Zinema

Moriartikoen 'La trinchera infinita', Sail Ofizialeko lehian

Funesen eta Amenabarren film berriak ere Urrezko Maskorra lortzeko hautagaiak izango dira. Zabaltegi-Tabakalera sailak Oñederraren lan bat hartuko du, eta Barberren beste bat
Jose Mari Goenagaren, Jon Garañoren eta Aitor Arregiren gaztelaniazko lehen fikziozko lan luzea da <em>La trinchera infinita</em>.
Jose Mari Goenagaren, Jon Garañoren eta Aitor Arregiren gaztelaniazko lehen fikziozko lan luzea da La trinchera infinita. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko uztailak 20
Ez da oharkabean pasatu azken edizioetan, eta aurten ere emango du zeresanik Moriarti ekoiztetxeko kideen zinemak. Loreak aurkeztu zuten duela bost urte, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren zuzendaritzapean, eta Handia heldu zen gero, 2017an, Garañoren eta Aitor Arregiren eskutik. Bi pelikulak Sail Ofizialean erakutsi zituzten —Epaimahaiaren Sari Berezia, Euskal Zinemaren Irizar saria eta hamar Goya jaso zituen Handia-k—, biak euskaraz. Aurten estreinatuko duten lana, berriz, gaztelaniaz izango da, eta hiru zinemagileek zuzendua: La trinchera infinita. Andaluzian (Espainia) grabatu dute, eta Irusoin eta La Claqueta ekoiztetxeekin batera ondu dute lana. 36ko gerran dago girotuta: hura piztu zenean, errepresalien beldur etxean ezkutatu eta 33 urtetik gora itxialdian eman zuen bikotearen istorioa kontatzen du. Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreak dira protagonistak.

Irailaren 20an hasiko da aurten Zinemaldia, eta irailaren 28an amaituko. Eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko diren lanetako bat izango da Moriartikoena. Hala iragarri zuten atzo Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduradunak Madrilen egindako agerraldian. Sail Ofizialean lehiatuko diren beste bi pelikularen berri ere eman zuten. Belen Funesen (Bartzelona, 1984) La hija de un ladrón da horietako bat, zinemagilearen lehen lan luzea. 22 urteko emakume gazte bat du protagonista, Sara; haur txiki baten ama da, eta umearen, anaia gaztearen eta espetxetik atera berri den aitaren artean agertuko da pelikulan.

Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da, halaber, Alejandro Amenabarren (Santiago, Txile, 1972) Mientras dure la guerra. 2015ean, Regression filmarekin Zinemaldia inauguratu zuen Amenabarrek, eta 36ko gerran girotutako film batekin itzuliko da aurten. Miguel Unamunori buruzko lana da —Karra Elejaldek interpretatu du—, idazleak altxamendu faxistaren aurrean hartu zuen bidea jaso nahi duena.

Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo, Daniel Sanchez Arevaloren (Madril, 1970) Diecisiete lana erakutsiko du aurten Zinemaldiak. Estreinakoz izango da Sanchezen lan bat Sail Ofizialean, eta adingabeen zentro batean dagoen gazte baten (Biel Montoro) eta hark anaiarekin (Nacho Sanchez) duen harremanaren istorioa kontatuko du.

Sail Ofizialeko emanaldi berezien atalean, berriz, La odisea de los giles estreinatuko dute, Sebastian Borenszteinek (Buenos Aires, 1963) zuzendu duen filma. Un cuento chino (2011) eta Capitán Kóblic (2016) pelikulen egileak Eduardo Sancheri idazlearen La noche de la Usina eleberrian oinarritu du lan berria, eta Argentinan 2001ean piztu zen krisia du agertokitzat, corralito izenarekin ezagun egin zen garaia.

Telesailak eta film laburrak

Sail Ofizialaz haragoko ataletan, zinemagileen lehen eta bigarren lanak hartuko ditu aurten ere Zuzendari Berriak sailak. Horren barruan erakutsiko diren bi opera prima aurreratu ditu, bada, jaialdiak: Maider Fernandez Iriarteren (Donostia, 1988) Las letras de Jordi —Ikusmira Berriak egoitza programan garatu du proiektua Fernandezek, eta haren eta garuneko paralisia duen 51 urteko gizon baten arteko harremana jasotzen du—; eta Lucia Alemanyren (Traiguera, Valentzia, Herrialde Katalanak, 1985) La inocencia —uda Tarragonako herrixka batean igarotzen duen nerabe bat du protagonistatzat, eta gaztelania eta katalana uztartzen ditu—.

Zabaltegi-Tabakalera sailean ere izango da euskal zinemagileen lanik: horien artean daude Maddi Barberren Urpean lurra iraupen ertaineko lana —ele bitan da, euskaraz eta gaztelaniaz—, Itoizko urtegiaren gatazkaz diharduena; eta Izibene Oñederraren Lursaguak animaziozko film laburra —ez du hitzezko elkarrizketarik—. Kimuak programaren uztakoa da, baita Ion de Sosa eta Chema Garcia Ibarraren Leyenda dorada ere. Sail berean izango da Justin Websterren El fiscal, la presidenta y el espia, sei ataleko telesaila.

Belodromoan antolatu ohi diren emanaldietan, Leticia Dolerak zuzendutako Vida perfecta telesaila osorik estreinatuko dute, «krisialdi batean» dauden hiru emakume helduren inguruan eraikia. La gallina Turuleca ere bertan aurkeztuko dute, Victor Monigotek eta Eduardo Gondellek zuzendu duten animaziozko filma. RTVE galan, berriz, Pablo Cabezasen Adiós erakutsiko dute.

Asteon eman ditu jaialdiak Perlak saileko zortzi filmen berri. Eta horien arteko bat ekarri zuten gogora atzo: Oliver Laxeren (Paris, 1982) O que arde. Cannesko jaialdian galegoz erakutsi den lehen lana da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna