Azala bakarrik eraldatuta

Gaur hasi eta igandera bitarte, Leioako Umore Azokak 39 konpainiaren ia ehun emanaldi eskainiko ditu. Iazko etenaldiaren ostean, udaberritik irailera pasatu dute jaialdia aurten

Umore Azokaren antolatzaileek joan den astean aurkeztu zuten aurtengo ekitaldia. BERRIA.
Inigo Astiz
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Dena aldatu, ezer ez aldatzeko. Leioako Umore Azokari ere malda gora joan zaio azken urte eta erdia. Kale arteek Euskal Herrian duten jaialdi nagusietako bat izan da historikoki, baina koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, bertan behera utzi zuten iazko deialdia, eta dataz aldatu behar izan dute aurtengoa ere. Nabarmen eraldatuko da argazki orokorra, gainera. Kalean eserlekuak jarrita antolatuko dituzte saioak, ikusle kopurua kontrolatuko dute, eta karpapean egingo dituzte emanaldi gehien-gehienak. Eta «esentzia mantentzea» da moldaketa horien guztien helburua, antolatzaileen hitzetan. Mamiari eusteko aldatuko du azala, beraz, XXI. Leioako Umore Azokak. Gaur bertan hasi eta igandera bitarte, Leioan (Bizkaia) 39 konpainiak parte hartuko dute, eta, guztira, ia ehun emanaldi eskainiko dituzte.

Euskal Herrikoak dira Leioan izango diren 39 konpainietako 22. Haien artean daude Hortzmuga, Deabru Beltzak, Hika, Malas Compañias, Maybe a Company, Proyecto Larrua, Trapu Zaharra, Haatik Dantza eta beste hainbat.

Aurten ez dute estreinaldirik eskainiko, halere. Salbuespena izango da hori ere. Urtez urte, euskal konpainiek maiz baliatu izan baitute Umore Azoka beren lanik berrienak estreinatzeko. Kontuan hartzekoa da, ordea, orain arte maiatzean antolatu ohi zela jaialdia, eta, aurten, berriz, irailean. Horregatik, jadanik aurkeztuak dituzten lanak eskainiko dituzte oraingoan Leioan.

Euskal konpainiez gain, bertan izango dira Espainiako, Belgikako, Portugalgo, Ukrainako, Kataluniako eta Galiziako taldeak ere.

Guztira, 400 proposamen inguru jaso dituzte jaialdiko programatzaileek, eta haien artean egin dute azken hautaketa. «Askotarikoa eta kalitatezkoa» da emaitza, antolatzaileen hitzetan. Izango dira, tartean, dantza saioak, zirku emanaldiak, magia saioak, txotxongiloak, clownak eta piroteknia ikuskizunak. Bederatzi gunetan antolatu dituzte guztiak: Errekalde plazan, Elexalde errotan, Udaletxeko plazan, Udaletxeko biribilgunean, Bulebarrean, Institutuan, Aldapa auditoriumean, Udondo pasealekuan eta Kandelazubietan. Beharrezkoa izango da maskara saio guztietan, iritsi ahala eseriko dute publikoa, eta eserleku guztiak bete arte bakarrik utziko diote jendeari sartzen.

Azoka profesionala

Jaialdi izatearekin batera, azoka ere izango da egunotakoa Leioan. Hainbat bilkura profesional antolatuko dituzte kale arteen sektoreko ordezkariek, baina emanaldi gehiago ixteko aukera ere eskaini ohi die jaialdiak konpainiei. Aurten, esaterako, 190 profesionalek eman dute izena. Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendariak aurreratu duenez, Portugalgo programatzaile bat ere gonbidatu dute, euskal eszena ezagutu dezan, eta euskal konpainientzako emanaldi gehiago lortzeko esperantzaz. Hain zuzen ere, Umore Azokaren alde profesional hori nabarmendu du Begoña Ibarra Bizkaiko Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak ere. «Sektorearentzako lehen mailako zita da Leioakoa, eta nazioarteko oihartzun handiko erakusleiho bat ere bai».

Iban Rodriguez Leioako alkateak jaialdia egin ahal izatea lorpena izan dela iradoki du. «Aurtengo jaialdia ez da izango ez konpainiarik gehien bilduko dituena, ez nazioartekoena, baina bereziena bai izango da, ziur, gainditu behar izan ditugun gorabeherengatik». Animoak pizteko ere balioko du jaialdiak, Rodriguezen ustez. «Herriko ekonomia pizteaz harago iristen da Umore Azokaren eragina; gure herrialdeko kultur sektorearentzako erreferente bat ere bada, eta, gaur egun, inoiz baino gehiago, baita gizartearen animoa berreskuratzeko modu bat ere».

Jaialdia osasun berme guztiekin egitea da antolatzaileen asmoa, eta horregatik eseraraziko dituzte ikusleak eta mugatuko dituzte eserleku kopuruak, besteak beste. Alkateak azaldu duenez, «erronka» teknikoa izateaz gain, «esfortzu ekonomikoa» ere bada jaialdia herriarentzat. «Inoiz ez dugu haren jarraipena zalantzan jarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.