Literaturaren haragizko mutazioa

Eszenarako idazketaz aritu da Ximun Fuchs Donostian, EHUko Udako Ikastaroetan. Gizartean eragingo duen antzerki molde baten alde egin du, hizkuntza eta transmisioa ardatzean jarrita

itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Mutantea da hizkuntzari dagokionez, eta mutantea ofizioarekiko». Gaira zetozen Harkaitz Cano idazleak Ximun Fuchs zuzendari eta aktorea aurkezteko erabilitako hitzak. Literatura mutanteak baitzen atzo hizpidea, Donostiako Tabakaleran, EHUko Udako Ikastaroen barruan. Hitzaren eszenaratze askotarikoez aritu ziren, goiz-goizetik, eta, zinema ere egin badu ere, «odolean duen horretaz», antzerkiaz, jardun zen Fuchs, hartaz deus ez dakiela esan arren. «25 urte antzerkian, eta ikasi dudan bakarra da ez dakidala ezer. Gehiago ikasi, gutxiago jakin. Saiatzen naiz bide horretatik joaten».

Antzerkia ulertzeko bide ugarien artean, bere hautua zein den argitu zuen abiapuntu modura. «Zein ezaugarri dituen euskal antzerkiak, edo zein eman nahi dizkiogun, hortik noa ni idaztean». Antzerkiaz zein kulturaz aritzean, «ongizatea, irekidura, elkarbizitza» eta gisako ideia zabalak aipatzen direla aipatu zuen, baina horiek ez dutela «eragiteko» ardatzik zehazten. Aitzitik, antzerkia «ekintza» dela , eta Euskal Herrian beti hala izan dela defendatu zuen. Eta bi adibide jarri. Batetik, libertimenduak, toberak, kabalkada eta gisako antzerkiak. «Ipar Euskal Herrian geratu dira, tradizionalak deituak baina gai garaikideak lantzen dituztenak. Hauek sortzen ziren jendea biltzeko, maitatzeko, gizarteko gai potoloak ateratzeko; zerbait urratzeko». Eta bestetik, frankismo garaian Hegoaldean egin zen antzerkia. «Brecht, Ionesco, Beckett... euskaraz itzuliak izan ziren, espainolez baino lehen». Bada, Fuchsentzat euskal antzerkiak beti bete du «funtzio bat» gizartean. «Horretan interesatzen nau».

Maiz entzuten duen galdera bat ekarri zuen, ostean erantzuteko: «Zertarako balio du kulturak, antzerkiak?». Bi ardatzek egiten dute premiazko harentzat: herriak eta hizkuntzak. «Ez bakarrik, baina ni hortik nator. Gai politikoak ateratzea da, baina antzerkia beti izan da oso politikoa. Iturrira jotzea besterik ez dago, Greziako antzerkiko tragedia guztiak oso- oso politikoak dira, hortik egiten baitzen filosofia».

Hizkuntzari heldu zion bi ardatzetan aurrena. Jendea euskaraz mintzatuko bada, «benetan», arte ereduak euskaraz jaso behar dira Fuchsen ustetan. «Antzerkiak proposatzen duena modeloak dira. Hor identifikatzen gara, edo kontra gara, baina horri esker eraikitzen du bakoitzak bere modeloa, eta hizkuntzak bideratzen du. Eta faltan ditugu: zineman, literaturan, antzerkian... Uste dut nire lana kulturalki edo sozialki ere badela ereduak gure komunitatearen hizkuntzan sortzea».

Herria, eta haren historia, bigarren ardatza. «Zergatik da hain ezaguna Gernika eta ez Durango munduan? Pintura batengatik». Euskal Herrian jazotakoak kontatuko dituen artean hutsuneak daudela adierazi zuen, eta bere lana hortik ere ulertzen duela. «Nola transmititu ahal dut nire herriaren komunitatearen historia ez bada antzerkiz, zinemaz?».

Horiek oso gogoan idazten du eszenarako Fuchsek. Azken urteetan egindako lanak ildo horretan kokatu zituen: Errautsak (2010), Hamlet (2013), Francoren bilobari gutuna (2016) eta urrian estreinatuko duten Zaldi urdina, berak zuzenduko duena eta Euskal Herrian droga trafikoak utzi duen arrastoaz ariko dena. Horiek dira euskaraz egin dituen azken obrak. Aurretik frantsesez ere aritzen zen, ez orain. «Frantsesez eta euskaraz egitean, frantsesak irabazten du beti, baliabideetan, ezagupenean... Frantsesez sortzen nuenean banuen euskaraz sortuta baino hiru aldiz diru gehiago. Hori aldatzen ahal da betetzen badugu gure funtzioa: kontatu gure hizkuntzan gure ametsak, kexak, istorioak. Horrek egiten du komunitatea».

Eta nola egin, nola idatzi. Araurik ez da antzerkian Fuchsentzat. «Esaten badizute 'antzerkia hortik da', kontseilatzen dizuet joateko harat, kontrara». Izatekotan, ezaugarriak ditu antzerkiak harentzat; ahozkotasuna —«Shakespeare bera ere aspergarria da irakurtzeko, zeren falta du haragia; haragizko literatura da antzerkia»— eta hiru elementu nagusi: erronka, gatazka, eta ekintza. «Hitza antzerkian ekintza da, eragiten du bestearengan. Ez badu eragiten, moztu».

Antzerki zati txikietatik

Elementu horiekin jokatzeko, entzuleei ariketa bat proposatu zien aktore eta zuzendariak saioaren bigarren erdian. Bost esaldi eman zizkien, bizpahiru laguneko taldetan «antzerki zati txiki bana» osatzeko. Hain justu, talde lanak antzerkigintzan duen garrantzia azpimarratu zuen Fuchsek: «Biltzea ariketa on bat da idazten ikasteko. Dena negoziatzera behartzen gaitu, eta emaitza, gutxienez, landua da».

Ikastaroko kideak ariketaren emaitza erakutsiz joan ahala joan zen Fuchs gogoetak eta gomendioak gehituz. «Pertsonaiak jarri kakan oro har, gehiago kakaz dadin; hobeto aterako diozue zukua». Zehaztasunera joateko aholkua ere eman zuen. Antzerki testua iceberg bat bada, ageriko zatia testua dela aipatu zuen, eta urpean leudekeela mamuak, beldurrak, pozak, ikusten ez direnak. «Idazten duenarentzat ahalik eta zehatzena izan behar da dena, gero idatzi ez arren; zuretzat erran behar duzu zer eta nola jaten duen ere».

Hizkuntzaren auzira itzuliz bukatu zuen antzerkigileak hitzaldia. «Benetan pentsatzen badugu kontatzen ditugun istorioak ezin direla beste hizkuntza batean kontatu, ez lukeela indar bera, orduan balioko du munduaren beste aldeko batentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.