo honetan, Iruñea irudikatu du, baina aitortu du koadroak ez zituela sortu toki jakin batean erakusteko asmoarekin. Behin seriea osatuta, ordea, iruindarrei erakusteko «beharra» sentitu du. «Norbaitek ikusten dituenean betetzen dira koadroak, eta, kasu honetan, Iruñean ikusgai jartzeak zentzu komunitarioa du: bertako komunitateari erakustea».

«Sentsazio batzuk transmititu nahi ditut, eta ikusleren batek konektatzen badu horrekin, barruan zerbait mugitzen edo ukitzen badio, edo, are gehiago, bere burua ikusten badu irudi hauetako batean, nahikoa eta sobera», laburbildu du. Iruindarrek orain dute aukera, beraz, Celestinoren 7:40 serieko margolanak sentitzeko eta zentzuz betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.