Albistea entzun

Filmak eta ikusleak, parez pare

Urtarrilean egitekoa zen Fipadoc nazioarteko dokumentalen festibala ekainaren 12tik 17ra izanen da, Miarritzen. 3. aldi honetako 155 filmen hautaketan pandemia baztertu egin dute
Maite Alberdi txiletarraren <em>El agente topo</em> dokumentaleko irudi bat. Fipadoc-eko nazioarteko lanen sariketarako hautatu dute.
Maite Alberdi txiletarraren El agente topo dokumentaleko irudi bat. Fipadoc-eko nazioarteko lanen sariketarako hautatu dute. FIPADOC Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko ekainak 10

Zailtasunak zailtasun, Fipadoc Miarritzeko (Lapurdi) film dokumentalen festibalak ez du hutsik eginen, ezta aurten ere. Profesionalei zuzenduriko egunak usaiako datetan egin zituzten urtarrilean, baina digitalki, osagarri krisiak hala manaturik.

Alta, publikoari begirakoa geletan eskaini nahi izan dute hastapenetik.

Hala, udaberrirat gibelatzea deliberatu zuten, neurrien eztitzeen menturan. Martxoko saiakerak huts egin zuen. Hondarrean, osagarri koiunturak bortak zabaldu dizkie zinemei. Eta Fipadoc indartsu heldu da hirugarren aldi honetara, 50 bat herritako 155 lan erakutsiko baitizkio publikoari bortz egunez: heldu den larunbatetik, hots, ekainaren 12tik 17ra.

Christine Camdessus Fipadoc festibalaren ordezkari orokorra «izugarri satisfos» da aurtengoa antolatu ahal izan dutelako: «2019an sortu zen Fipadoc, Fipa festibaletik. Xantza dugu, urte bakar bat ere ez baitugu huts egin. Publikoari begirako festibala ez genuen digitalki egin nahi. Pazientziari, kasko gogorkeriari eta pertseberantziari esker lortu dugu. Arras kontent gaude Miarritzeko Herriko Etxeak baimena eman baitigu».

Dokumentalak Miarritzeko lau gunetan emanen dituzte: Midi aretoan, Casino antzokian, Bellevue salan eta Royale zine gelan.

Orotariko gai eta giroko lanak dituzte erakutsiko bortz egunez: «Aniztasuna da gure parioa, eta zinezko historiak maite ditugu. Filmen hautaketa lan handia denez, publikoari erakutsi nahi genion kosta ahala kosta!», azpimarratu du Camdessusek.

Obra guziak ataletan banatu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, lau aitzin agerraldik hartuko dituzte pantailak, lehen lau egunetan. «Philippe Beziaten Indes Galantes dokumentala sekulako filma ederra da. Street dance ikusgarri izugarri ona», iragarri du Camdessusek. Edouard, mon pote de droite Laurent Cibienek egin dokumentalak Edouard Philippe Frantziako lehen ministroaren aldia du ardatz: «Boterearen gibelaldeak erakusten ditu». Jean Christophe Roseren L'Odyssée des jeux Olympiques eta Amine Mestariren Claude Sautelet, le calme et la dissonance dokumentalak ere estreinatuko dituzte.

Bestalde, familiei zuzenduriko atala izanen da aurtengo egitarauan ere, iaz «zinez arrakastatsua» izan baitzen. Sei film proposatuko dituzte, hala nola Remy Tezierren Quand baleines et tortues nous montrent le chemin, Quentin Domart eta Charlene Gravelen Sauvez Notre Dame, eta Vincent Lebrunen Cordes sensibles, zeinaren ondotik L.E.J. musika hirukoteak joko baitu.

Lekukoen lekukotasunak

Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren Caminho Longe dokumentala da etxeko bat: Casino antzokian emanen dute hilaren 12an, arratsaldeko bostetan. Europako filmen sailean lehiatuko da; «Miarriztarrak kontuan hartzen ditugu; beraz, bereziki haien intereseko filmak ere hautatu ditugu». Jokin Etxeberria donibandarraren Muak autoflow errealitate birtuala da bigarren euskal produkzioa. Smart sailean lehiatuko da, zeinetan saritzen baitituzte esperientzia digitalaren originaltasuna eta teknologiaren eta gaiaren arteko pertinentzia. Gisa honetako filmak Bellevue aretoan izanen dira ikusgai, ekainaren 13tik 16ra. Bertaratzen denak kontakizun interaktiboak, errealitate birtualeko lanak, 360 gradukoak eta ordenagailuan, tabletan edo smartphonean esperimentatzeko web serieak entseatzen ahalko ditu. «25 obra sinesgaitz dira», aitortu du Camdessusek. Sartzea urririk da; haatik, izena eman behar da. Festibalak sekulan baino ludikoagoa izan nahi du aurten, pandemiaren itzal beltzetik ihes egiteko: «Arras zaila da hautaketari kolore bakarra ematea, hain den askotarikoa. Hori bai, itxialditik eskapatu nahi izan dugu, eta hautaketan nahitara baztertu dugu COVID-19aren gaia. Dokumentalek oraingo problematikak lantzen dituzte, baina hori ez, non ez den film laburretan», zehaztu du Camdessusek.

Preseski, bortz film labur horiek eta haien egileak dituzte ikastetxeetara eraman zenbait astez: «Ikasleak azterketa betean dira garaiotan; beraz, ez zirenez jiten ahal, gu gara haiengana joan. 50 proiekzio egin ditugu», gehitu du ordezkariak.

Christophe Vindisen D'après Arnal, Itinéraire d'un crayon dokumentala ere «bertako» gisa sailkatu dute. Azken honek, Jose Cabrero Arnal marrazkilari errepublikazale espainiarraren ibilbidea kontatzen du, zeinak ihes egin behar izan baitzuen 36ko gerratik. Bertzeak bertze, Pif komikiko zakurraren aita izan zen.

Festibalen usaiako osagaiak ez du hutsik egin Fipadoc honetan ere: sariketak. Ekainaren 16an salatuko dute irabazleen zerrenda, Midi aretoan. Ondotik, bortz film laburrek eta L.E.J taldearen kontzertuak emanen diote bukaera gaualdiari.

Sari ugari

Lau dira banatuko dituzten sari nagusiak: musika, inpaktua, nazioartekoa eta frantses nazionala. «Mundu osoko 40 film lehiatuko dira, sail bakoitzeko hamar», xehatu du Camdessusek.

Aipagarriak dira Lucgaek Dweck eta Gregory Kershawen Truffle Hunters italiarra eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Dieudo Hamadiren Downstream to Kinshasa; Cannesko festibalean jada hautatuak izan diren hauek, nazioarteko sariketa nagusian lehiatuko dira Miarritzen.

Nagusiez gain, bertze hamar sari ere banatuko dituzte: arestian aipatu Smartez gain, film laburra, publikoarena, cine+, idazketa berria, europar gaztea, Pdfm, Erasmus+, Tenk eta Mitrani.

Egitarau osoa, sarreren salmenta eta izen ematea eskuragarri dira fipadoc.com gunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baita ozenki esan ere

Baita ozenki esan ere

Edu Lartzanguren

Gaur duela 30 urte, Gure Jarrera diskoa aurkeztu zuen Negu Gorriak taldeak. Haien bigarren diskoa zen, eta eurek sorturiko Esan Ozenki zigiluaren lehenengoa.

Peio Agirre, Damaris Pan eta Dario Urzay aurtengo saridunak, goizean egindako aurkezpenean, Bilboko Arte Ederren Museoan ©Aritz Loiola/ Foku

Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre dira 2021eko Gure Artea irabazleak

Amaia Igartua Aristondo

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Urzai; sorkuntza lana aitortu diote Pani, eta artearen dibulgazioan eginiko lana hartu diote aintzat Agirreri

Norman Foster 'Agravitas' proiektua azaltzen, 2019an ©Foku

Bilboko Arte Ederren Museoak 700 metro koadroko terraza bat izango du eskulturak erakusteko

Amaia Igartua Aristondo

Norman Fosterrek museoa zabaltzeko lehiaketara aurkeztutako proiektuak ez zuen jasotzen aire zabaleko eremurik; azken lanketetan, berrikuntza hori gehitu diote. Halaber, aurreikusi baino zabalagoa izango da erakusketa areto nagusia: 25 metrotik 29 metrora igaro da

Imanol Iribarren eta Peio Irigoien taldeko kideak. ©Gorka Rubio / Foku

Euskal kantuak latin jazzera eraman ditu Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak

Mikel Lizarralde

'Iri barrenetik' diskoa argitaratu du Imanol Iribarren pianista eta tronboi jolea buru duen zortzikoteak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.