Finalean dena emateko gogoz

Datorren larunbatean jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñean. Joxema Leitzak jantziko dio txapela garaileari. Ez da emakumerik egongo kantuan

Anaitasunako finalean arituko den zortzikotea, atzoko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara, eta Etxarri Aranaztik Iruñera, Nafarroako askotariko lurraldeak zeharkatu ditu bertsoak azken hilabeteetan. Otsailaren 9an hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Tuteran, eta zazpi plazaren, 1.200 entzuleren eta bertso askoren ostean, gaur zortzi jokatuko da finala. Horretan, urte osoan egindako «lan isilaren fruitua» jasoko dute, Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak adierazi duenez. Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailearekin eta Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziarekin batera eman zituen atzo finalaren inguruko xehetasunak.

Txapelketan parte hartu duten 35 bertsolarietatik zortzi igoko dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko oholtzara, 17:00etan hasita jokatuko den finalean: Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Xabier Terreros, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia.

Zortziak arituko dira lehian, baina bakarrak jantziko du txapela. Halere, norberaren helburuetatik harago, helburu kolektibo bat dutela nabarmendu dute finalistek: «Nafarroako bertsolaritzari bultzada eta indarra ematea».

Bertsolari beteranoak eta gazteak aurrez aurre arituko dira finalean: Julen Zelaietak hamaikagarren finala du aurtengoa; Julio Sotok, bederatzigarrena; Eneko Lazkozek eta Xabier Terrerosek, seigarrena, eta Eneko Fernandezek, laugarrena. Xabi Maiak, berriz, bigarren aldiz parte hartuko du, eta Xabat eta Joanes Illarregik, lehenbizikoz. Azkeneko biek 17 eta 19 urte dituzte, hurrenez hurren. Beraz, bi belaunaldik egingo dute bat kantuan.

Orain dela bi urteko finalean bezala, ez da emakumezkorik izango Anaitasunan. Alde horretatik, finala «herren» egongo da, Ander Perezen hitzetan. Kezka azaldu du koordinatzaileak: «Finaleko argazkiak ez du islatzen errealitatea, zortzi finalistei meritua kendu gabe». Terrerosek ere aipatu du emakumezkoen falta dagoela, baina nabarmendu egin du bertsolari gazteek dakarten freskotasuna.

Txapela eskuratzeko irrikaz eta gogotsu, baina lasai agertu dira zortzi bertsolariak aurkezpenean. «Gozatzera noa finalera; helbururik baztertu gabe, baina gozatzera», adierazi du Joanes lllarregik. Maiak «inoiz baino lasaiago» hartu du txapelketa, eta 2017ko Txapelketa Nagusiak utzitako arantza kendu nahi izan duela aitortu du. Zelaietak, berriz, esan du «opari» moduan hartuko duela finala, eta Xabat Illarregik, «festa» gisa. Zortziek final polit bat egiteko konpromisoa erakutsi dute.

Txapelketan egindako ibilbideaz galdetuta, Joanes Illarregik «irregular» aritu dela esan du: «Orain arte gorabeheratsu ibili naiz; orain, gozatzea da helburua». Lazkozek eta Sotok gaizki hasi zirela adierazi dute, «berdeegi», baina, finalaurrekoetan gusturago ibili direla. Hortaz, erritmo horri eusten saiatuko dira finalean. «Neure burua eraman nahi dudan bideetan eraman dut batzuetan, baina finalean hobeto egiteko esperantza dut», adierazi du Sotok. Hain zuzen ere, hark jantzi zuen txapela orain dela bi urte, laugarren aldiz. Aurten, berriz, Lazkoz da finalera puntuaziorik altuenarekin heldu dena.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa euskal kulturaren erreferente nagusietako bat bilakatu da herrialdean. Baina ez da bat-bateko lorea izan, Alaitz Rekondok adierazi duen moduan: «Bertsoa zaintzeko egiten den lanaren ondorio argia da». Hori dela eta, bertsoaren ekosistema aberasten duten ertz guztiei aitorpena egin nahi diete aurten: bertsolariei, gai jartzaileei, epaileei, eragileei, irakasleei...

«Badira horietako bakoitzetik ekosistema osoari ekarpena egiten diotenak, eta badira pertsona bakarrean horiek guztiak gorpuzten dituztenak», Rekondoren hitzetan. Hain zuzen ere, azken horietako bat da aurten garaileari txapela janzteaz arduratuko dena: Joxema Leitza arbizuarra. Euskalgintzari lotutako ibilbidea du Leitzak, eta bertsolari, gai jartzaile eta irakasle aritu da, besteak beste. «Bertsoaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi diogu», erantsi du Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Leitzak gorpuzten duen guztiaren isla izango da Anaitasunako finala.

Transmisioari aitortza

Finalak bi atal izango ditu. Lehenbizikoan, zortzi bertsolariek parte hartuko dute, eta binaka arituko dira. Bi baino ez dira pasatuko bigarren atalera, ordea: puntuaziorik handiena lortzen dutenak. Haiek jokatuko dute buruz burukoa; lehenbizi, binaka, eta ondoren, banaka, kartzelako lanean. Bi atalak batuta puntuaziorik handiena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.

Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegi arituko dira gai-jartzaile lanetan, eta zazpi epaile egongo dira: Amaia Telletxea, Arkaitz Goikoetxea, Jon Abril, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Azkenik, Nafarroako hainbat bertso eskolatako haur eta helduak arduratuko dira txapela ez diren beste sariak banatzeaz, transmisioan egiten duten lanari balioa emateko.

Finalerako sarrerak Nafarroako hainbat toki fisikotan jarriko dituzte salgai ostiralera arte, bai eta www.bertsosarrerak.eus webgunean ere, larunbat goizera arte. Horretaz gain, larunbatean bertan, Anaitasuna kiroldegiko leihatiletan erosteko aukera ere egongo da, 15:30etik 17:00etara. Kiroldegiko ateak 15:30ean irekiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.