Albistea entzun

Fant jaialdia, bere letagin guztiekin

Gustavo Hernandezen 'Virus-32' filmaren estreinaldiarekin hasiko da bihar 28. Fant Jaialdi Fantastikoa Bilbon. Festibalak 47 lan eskainiko ditu maiatzaren 13ra bitarte
Gabriele Mainetti zuzendariaren <em>Freak out</em> filma proiektatuko dute FANT jaialdian.
Gabriele Mainetti zuzendariaren Freak out filma proiektatuko dute FANT jaialdian. FANT Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko maiatzak 5

Programan 47 saiorekin, erabateko estreinaldiekin, nazioarteko gonbidatuekin, aretoko eserleku guztiak betetzeko aukerarekin, pandemia aurreko ordutegiekin, eta, are, baita filma ikusi bitartean krispetak jateko aukerarekin ere, bi urteko igaroaldi gorabeheratsuaren ondoren, azkenik, indar betez itzuliko da Bilboko Fant Zinemaldi Fantastikoa aurten, bihar hasi eta maiatzaren 13ra bitartean. Letagin guztiak berreskuratuta. Bilboko Udalak antolatzen du festibala, Azkuna zentroko Golem zinema izango du egoitza nagusia berriz. Guztira, hemezortzi film luze lehiatuko dira Sail Ofizialean, eta 35 labur proiektatuko dituzte jaialdian, Euskal Herrian sortutako hamahiru lan labur tartean.

Bost euroan egongo dira sarrerak salgai, eta bonuak erosteko aukera ere eskainiko dute antolatzaileek. Eta doakoak izango dira Golemeko bigarren aretoko saio guztiak .

IREKIERAKO ESTREINALDIA

Campos antzokian izango du irekiera ekitaldia jaialdiak bihar, eta Alex Gerediaga antzerkigileak zuzenduko du saioa. Gustavo Hernandez zinemagile uruguaitarraren Virus-32 film luzearen erabateko estreinaldia ere egingo dute bertan. Montevideon kokatutako zonbi pelikula bat da. Egun batetik bestera birus arraro bat hedatzen da hirian, kutsatutakoak inguruan topatzen dituzten guztia hiltzera daramatzana. Kiroldegian harrapatzen ditu krisiak Iris eta haren alaba, aita bertan aritzen baita segurtasun langile, eta, hiria kaoserantz amilduz doan bitartean, hilketaz hilketa ikusitakoari esker ohartuko dira kutsatutakoek 32 segundoko atsedenaldi moduko bat hartzen dutela sarraski bakoitzaren ostean. Minutu erdi pasatxoko tarte horietan jokatuko da protagonisten bizitza aldiro.

Sail Ofizialean lehiatuko diren hamahiru euskal film laburrak ere proiektatuko dituzte emanaldian. Alaia Sedanok zuzendutako Haraindiko, Xanti Rodriguezen Pasaia, Aitor ELorriagaren El cometa eta Nitya Lopezen Txoriak Txori proiektatuko dituzte, besteak beste.

SAIL OFIZIALA ETA SARIAK

Guztira, hemezortzi film luze lehiatuko dira jaialdiko Sail Ofizialean. Tartean izango dira, besteak beste, Oh- Seung Kwon korearraren Midnight, Antonio Tibaldi italiarraren We are Living Things, Gabriele Mainetti italiarraren Freaks out, eta Junta Yamaguchi japoniarraren Beyond the Infinite Two Minutes. 3.500 euro eskuratuko ditu Film Luze Onenaren Fant saria eskuratzen duenak, eta Gidoi Onenaren saria zein Zuzendaritza Berritzaileenarena jasotzeko hautagai ere izango dira.

Laburren kasuan, lau sari izango dituzte eskuragai lehiatuko diren 35 proposamenek. Publikoaren Saria Film Labur Onenari (3.000 eurokoa), Epaimahaiaren Saria Nazioarteko Film Labur Onenari (3.000), Euskal Film Labur Onenaren Saria (3.000) eta Film Labur Onenaren Saria (1.500). Hiru sail nagusitan banatuko dira lehian izango diren laburrak. Irekiera ekitaldian proiektatuko dituzten Euskal Herrian ekoitzitako filmak daude batetik; eta etzi proiektatuko dituzten beste bi sailetakoak, bestetik: Ikuspegi Fantastikoa Laburrean izeneko atalekoak emango dituzte lehenik, 17:40an, eta Fant Laburrean saiokoak, gero, 19:50ean.

BIGARREN ARETOKOAK

Sail ofizialetatik kanpoko hainbat emanaldi ere izango dira jaialdian. Golem zinemetako bigarren aretoan egingo dira gehienak. Bertan proiektatuko dituzte, esaterako, Ikuspegi Fantastikoa izeneko saila osatzen duten zortzi film luzeak eta hamaika film labur. Tartean izango da, esaterako, Erresuma Batuko Sci-Fi London jaialdiko sari nagusia lortu zuen Aldo Salvini perutarraren El corazón de la luna filma, eta baita Marc Carretek zuzendutako Lagunsa, la guardia del diablo, eta Alain Bidard zuzendariaren Opal ere. Bertan egingo dira Fanteko Maisuak ataleko proiekzioak ere, denboran zeharreko bidaiei eskainitako ziklo batekin, eta Mi adorable Monster dokumentalaren emanaldiarekin.

Saio berezi batzuk ere egongo dira, eta haien bidez, esaterako, Alfred Hitchcocken Frenzy eta Tobe Hooperren Poltergeist klasikoak pantaila handian ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

OHOREZKO SARIAK

Nicholas Meyer estatubatuarrarentzat izango da Fantastikoaren Izarra saria, eta itxiera ekitaldian izango da festibalaren oroigarria jasotzeko. Time After Time filmarekin hasi zuen ibilbidea zineman, 1979an, eta Star Trek sagako hainbat film ere zuzendu ditu gerora: Star Trek II: The Wrath of Khan eta The Day After, tartean, 1982an lehena eta 1983an bigarrena. 1992an zuzendu zuen Star Trek IV: The Undiscovered Country filma, gerora, eta jaialdiko antolatzaileen hitzetan, telebistarako inoiz egin den pelikularik ikusiena izateaz gainera, hamalau Emmy sari jasotzeko hautagai ere izan zen. F. W. Murnau zinemagilearen Nosferatu klasikoa ere proiektatuko dute gala ostean.

Ez da aurtengo saritu bakarra izango, ordea. Prano Bailey-Bond zuzendari eta gidoilari galestarrari eman diote Fantrobia saria. Eta haren lehen film luzea ere emango dute hilaren 12an: Censor.

Bego Vicario eta Patxi Azpillagak jasoko dute Ohorezko Fant saria, Euskal Herriko Unibertsitatean animaziozko zinema talentu berria sustatzen egindako lana aitortzeko, eta Macarena Gomez aktoreari, beldurrezko eta fantasiazko zineman aktore gisa egindako ibilbideagatik. Eta, azkenik, hil berri den Esteban Ibarretxe ekoizle bilbotarra ere omenduko dute, bestetik, Sólo se muere dos veces filma proiektatuz.

PALMARESAREN PROIEKZIOA

Maiatzaren 13an egingo dute jaialdiaren itxiera ekitaldia, BBK aretoan, eta bertan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. Eta behin jaialdia amaitu ostean, saio berezia egingo dute gero, larunbatean, bertan, saritutako lan guztiekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.fantbilbao.eus

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

2019ko EHZko kontzertu bat, Irisarriko plazan. Aurten berriz ere dohainik izanen dira plazako ekitaldiak. ©BOB EDME

EHZ, berriz plazara

Joanes Etxebarria

Bihar hasiko da festibala Irisarrin, eta lau gunetan hedatuko da programazioa. Musika talde anitzek azken lana aurkeztuko dute
Berge, Behotegi, Kurutxarri, Aroztegi eta Feulie, atzo, Baionan. ©BOB EDME

Ipar Euskal Herriko zinemagintza ikertuko dute EHUko ikerlariek

Ainize Madariaga

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta nagusiki euskaraz sortutako zinema aztertuko dute EHUko NOR ikerketa taldeko kideek
Donostiako Elizbarrutiaren D'museoan, hamasei pieza ikus daitezke guztira. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Donostiako D'museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute

Iñgo Astiz

Artistak Argentinan sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko D'museoko erakusketak, baina, Oteiza museoak dioenez, ez dira hark egindakoak
'Han ez banengo bezala' liburuaren aurkzpena, Donostian, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Pasazaite argitaletxeak jarduna etetea erabaki du hamar urteren ostean

Jone Bastida Alzuru

Sare sozialen bidez eman du berria, eta adierazi arrazoi pertsonalak, familiarrak eta ekonomikoak tarteko hartu duela erabakia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...