Hitzen bitartez mina lantzen

Irati Goikoetxeak 'Herriak ez du barkatuko' eleberria plazaratu du. Duela bi urte Igartza literatur beka irabazi ostean ondu du lana, eta indarkeriak eragindako mina hartu du ardatz

Irati Goikoetxea idazleak Herriak ez du barkatuko eleberria aurkeztu zuen atzo, online egindako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Mina ikusgarri eta ukigarri egiteko ahalegina da liburua». Irati Goikoetxea idazleak (Beasain, Gipuzkoa, 1984) «terrorismoak, indarkeriak, giza eskubideen urraketek eragindako minaz» hitz egin nahi izan du, eta horren emaitza da atzo online eginiko prentsaurrekoan aurkeztutako lana: Herriak ez du barkatuko. Igartza bekari esker idatzi du liburua; orain bi urte irabazi zuen CAF enpresak eta Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) Elkar argitaletxearekin batera antolatzen duten literatur lehiaketa. Urtebeteko idazketa prozesuan murgilduta egon eta gero, eleberri forman eraiki du kontakizuna.

Oihana da Herriak ez du barkatuko eleberriko protagonista nagusia. Duela 22 urte, ETAk aita hil zion, garondora tiro bat jaurtita. Zauria bizirik du oraindik ere, baina ez du inorekin gai horren inguruan hitz egiteko adorerik. Ezustean, hainbat biktimaren lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, eta berarekin bildu nahi duen galdetuko dio. «Min hori askatzera behartuko du Oihanak bere burua», azaldu du Goikoetxeak.

Idazlearen hitzetan, Oihana da kontakizuneko abiapuntua eta ardatza. Baina, hala ere, liburuan zehar beste pertsonaia batzuk tartekatuko dira. Horiek guztiak elkarri entzuten jarri nahi zituela adierazi du Goikoetxeak: «Pertsonaia guztiek pisu bera dute eleberrian, elkarri begira daude, baina aukeraketa bat egin behar izan dut, eta nahita aukeratu dut Oihanari espazio hori ematea».

Eleberria hirugarren pertsonan idatzita egon arren, Oihanaren «oso ondotik» kontatuta dago istorioa. Besteak beste, irakurlea pertsonaia horren tokian jartzea izan delako idazlearen asmoa. Era horretan, irakurlea «entzule aktibo» bihurtu nahi du Goikoetxeak: «Irakurleak mina ukitzea eta min hori ulertuz enpatia sentitzea lortu nahi dut». Oihanaren aitak izan ezik, gainerako pertsonaia guztiek izena eta abizena dute. «Memoria ariketa egiteko, beharrezkoa da izen-abizenez oroitzea, izenaren bidez izana ere oroitu daitekeelako, baina aitari izenik ez jartzea erabaki dut irakurleek beren aita irudika dezaten».

Mina gizartean azaleratzen

Gai minbera sentiberatasunez landu nahi izan du Goikoetxeak. Urtetan barruan gordetako kezkak, zalantzak eta hausnarketak azaleratu ditu kontakizunaren bitartez, eta bizi izandako hori guztia «askatzeko modu bat» izan dela nabarmendu du: «Gaia gogorra, iluna edo beltza izan arren, argitasun handiko liburua dela uste dut». Idazleak azaldu duenez, Euskal Herrian bizi izandako minak mahai gainean jarri nahi izan ditu, «alderdikeriarik gabe», eta ezberdinen arteko bizikidetza osasuntsuago bat lortzeko asmoz. Hala ere, edertasunarentzat tartea ere utzi du liburuan: «Edertasunari forma ematen saiatu naiz, ederrak garela sinesten dudalako eta edertasunak lagun dezakeelako pertsona edo gizarte bezala hobeak izaten».

Euskal literaturan gaiari askotariko ertzetatik heldu izan bazaio ere, minean eta biktimen sufrimenduan zentratu du kontakizuna: «Minari forma ematen, mina marrazten eta haren askatasuna aldarrikatzen saiatu naiz: minak irakurlea zipriztindu dezala lortu nahi dut».

Hiru zatitan banatuta dago liburua. Zehatzago esanda, bi zati eta gehigarri bat ditu. «Gehigarri hori, atzean joan ordez, hasieran agertuko da», ñabartu du idazleak. Bertan, gaia kokatzen da: testuinguru moduko bat ematen du. «Hasieratik irakurlearen begien aurrean jarri nahi izan ditut hari solte horiek; josi ezean gaiztotu egin daitezkeen hariak: memoria, elkarbizitza, ahanztura...».

Bestalde, Goikoetxeak azaldu du irakurlea «oso presente» izan duela idazketa prozesu osoan: «Irakurleak liburua besarkatzea nahiko nuke». Indarkeriak eragindako sufrimenduaz irakurleak hitz egitera eta eztabaidatzera bultzatzeko, liburua «tresna baliagarria» izatea nahiko luke idazleak: «Irakurlearengan eragin nahi dut, gure gizartean gai horren inguruan hitz egiteko beharra dagoelako». Hasieran gaiaren sakontasuna dela-eta kezkaren bat edo beste izan bazuen ere, «asko» gozatu du eleberria idazten: «Jolas polita izan da».

Bekaren bitartez idatzi duen liburua ez da Goikoetxeak argitaratu duen lehendabiziko lana. Aurretik, 2014an, Andraizea (Erein) ipuin liburua kaleratu zuen. Lanbidez, Bigarren Hezkuntzako matematikako irakaslea da, baina literaturaren munduan ere hainbat sari irabazitakoa da.

Igartza beka, martxan

Joxe Begiristain CAF enpresako Euskara arduraduna eta Leire Artola Beasaingo alkatea ere egon ziren atzoko aurkezpenean. Igartza sarien historian lehenengoz goierritar batek irabazi izanagatik «pozik» agertu ziren biak. Horrekin batera, aldi berria dagoeneko martxan dagoela jakinarazi zuten. Ekainaren 30era arte egongo da lanak bidaltzeko epea, eta, orain arteko baldintzei jarraituz, narratiba lanak aurkeztu behar dira, eta parte hartzaileek 35 urtetik beherakoak izan beharko dute.

Joan den urteko irabazlea Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea eta BERRIAko kazetaria izan zen, eta urtebeteko epea izango du bere lana idazteko. Iragarri zuenez, haurtzaroko sexu erasoen gaia landuko du eleberrian, eta jazoera horrek luzera begira protagonistari eragindako ondorioak jorratuko ditu kontakizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.