Atsotasunaren aldarri poetikoa

'Andrezaharraren manifestua' aurkeztu du Mari Luz Estebanek, Pamielarekin. Bere bigarren poema liburua du. Zahartzaroari buruzko kezkak izan ditu idazteko akuilu

Mari Luz Estebanek atzo aurkeztu zuen bere bigarren poema liburua, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Saiakera bat idatz zezakeen, erreferente bat baita horretan ere, dakigun bezala, baina nahiago izan du beste tresna bat hartu, poesiaren bidea jorratu». Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigaraik, atzo, Mari Luz Estebanen (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, Espainia, 1959) Andrezaharraren manifestua poesia liburuaren aurkezpenean. Hautuaren nondik norakoak idazleak berak zehaztu zituen, liburua duela bi urte jaio zela nabarmendu ostean. «Basauriko Marienea emakumeen etxean mintegi bat antolatu genuen. Konplexurik gabe. Nola jarri zahartzaroa agenda feministan izena jarri genion. Niretzako oso inportantea izan zen, eta han atera ziren gai asko daude, nola edo hala, liburu honetan». Momentu hartan bertan erabaki omen zuen zerbait idaztea. Hasieran ez zeukan oso argi nola, baina. «Iruditu zitzaidan poesia idazteak irudimenerako eta esperimentaziorako aukera gehiago eskaintzen zidala. Gainera, hain argi ez nituen gauzak garatzeko bidea ematen zidan».

Hautu horren emaitza da Andrezaharraren manifestua. Kezka pertsonal batetik, eta, batez ere, kezka sozial eta politiko batetik,«zahartzaroaz edo zahartze prozesuaz» idatzitako lan bat. 60 urte beteak dituenean. Gaiari buruz gogoeta «gutxi» egiten dela iruditzen zaiolako; «kontzientzia sozial eta feminista minimo bat daukagun emakumeen zahartzeaz, batez ere».

Idealizazioaren eta negatibizazioaren muturretatik ihes eginez idatzi nahi izan du Estebanek. «Zahartzaroa bere konplexutasunean aurkeztu nahi nuen. Emakume zaharrak errealitate berriak bizitzen ari dira gaur egun, eta errealitate berri horiek nahiko ikusezin daude gizartean. Nik keinu txiki bat egin nahi izan dut, proposamen bat, gai batzuk ateratzeko». Horretarako sortu du Andrezaharra, idazleak «figura poetiko-politiko» deitu diona. Oihartzun eginez, neurri batean, neskazahar hitzaren adierei. «Atsotasuna aldarrika dezagun. Neskazaharren historia berreskuratu eta berrirakurri egin behar dela uste dut. Jarrera politiko bat ere bada hori». Estigma kentzeko bakarrik ez —«estigma bat egon baita, eta, maila batean, oraindik ere badago»—; emakume haiek irudikatzen zuten bizitzeko modua berrikusteko ere bai. «Ez da ahaztu behar bizitzeko modu hori, gaur egun, nahiko ohikoa dela: emakume asko bizi da bakarrik, bikoterik gabe, harremanak eduki ala ez».

Zahartzaroa hainbat gairekiko distantzia ezartzeko garaia da, idazlearen ustez. Generoarekiko, esaterako. «Andrezaharra binarismoaren disidentea da, emakume-gizon dikotomia horretatik pixka bat harago kokatzen da». Sexualitatearekiko ere antzeko jarrera sumatu ei du emakume edadetuen artean. «Galdera oso interesgarriak planteatzen dira zahartzaroan. Eta galdera horiek ez dira bakarrik adin tarte horretaz pentsatzeko. Emakume zaharrak ekarpen bat ari dira egiten, baina ekarpen hori ez dago inon; ezta feminismoan ere».

Horiek guztiak azaltzeko, hiru ataletan antolatu du Estebanek bere bigarren poesia liburua. Galdera-ikurra izena du lehenak. Bertan, bere bizitzan egon diren emakume heldu eta zaharrak «berreskuratu», eta haien irakurketa bat egin du. Gorputzaren iragaitza izena jarri dio bigarrenari. Hirugarren zatiak, Andrezaharraren manifestua-k, ematen dio izena liburu osoari. «Atal horrek ematen dio zentzua liburuari, manifestuak berak». Hor, formatua aldatu du. Testu jarraitua erabiliz, plaza izkina batean jezarri du Andrezaharra, bere burua idazten eta gogoeta egiten, bere bizitzaz, generoaz, sexualitateaz, gorputzaz, zaintzaz, erretiroa hartzeaz... «Subjektu anizkoitz eta konplexu bat sortu dut; ezein emakumek ez du ordezkatzen Andrezaharra. Badakit emakume zahar guztiek ez dituztela baldintza berak bizi, ez maila ekonomikoan, ez beste batzuetan, eta hori kontuan izan dut idaztean». Manifestuaz ari denean zertaz ari den zalantzarik balu norbaitek, idatzia utzi dio liburuan: «Manifestu bat da/ esanguraz bete nahi den/ aldarri bat/ gai, arlo, eremu batean non/ esanahiak kerratuz doazen/ eta errealitate berriak/ isilik ere/ garrasika hasten diren/ manifestu bat da/ zure garaiaren eta zure gizartearen/ Arrazoiaren aurka idaztea/ leiho bat zabaltzea etorkizunera». Ariketa hori ere egin nahi zuen, hain justu: «Iraganera begiratu, etorkizunaren eraikuntzan erabiltzeko».

Aurrekoaren ildotik

Sei urte joan dira Mari Luz Estebanek Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela) poema bilduma eman zuenetik. Ordutik, gaztelaniara eta katalanera itzuli dute, Jose Angel Irigaraik atzo nabarmendu zuenez. Bigarren liburua ere aurrekoaren bidetik dator, haren ustez: «Poesia honen lirikotasuna ez dago forman. Idazteko bere modu naturalaren tolesetan deskubritzen duzu poetika bat: bizitza berarena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.