Punk artea, Iruñeko kaleetan

Cabeza de Artista bikote artistikoak 'Acéphale' izeneko erakusketa ireki du Iruñeko Apaindu galerian. Iraganera atzera eginez, gogoeta sustatu nahi izan du

IñIGO URIZ / @FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gogoeta sustatzeko sortu dute Acéphale erakusketa Alfredo Murillok eta Patxi Aldunatek. Cabeza de Artista izeneko bikote artistikoa osatzen dute biek, eta Iruñeko Alde Zaharreko Apaindu galerian jarri dute ikusgai beren lana. «Erakusketa honetan atzera begiratu dugu, eta hausnarketa sakona egin dugu: nondik gatoz, nora goaz, nolakoak gara eta zergatik gara horrelakoak». Besteak beste, argazkiek, kamisetek, poltsek eta esaldiek osatzen dute ikusgai jarri duten bilduma, eta urriaren 28ra arte egongo da zabalik.

«Artistaren burua». Euskaraz, esanahi hori du bikotearen izen artistikoak, eta, hain justu, kontrako ideia adierazten duen frantsesezko hitza hautatu dute erakusketari izenburua jartzeko: Acéphale. Bururik gabea, alegia. Murillok izenaren jatorria azaldu du: «Beste pauso bat emateko eta ideia berriak sortzeko batzuetan burua moztu behar duzu». Duela 100 urte argitaratzen zen aldizkari baten izena ere bada Acéphale; fanzine modukoa. «Oso errebeldea, artearen kontra, gizartearen kontra... Eta espiritu hori gustatzen zaigu», esan du Aldunatek.

Hark 1990eko hamarkadan egindako argazki batzuk izan dira erakusketaren abiapuntua. Irudiak «oso potenteak» direla, eta «berez» mintzo direla dio artistak. Eta punk mugimendutik sortzen dutela gehitu du Murillok: «Gure artea edo lan egiteko mundua punk giroan oinarrituta dago». Aldunateren arabera, haien nortasunean errotuta dago ideia hori: «Gure artean beti agertzen da kultura prekarioa, pobrea, egin ezazu zuk zeuk filosofia».

Kapitalismoari kritika ere egin dio Aldunatek: «Anarkismoa eta punka negozio bihurtu zituzten, eta moda bat sortu zuten. Punka protesta egiteko modu bat zen, eta hori islatu nahi izan dugu». Horrez gain, sistemaren gorabeherak azaldu ditu Murillok: «Nahiz eta errebeldeak izan, harrapatu egiten zaitu sistemak, eta zurekin nahi duena egiten du. Artearen munduan gauza bera gertatzen da, merkatuak edo arte sistemak hurrupatu egiten zaitu».

Apaindu galeriako hormetan esaldi batzuk ageri dira, hala nola «Artea edo askatasuna» eta «Demokrazia edo artea». Murillok dio nahiago duela bi hitz horien artean sortzen den hutsunean gelditzea. «Hor askatasun handiagoa dago. Beti hautatu behar duzu beltza edo zuria; baina grisak zer? Gu grisetan ibiltzen gara; haietan aniztasuna dago». Hala ere, obran gehien nagusitzen den kolorea beltza da. «Oroitzapenak zuri-beltzean dira. Agian ametsak ere bai. Eta, halaber, punk estetika». Aldunatek gehitu du etorkizuna ere «zuri-beltzean» datorrela.

Iruñeko Alde Zaharrean dago galeria, eta horregatik islatu nahi izan dute iraganeko giroa. Erakusleihoan objektu zaharrak ikusten dira; diskoak, argazkiak eta sarrera txartelak. Objektu horiek kolorea ematen diote obrari. «Uste genuen zerbait aldatu ahal genuela. Beti borrokan, gauza askoren alde. Baina hori dena difuminatuta dago», azaldu du Aldunatek. Horrekin batera, garai hartan jasandako indarkeria islatu nahi izan dute artelanetan. «Toki Lezatik [auzoko taberna ezagun bat] borra kolpeka atera izan naute, han, tabernan egoteagatik», kontatu du Aldunatek. Murillori, berriz, Iruñeko Iris tabernan gertatu zitzaion hori.

Inguruko lagunengana jo dute bi artistek Iruñeko eta oro har Nafarroako giroa erakusleihora eramateko. «Erakusketa ez da gurea bakarrik, garai hartan bizi zen jendearena ere bada. Azken finean, gure erakusketa da, baina denena ere izan liteke», esan du Aldunatek. Esate baterako, erakusketan bada argazki bat, besteak beste, Barricada, Ultimatum eta Tijuana In Blue musika taldeetako kideekin. Eta badaude Belladona musika taldearen eta Eguzki Irratiaren pegatinak ere.

Espazioaren arabera moldatu dute erakusketa, eta horrek bere zailtasunak dituela azaldu du Aldunatek. «Guretzat ez da zaila izan. Nolanahi ere, gela oso konplexua da, adreiluzko horma erraldoiarengatik gehienbat. Obra txiki bat izan balitz, beste era batera ikusiko zen». Kontent daude, «askatasunez eta mugarik gabe» lan egiteko aukera izan dutelako.

Artea mugimenduan

Erakusketa ez da estatikoa, izan ere, salgai jarri dituzte bertan ikusgai diren lanak, eta, beraz, aretoa egunetik egunera aldatzen ari dela esan du Murillok: «Kamisetak eta poltsak saltzen ari dira, eta azkenean desagertu egingo dira. Jendeak galdetuko du: zer zegoen hemen?».

Inaugurazio egunean koadro bat apurtu zuten. Orain, sabaitik Garesko (Nafarroa) piper batzuk zintzilik daude, baina egun batzuk barru makilekin astindu, eta lurrera botako dituzte. «Nafarroako memoria dago. Eta bota egingo dugu, berriz hasteko. Askotan sustraiak edo erroak urratu behar izaten ditugu hutsetik hasteko», esan du Murillok.

Bi artistek urteak daramatzate elkarrekin lanean. «Oso gustura eta lanpetuta» dabiltzala esan dute, eta hainbat proiektu dituztela abian. Bikotea osatu arren, bakoitzak bere nortasuna duela ere zehaztu dute: bata «kontzeptuala» da,eta bestea, «sentibera», Aldunateren hitzetan. «Bera da burua [Murillo]; ni naiz artista eta bihotza. Ni gehiago aritzen naiz lantegian esploratzen, eta bera, berriz, bere buru pribilegiatuari bueltak ematen». Ideiak batak besteari pasatzen dizkiotela dio Murillok. «Patxik [Aldunatek] gordin ematen ditu, eta zerbait berria egiteko moldatzen ditut nik. Ideia bat ematen dit, hausnartu egiten dut, eta itzuli egiten diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.