Harresien barruan, kultura

Gaur hasiko da Harresietako Jaialdia, Iruñean. Laugarren urtea du, eta lau programarekin osatu dute egitaraua. Askotariko arte ikuskizunak izango dira, lau gunetan, irailera bitarte
Akrobazia ikuskizun ugari egongo dira Iruñeko Harresietako Jaialdian. Argazkian, iazko emanaldi bat.
Akrobazia ikuskizun ugari egongo dira Iruñeko Harresietako Jaialdian. Argazkian, iazko emanaldi bat. IRUÑEKO UDALA

Ane Eslava -

2019ko abuztuak 1
Uda oro bezala, abuztuan, musikak, dantzak, zirkuak, antzerkiak eta bestelako arte adierazpideek hartuko dituzte Iruñeko harresiak. Harresietako Jaialdia egiten dute hirian 2016tik, askotariko ikuskizunen bitartez murruek inguratutako espazioen balioa aitortzeko. Gaur egun, bost kilometroko harresia besterik ez da geratzen Iruñean, baina, Gaztelak hiria konkistatu zuenean, XVI. mendean, harresiz inguratu zuten hiria, eta hala egon zen 400 urtez, 1915ean hura eraitsi arte. Iruñeko Udalak antolatu duen jaialdiaren agertoki izango dira, hain zuzen, murruek inguratutako tokietako lau: Ziudadela, O-ko Andre Mariaren plaza, Guadalupeko bastioia eta Zaldi Zuriaren txokoa. Irailaren 6ra bitarte, adin guztietako pertsonentzat 30 ikuskizun baino gehiago izango dira toki horietan, gehienak dohainik.

Espazio horietan egingo diren lau programek osatuko dute Harresietako Jaialdia, eta horietako bakoitzak arte adierazpide jakin batzuk hartuko ditu. Ziudadelan egingo dute jaialdiari izena ematen dion programa, arte eszenikoetako jarduerekin eta kontzertuekin osatutakoa; Guadalupeko bastioian dantza bertikaleko Harresiak Dantzan ekitaldia egingo dute; Zaldi Zuriaren txokoak Dantza Zoroan izeneko programa hartuko du; eta, azkenik, O-ko Andre Mariaren plazan, kultura, teknologia berriak eta energia berriztagarriak uztartuko dituzte, Iruñea Ilunabarrean programan.

Jaialdiaren bitartez, kultura garaikidea herritar guztiengana eraman nahi du Iruñeko Udalak, tokiko zein nazioarteko sortzaileekin osatutako kalitatezko programazio bat eskainiz. Halaber, artea baliatu nahi dute harresiek inguratzen dituzten hiriko espazioei balioa emateko. Jaialdiaren aurkezpen testuan harresia osatzen duen materialari aipamena egin diote, harriari, Kukai dantza konpainiaren Harri bizia ikuskizuneko testuaren zati batekin: «Zergatik da harria harri? Eta bere izaeraren kontra iraultzen bada? Eta amesteko gogoa pizten bazaio? Hazteko edo txikitzeko, kolorez aldatzeko, inguruko zuhaitz, belar, landareei bezala...».

Preseski, Kukai dantza taldearen ikuskizun horrek zabalduko du jaialdia gaur, 22:00etan, Ziudadelan. Horrekin batera, beste hamasei jarduerak osatuko dute gune horretako programazioa. Bi ikuskizun izango dira eguneko, bata bestearen atzetik. Abuztuaren 6an, asteartearekin, Circ Panic Bartzelonako antzerki konpainiak Mira T ikuskizuna emango du, eta Belatza taldeak, berriz, lehen diskoa aurkeztuko du: Orhi. Hilaren 7an, NUC talde valentziarraren akrobaziak egongo dira, eta, jarraian, La Shica eta Didi Gutman abeslarien musika. Eta, hurrengo egunean, Mastrettaren familientzako ikuskizunarekin eta EIA zirku konpainiaren In Tarsi ikuskizuneko akrobaziekin gozatzeko aukera egongo da.

Dantza, musika, zirkua...

Hurrengo asteartean, hilaren 13an, Mumusics Circus taldeak Flou Papagayo dantza eta funanbulu ikuskizuna emango du, eta, jarraian, Maui abeslari espainiarrak Por arte de magia diskoa aurkeztuko du. 14an, Alacanteko (Valentzia) Trocola Circ akrobazia eta malabarismo taldea eta Nafarroako Con X The Banjo rock taldea izango dira. Hurrengo egunean, Up Arte konpainiak Aureo zirku ikuskizuna eramango du Ziudadelara, eta musika, berriz, Iruña Brass Band talde iruindarrak. Abuztuaren 20an, Kolectiv Lapso Cirk nazioarteko taldeak adin guztietako publikoarentzako saioa egingo du, eta, ondoren, Alos Quartetek eta Amaia Elizaranek kontzertua emango dute. Azkenik, Bouviac konpainiak egingo du jaialdia amaitzeko ikuskizuna, abuztuaren 21ean.

Guadalupeko bastioian, tokiko eta nazioarteko konpainien akrobazia saioak ikusi ahal izango dira hiru ostiraletan: abuztuaren 2an, 9an eta 16an. Murrua agertoki gisa erabiliko dute artistek, baina modu berezi batean: bertikalean. Sevillako B612k zabalduko du jaialdia, abuztuaren 2an, Fui Piedra ikuskizunarekin; flamenkoaren eta musika elektronikoaren arteko fusiotik abiatuko dira akrobazia pieza bat egiteko. Hilaren 9ko estreinaldia, berriz, Italiatik helduko da: Eventi Verticali taldeak Quadro on Wall diziplina anitzeko lana aurkeztuko du. Azkeneko egunean, berriz, La Glo Circo konpainia bilbotarrak eta Estampades kataluniarrak emanaldi bateratua egingo dute Guadalupeko bastioian. Gizakia dardararazi egiten duten musika noten inguruan gogoeta egingo dute Scared Far izeneko ikuskizunean. Harresiak Dantzan jaialdia izango da ordaindu beharreko bakarra; sarrerak Internet bidez, turismo bulegoan eta tokian bertan eros daitezke.

Zaldi Zuriaren txokoa, berriz, kaleko dantzaren egoitza bihurtuko dute, aurreko urteetan bezala, Dantza Zoroan programarekin. Hiru konpainiak harresiaren txoko hori zeharkatuko dute, dantzan, hara gerturatuko direnekin batera. Ikuskizunak larunbatetan izango dira, abuztuaren 3an, 10ean eta 17an, 20:00etan. Baionako Compagnie Illicite taldeak egingo du lehenbiziko ikuskizuna, Arnaud Perez eta Paloma Hurtado dantzari garaikideekin; hurrengoan, Gestring ahizpek, Evgenie Melentyevek eta Jose Agudok parte hartuko dute; eta azkenekoan, berriz, Menphs taldeak, Isabel Matak, Simon Thierrek eta Benjamin Furyk.

O-ko Andre Mariaren plazan, berriz, kultura, teknologia berriak eta energia berriztagarriak uztartzen dituen Iruñea Ilunabarrean egitasmoa gauzatzen hasiak dira dagoeneko. Dantza garaikideko ikuskizun batekin zabaldu zuten programa, joan den uztailaren 19an, eta irailaren 6ra arte askotariko jarduerak egingo dituzte gune horretan, ostiralero. 19:00etatik 22:30 arteko tartean egingo dituzte ekintza guztiak, bertaratzen direnek ilunabarraz goza dezaten. Ikuskizunetarako behar duten energia elektrikoa sortzeko, eguzki energia fotovoltaikoko instalazio bat erabiliko dute. Iruñeko Udalak Concienciarte taldearen laguntzarekin antolatu du egitasmo hori.

Lau programa horiek ez ezik, Iruñeko Udalak beste hainbat jarduera ere antolatu ditu udako kultur eskaintza osatzeko. Auzokale izeneko programarekin, batetik, hainbat ekitaldi egingo dituzte Iruñeko auzoetan, kultura hiriko bazter guztietaraino zabaltzeko. Zine Gauak izeneko zikloaren barruan, bestetik, hogei film proiektatuko dituzte, aire zabalean. Azkenik, Kondestablearen jauregian Charles Chaplinen filmografiaren inguruko ziklo bat egingo dute, ostiralero.

Irudietan, Lillian Leitzer

Harresietako Jaialdiaren programa ilustratzen duen irudian Lillian Leitzel ageri da, akrobaziak egiten. Leitzel Alemaniako trapezista garrantzitsu bat izan zen. Haren amak sortutako talde txiki batean hasi zen akrobaziak egiten, baina, gerora, AEBetara joan zen, eta zirku konpainia garrantzitsuekin aritu zen; besteak beste, Ringling Brothers and Barnum & Bailey Circus famatuarekin. Baina 1931n istripu larri bat izan zuen, eta hil egin zen, 39 urterekin. Festibalaren programaren azken orrian, Alfredo Codomarekin batera agertzen da Leitzel, trapezioan. Akrobata hori haren senarra zen, eta emakumearen heriotzatik urte batzuetara bere buruaz beste egin zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna