Artearen baitako literatura

Arte plastikoen munduan girotutako zortzi ipuin bildu ditu Maribel Aiertza idazleak 'Ezer ez da dirudiena' liburuan. Askotariko estilo eta teknikak baliatu ditu bilduma osatzeko

Maribel Aiertza idazlea, Donostian, argitaratu berri duen Ezer ez da dirudiena liburua eskuetan. ELKAR.
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Nire begi bat, beso bat eta hanka bat arte plastikoan daude, eta beste begia, besoa eta hanka literaturan». Bi munduren arteko zubi horretan kokatu du bere burua Maribel Aiertza idazleak (Etxebarri, Bizkaia, 1962) eta kokapen bera eman die Ezer ez da dirudiena (Elkar) ipuin bildumako zortzi narrazioei ere; oin bat artean, eta bestea literaturan. «Arte plastikoetan badago fauna oso interesgarria. Material hori edukita, aukeratu ditut paisaia, pertsonaia eta egoera berezi batzuk».

Vincent Van Gogh artistaren margolanekin batera Vincent Van Gogh margolariaren belarria ere erakustea erabaki duen museo bat deskribatzen du lehen ipuinak, esaterako. Idazleak zehaztu duenez, belarria da hedabide zein bisitari gehienen arreta erakartzen duena, eta horregatik deitu du narrazioa Belarria. «Karlsruhe hirian [Alemanian] dagoen ZKM Center for Art and Media arte zentroak erakutsi zidan norabidea kasu horretan», azaldu du idazleak, «bio-artista batek nik ipuinean kontatzen dudan artelanaren oso antzeko lan bat egin zuelako han». Eta lehen ale horrek bezala, artearen munduaren hari bat edo beste dute ardatz liburuak biltzen dituen beste zazpi ipuinek ere.

Korronte kontra deskribatu du kontenplaziorako joera idazleak. Haren hitzetan, gizarteak hautatu duen «azaletik bizitzeko» haututik kanpo, arteak, literaturak «beste denbora bat» eskatzen dutelako. «Pena ematen dit jende gehiagok ez gozatzea artea kontenplatzearen esperientzia hori». Horregatik, zabalpen asmo horrek ere bultzatuta idatzi ditu Aiertzak ipuinak. «Daukan urruntasun eta museoaren itxitasun itxura horretatik atera, eta idulkietatik jaitsi nahi izan dut artea, eta jendeari eskura eman, liburu formatuan».

Kontatu duenez, Yasmina Reza antzerkigilearen Artea obra ikustean sortu zitzaion arte plastikoak ardatz zituen ipuin bilduma bat sortzeko harra, eta Eusko Jaurlaritzak idazleak laguntzeko martxan duen beka bati esker hartu du liburua idazteko tartea. Azaldu duenez, aldi berean, bi geruzatan landu nahi izan ditu kontakizunak. Alde batetik, «azalean», entretenigarri suerta daitezen saiatu da, eta, bestetik, «sakonean», gogoeta piztea ere izan du helburu. Horretarako «paleta» ahalik eta zabalena erabili duela esan du. «Oso ipuin desberdinak dira bai forma eta bai kolore aldetik», dioenez, bilduma ahalik eta aberatsena egin nahi izan duelako.

Esate baterako, «adiskidetasun eta amodio kontuak» dakartza Grafitia ipuinak, eta hori da liburuko lanik esperimentalena, punturik eta komarik gabe idatzi baitu. Tarantula ipuina da bildumako absurdo eta jostariena. Super-aitona bigarren pertsonan idatzitako bakarrizketa moduko bat. Testurik beltzena da Grabatua, «irakurleak bukaerara arte jarraituko duelako gaizkilearen bila». Bere burua artistatzat izan gabe ere bere lehen artelanarekin sari bat lortzen duen pertsona baten nondik norakoak kontatzen ditu Saria-k, eta Bekaduna ipuinak ixten du liburua, artista entzutetsu baten etxean bekadun hasi berri den pertsonaia baten istorioarekin.

Egilearen hitzetan, ipuin guztiak dira laburrak eta guztiak dabiltza tituluan datorren ideiaren bueltan: ezer ez da dirudiena. «Sarritan mugitu behar izaten dugu dirudienaren eta ez dirudienaren zingiratan, eta interesgarria iruditu zitzaidan ideia horretan arakatzea, eta horren emaitza da liburua».

Kondentsazioa

Idaztea izan du lanbide Aiertzak azken urteetan, Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak nabarmendu duenez. «Eta hori esatea asko esatea da». Egin ditu itzulpenak, idatzi ditu eskoletarako testu liburuak, kazetaritza lanak, arte katalogoak, testu historiko-artistikoak, saiakerak ere bai. 1989an, argitalpenik onenaren Euskadi saria ere jaso zuen Miel Lertxundi eskultorearekin batera idatzitako Lertxundi euskaradun arte unibertsala saiakera liburuagatik. Baina, edonola ere, Bergarako Idazle Eskolatik graduondoa lortu eta gero, eman zuen argitara bere lehen fikzio lana: Tigreak hondartzan eleberria, 2010ean, zehazki, eta hura ere Elkar argitaletxearekin.

Aiertzaren idazkera «fina, argia eta zehatza» goraipatu du Mendizabalek. Ipuinek duten trinkotasuna ere nabarmendu du editoreak. «Oso lan kondentsatua da, apaindura askorik gabekoa, idazketa trinko baina, aldi berean, arina». Kontakizun bilduman dagoen estilo ariketa ere laudatu du. «Ipuin bakoitza diferentea delako, eta ez daerraza idazle batentzat ipuin batetik bestera erregistroa aldatzea».

Irune Izquierdok egin du liburuaren azala, eta Van Goghen pintzelkada imitatuz sortu irudia. Margolariaren paisaietako baten detaileen antza izan dezake, edota ia lan abstraktu batena ere bai. Idazleak margolariaren aurpegiaren arrastoak ikusten ditu, eta arteak interpretaziorako uzten duen tartea aipatzeko baliatu du anekdota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.