Fede itsua Valverderengan

Athleticek entrenatzailearen jakiturian eta jokalariak gobernatzeko gaitasunean jarri du aurrerapausoa emateko ardura. Hala ere, Valverdek bakarrik ezin du ezer egin. Gaur, sasoi hasiera onari segida eman nahi dio taldeak San Mamesen Rayori irabazita.

Ernesto Valverde, aginduak ematen, Espanyolen aurkako partidan, San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Athleticek hamar puntu irabazi ditu ligako lehen bost partidatan. Sasoi hasiera baino ez da; beraz, goiz da taldeak maiatzera bitartean egingo duen bidea zein izango den jakiteko. Gutxienez, beste horrenbeste neurketa beharko dira eman dezakeenaren berri izateko. Baina ezin da ukatu denboraldi hasiera ona egiten ari dela —aurkariak ez dira punta-puntakoak izan—. Zuri-gorriak Europarako sailkatzeko borrokan egoteko urratsa egiteko moduan daudela dirudi. Bada, pauso txiki bezain zaila emateko, arlo askotan hobetu beharko du. Jokalarien hobekuntza ez eze, aulkiaren eta San Mameseko harmailaren ekarpena ere ezinbestekoa izango da.

'VALVERDE EFEKTUA'

Ernesto Valverde eta kluba bidea elkarrekin egiteko eginak daudela dirudi. Valverderen hirugarren aroa da Athleticen. Aurreko biak arrakastatsuak izan ziren, eta azken hau ere bide onetik hasi da. Helburuak lortzeko gaia izan behar da, talentua. Valverdek badauka. Entrenatzaile ona da. Bilbon ez eze, beste hainbat lekutan erakutsi du zer egiteko kapaz den. Jokalariei eskatzeko, eta era berean emateko, gaitasun harrigarria du. Exijentzia eta gertutasuna uztartzen ditu. Horrela, jokalariekin bat egitea lortzen du —gehienekin, guztiak pozik edukitzea ezinezkoa baita—.

Athleticen, gainera, kluba eta ingurua ezagutzeak lagundu egiten dio. Badaki zer behar duen taldeak ondo funtzionatzeko: erritmo handian jokatu eta aurrean presionatuta lortzen ditu taldeak emaitzarik onenak. Klubaren idiosinkrasiarekin bat egiten duen jokamoldea da. Jokalarien gustuko futbola izateaz gain, harmailarekin bat egiten du. Zaleek ere gustuko dute aurkariaren bila zelairatzen den taldea. Bestalde, Valverde maisua da ingurua kontrolatzen. Komunikabideen aurrean, maisutasunez moldatzen da. Argia da, eta nekez harrapatzen zaio jokoz kanpo. Egoera zailen aurrean transmititzen duen lasaitasunak mesede egiten dio Ibaiganeko egunerokoari. Eta jakinekoa da klubak egonkortasunari eustea ezinbestekoa dela lana behar den moduan egiteko.

GAZTEEN EKARPENA

Entrenatzaile ona izatea ez da nahikoa helburuak eskuratzeko. Jokalariak balekoak ez badira, ez dago zereginik. Eta Athletic duela pare bat urte baino hobea da. Beheko mailetatik igo diren futbolariek handitu egin dute lehiakortasuna: Dani Vivian, Nico Williams, Unai Vencedor eta enparauak gertu daude taldean erantzukizuna hartzeko. Aukera gehiago izateak aberastu egin du taldea. Denboraldian zehar sortzen diren arazoei —lesioak, zigorrak, jokalarien lan eskasak...— aurre egiten laguntzen du. Bestalde, Ander Herreraren fitxaketak ere argi erakusten du zuzendaritzak zer anbizio duen. Zaragozan (Espainia) hazitako futbolariak oraindik ez du jokatu, baina inork ez du zalantzan jartzen bere maila emateko gai bada hobetu egingo duela taldean dagoena. Talentua du, eta asko lagun dezake jokoa sortzen eta azken pasea ematen. Horretaz gain, azken urteotan taldearen ardura eraman duten futbolariak sasoi onean daude: Iñigo Martinez, Iker Muniain eta Iñaki Williams, besteak beste.

INDARGUNEAK ETA GABEZIAK

Aurpegi berri gutxi izaten duen talde batean nekeza da aldaketa sakonak egitea. Athleticen indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren jakinekoa da. Defentsako lanean oinarritzen da. Maila oso oneko atzelariak izateaz gain, lanerako konpromiso handia dute. Azken ligan gol gutxien sartu dieten taldeen artean egon zen, eta aurten ere bide beretik hasi da: bost partidatan bi gol baino ez dizkiote sartu. Vivian, Yeray Alvarez eta Iñigo bikain aritu dira defentsaren erdian; haien aurretik Mikel Vesga egiten ari den lana txalotzeko da, eta, era berean, Unai Simonen geldiketak ere erabakigarriak izan dira. Athletic arrisku handiak hartzen dituen taldea da, eta eurak dira aurrean presioa egitea ahalbidetzen dutenak. Bestalde, nahiz eta kanpoan jokatutako bi partidetan zortzi gol sartu, erasoan gabeziak ditu oraindik ere. Azken pasean zein ate aurrean argitasuna falta zaio. Neurketa gehienetan aukera asko sortzen ditu, eta gutxi asmatu. Arlo horri konponbidea aurkitzea da Valverderen erronka nagusia. Ez dauka lan erraza.

'HERRI HARMAILA'-REN BULTZADA

Norgehiagoka irabazi edo galdu, jokalariek egiten dute, baina inguruak ere badauka zerikusia emaitzan. Entrenatzailearen ekarpena ezinbestekoa da, eta zaleen babesak ere asko laguntzen du. Athleticen indarguneetako bat da. Ildo horretan, Herri Harmaila sortzea garrantzitsua izan da. Jarraitzaile sutsuenenen bultzada ezinbestekoa da une gaitzei aurre egiteko. Haien indarrak berotu egiten du ingurua, eta lagundu egiten dio taldeari. Gaur ikusiko da berriz hori, Athleticek Rayo Vallecano hartuko baitu San Mamesen (21:00, Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.