Hitzak eta jazarpenak lotuak

Laura Mintegik 'Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik' hitzaldia eman du Andoainen. Adierazpen askatasunean arreta jarrita, idazlearen eta erakundearen ibilbideak aztertu ditu

Laura Mintegi, Oihana Iguaran alboan duela, Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik hitzaldia ematen, atzo, Andoainen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Andoain
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun

Data batek elkartzen ditu Martin Ugalde euskal idazle eta kazetaria eta PEN International erakundea: 1921ean jaio ziren biak. Baina sortze urtea partekatzetik haragoko loturak ugariak dira bien ibilbideetan. Eta horiek aztertzeko ariketa egin zuen Laura Mintegik atzo, Andoainen (Gipuzkoa), idazlearen izena daraman kultur parkean. Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik hitzaldia eman zuen idazle, EHUko irakasle eta Euskal PEN elkarteko lehendakariak. Eta, transmisioaren garrantzia nabarmenduta, hitzartzearen hasieran bertan azaldu zuen Mintegik zein zen bere asmoa: «Agerian uztea Martin Ugalde bizi izan zen garaia nolakoa izan zen hitzaren bidez adierazpena egiten zuten guztientzat; harentzat eta beste jende askorentzat mundu osoan». Hala, Ugalderen biografiako hainbat une eta garai berean adierazpen askatasunari lotuta nazioartean gertatzen ari zena tartekatuz joan zen hitzaldian.

[Youtube]https://youtu.be/zNhsNkabwzk[/Youtube]

PEN Internationalen sorrerako lehen afariko argazki bat atzean zuela, Mintegik azaldu zuen Catherine Amy Dawson Scott idazlearen ekimenez sortu zela erakundea, eta lau puntuko gutun batean zehaztu zutela idazleok zerk elkartzen zituen. «Egia esan, ideia nagusi batek batzen zituen. Kontuan hartu behar da Lehen Mundu Gerra amaitu berri zegoela, eta lau urteko horrore horren ondoren, idazle batzuek pentsatu zuten beste bide bat egon behar zela pertsonen artean komunikatzeko, eta hitzaren bidez konpondu behar zirela arazoak, eta ez armen edo gerraren bidez. Gehien mugitzen zituen xedea zen elkarguneak sortzea, hori izan zen haien lehen ardura». Literaturak ez duela mugarik ezagutzen, edozein egoeratan sorkuntzak ez lukeela kalterik jasan behar, elkar errespetatzea funtsezkoa dela, eta adierazpen askatasuna edozein modutan mugatzearen aurka egingo zutela adierazi zuten gutun hartan.

Bigarren Mundu Gerra helduko zen gerora, ordea. Baina egoera lehenago hasi zela gaiztotzen ekarri zuen gogora Mintegik. Nazien alderdia nagusitzearekin bat, Alemaniako hainbat idazlek ihes egin behar izan zuten, eta erbesteko lehen PEN zentroa sortu zuten Londresen —beste asko helduko ziren gerora—. 1936an piztu zen gerrak Andoain uztera behartu zituen ugaldetarrak, baita banatzera ere —aita Venezuelara, anaia Errusiara, eta ama zein Martin Ipar Euskal Herrira joan ziren—. Gurseko esparruan hilabete eman zuen Ugaldek 1940an, eta gero sorterrira itzuli zen. Bien bitartean, nazien boterea hedatzeak zekarren arriskua salatu zuen PENek.

Mundu osoan adierazpen askatasunaren aurka izaniko erasoen harira, 1945ean PEN zentro ugari sortu ziren. Eta urte hartan, Marokon soldaduskan hiru urte eman eta gero, etxera itzuli zen Ugalde. Baina handik bi urtera Venezuelara joan zen; 11 urteren ostean, han batu zen berriz ere Ugalde familia osoa. Kazetari hasi zen han. Paraleloan, lehen Euskal PEN elkartea sortu zuten erbestean ziren zenbait idazlek; ibilbide laburra izan zuena, baliabide faltagatik eta elkartzeko ezintasunengatik.

Adierazpen askatasunaren murrizketek jarraitu zuten hurrengo urteetan ere Ugalderen eta PEN elkartearen bideak paraleloan marrazten. Eta harena beste idazle batzuen bizitzekin lotzen. 1960ko hamarkadan, Wole Soyinka idazle nigeriarra atxilotu zuten garai berean, Euskal Herrira itzuli zen Ugalde, eta 1971tik 1975era Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen, baina 1973an berriro erbesteratu behar izan zuen, eta borondatez utzi zuen kargua. Itzuli zen urte berean, 1976an, Duong Thanh Loi Vietnamdik ihes egin nahian ari zen, herrialde hartako PEN zentroko lehendakaria dena 2018tik. Mintegi: «Lotura handia egon da beti jazarriak izan diren pertsonen eta gero PENekin izan duten konpromisoaren artean. Modu natural batean hurbildu izan dira PEN familiara». Hain zuzen, PENek adierazteagatik jazarriak diren idazle eta kazetarien kasuak ikertu eta zerrendatzen dituela azaldu zuen Mintegik, eta, horren harira, Egin eta Egunkaria auziak gogorarazi zituen.

Hasierako espiritua «bizirik»

Hainbat hedabidetan aritu ondotik, Ugaldek 1986an hartu zuen erretiroa, eta 1987an, Euskal PENen bigarren bizialdia heldu zen —laburra ordukoan ere—, zeinaren partaide izan zen. Gerora Euskaldunon Egunkaria sortzeko egin zuen ahalegina ere nabarmendu zuen Mintegik.

2004an hil zen Ugalde, eta urte berean sortu zen, hirugarrenez, Euskal PEN, gaurdaino lanean segitzen duena. Urteotako zeregina laburbilduz amaitu zuen Mintegik, eta hastapenetako espiritua «bizirik» dagoela nabarmenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.