Rawya Rageh. Kazetaria

«Sirian milioika lagun bizi dira laguntzaren menpe»

Martxoko su-etenak egoera baretu badu ere krisi humanitarioak okerrera egin duela nabarmendu du Ragehk, eta GKE-ek ez dutela nahikoa baliabide behar guztiak asetzeko.

AMNESTY INTERNATIONAL.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Errusiak eta Siriako Gobernuak egindako 18 gerra krimen biltzen dituen Ez dago guretzat segurua den tokirik. Legez kontrako erasoak eta desplazatuak Siria ipar-ekialdean txostena kaleratu berri du AI Amnesty International erakundeak, eta Rawya Rageh (Kairo, 1981) kazetari eta ikertzailea izan da haren egileetako bat.

Zer aurkitu zenuten Sirian?

Gure egiaztatze taldeari eta jasotako lekukotzei esker, lortu genuen Siriako eta Errusiako armadek Idliben, Alepon eta Hama probintzietan egindako hainbat eraso baieztatzea. Horrez gain,eskola eta erietxeen aurka egindako erasoak dokumentatu genituen, eta baita azken hilabeteotan borrokak gogortu izanak eragindako kaltea ere, abendu eta martxo hasiera bitartean. Borroken ondorioez ari naizenean, ez naiz soilik ari zibilen eta azpiegituren aurkako bonbardaketez, baita erasoaldiek eragindako milaka desplazatuez ere. NBE Nazio Batuen Erakundeak berak ohartarazi du gatazka hasi zenetik piztutako giza krisirik larriena dela Siriako desplazatuena.

Han dauden gobernuz kanpoko erakundeei esker lortu ditugun lekukotzek testuinguru ankerra deskribatzen dute: gainezka eginda dauden kanpalekuak;hori jakin arren kanpaleku horietara jo beste aukerarik ez duten milaka lagun; jende horri guztiari laguntzeko nahikoa baliabiderik ez duten ekintzaile eta erakundeak, zeinak presiopean sentitzen diren egoera zein den egunero ikusten dutelako.

Nabarmendu nahiko nukeen beste puntu bat da desplazatuentzat eta giza laguntzarentzat zabaldutako korridore humanitarioarena. NBEren aginduz egin zuten hura, eta beharrezkoa ikusten dugu aurrerantzean ere zabalik jarraitzea.

Txostenean, Siriako Gobernuak eta Errusiak egindako gerra krimenak ikertu dituzue, baina ez jihadisten eta Turkiaren aurkako salaketarik. Zergatik?

Eraso jakin batzuk ikertu eta nork egin zituen argitzea zen gure helburua, eta, ikerketak aurrera egin ahala, frogatu ahal izan dugu Errusiak eta Siriako Gobernuak egin zituztela aipatu erasoak. Beraz, hasieratik zen gure asmoa eraso jakin horiek ikertzea, eta ez Siriako gerran orokorrean egindako krimenak.

Txostena irakurri ez duenak pentsa lezake gerra batean halakoak gertatzen direla, izan daitezkeela albo kalteak.

Erasook gerra krimenak izan direla diogu jopuntu horietako asko base militar edo bestelako azpiegitura militarretatik urrun zeudelako, eta, beraz, zibilak izan dituztelako helburu hasieratik. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar nazioarteko legediak babes berezia ematen diela osasun azpiegiturei eta haurrei, eta hori ere urratu egin dute Sirian. Ez dugu ahaztu behar txostenean 18 eraso bakarrik jaso ditugula, eta hori Siria ipar-mendebaldean egindako eraso guztien zati txiki bat besterik ez da.

Errusiak eta Siriako Gobernuak etengabe eraso diete oposizioaren kontrolpean zeuden eremuei, nahiz eta jakin horietan zibilak besterik ez zegoela. Erabaki hori hartu zutenean, ondo baino hobeto zekiten nazioarteko legedia urratzen ari zirela, eta, hala ere, aurrera jarraitu zuten. Eredu bat ikusi dugu azken urteetan, non etengabe jo duten azpiegitura zibilen aurka horiek suntsitzeko helburu bakarrarekin. Zer lortzen da eskolak eta erietxeak suntsituz? Bada, argi dago: halako azpiegiturarik gabe, herritarrek ezin dute eremu horietan bizitzen jarraitu, eta, beraz, beste norabait joatea beste aukerarik ez dute.

Nola daude gaur egun Idlib eta Alepo?

Martxo hasieran adostutako su-etenak indarrean jarraitzen du.Egia da izan direla eraso txikiak tarte honetan, baina, oro har, aldeek errespetatu egin dute akordioa. Krisi humanitarioa da orain arazo larriena. Egia da su-etenak modua eman duela ehunka lagun etxera itzultzeko, baina ez dugu ahaztu behar abendua eta martxoa bitartean milioi bat pertsona inguruk egin behar izan dutela ihes etxetik, eta horietatik gehienak kanpalekuetan bizi direla oraindik.

Oso kezkatuta gaude. COVID-19ak are zailago bilakatu du gainezka egindako kanpalekuetan bizi direnen egunerokoa. Familia asko oso gaizki bizi dira, dendetan edota eraikitzen bukatu gabeko etxeetan. Ez dugu ahaztu behar, era berean, jende asko itzultzeko beldur dela, bere herria gobernuaren kontrolpean egon daitekeelako edota haren esku eror daitekeelako luze gabe. Izan ere, frogatuta dago gobernuaren indarrek bahitu, torturatu eta exekutatu egiten dituztela oposizioaren kontrolpean egondako eremuetan bizi izan direnak, eta are gehiago haiekin nolabaiteko elkarlanean aritu direnak.

Beraz, itzuli nahi dutenetako asko ere harrapatuta daude.

Oso zaila da herritarren beharrak asetzea Siria ipar-ekialdean. Azken hilabeteotako erasoen gorakada baino lehenago, eta milioi bat desplazatu eragin dituzten borroken aurretik ere, ipar-ekialdeko siriar gehienak nazioarteko laguntzaren menpe bizi ziren. Beraz, giza laguntzarako erakundeen esku geratu da inguru hartan bizi diren milioika lagunen oinarrizko beharrak betetzeko lana. Horrez gain, bortizkeria handitzearekin batera, nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeetako langileak eurak desplazatu bilakatu dira, eta azpiegiturak lekualdatu edo desegin behar izan dituzte.

Erakundeak ez dira iristen behar guztiak asetzera. Batetik, larrialdiei aurre egin behar diete,desplazatu berriei aterpea eskainiz eta osasun arreta emanez; eta, bestetik, epe luzeko beharrak ere bete behar dituzte, hezkuntzarena, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.