Arrauna

Ez dira jolaserako itzuli

Zarautzek uxatu egin ditu hasieran zituen zalantzak Eusko Label ligako itzuleran. Orain arte lortutako emaitzei begira, Gari Uranga entrenatzailea baikor azaldu da.

Zarautz, kanpoko ziabogaren bila, Eusko Label ligako seigarren jardunaldian, igandean, Orion.
Zarautz, kanpoko ziabogaren bila, Eusko Label ligako seigarren jardunaldian, igandean, Orion. AITOR ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2020ko uztailak 24

Mailaz igo berri den talde batek beti izan ohi ditu kezkak eta zalantzak, ea nola egokituko den aurretik behetik ikusten zuen lehiaketa horretara. «Hiru hilabete etxean entrenatzen arituta, ziurgabetasunez beteta geunden, ez baikenekien zer topatuko genuen itzuleran». Gari Uranga Zarauzko entrenatzailearen hitzak dira (Zarautz, Gipuzkoa, 1982). Zalantzak, baina, azkar uxatu dituzte. «Egia esan, etxerako lanak ondo egin ditugu, eta jendeak izan duen ilusioarekin errazagoa izan da uretan lan egitea». Hamar urteren ondoren mailaz igota, Urangaren arabera, momentuz denboraldi «txukuna» egiten ari dira.

TKE ligan esperientziarik ez duen arraunlariari gehiago kosta izan zaio lehiaketara egokitzea. Enbata ontziko «arraunlari askorentzat» ere halaxe izan da. «Talde eta entrenatzaile gisa, arraunerako eskarmentua eta lasaitasuna falta zaizkigu». Aitortu du ligako lehen bi jardunaldietan, Coruñan, gabezia horiek azaleratu zirela. «Urduritasun puntu hori bagenuen, eta baldintzak ere ez ziren onak izan arraun egiteko: haize handiko bi egun izan ziren, eta ezinegon handiagoa eragin zuen traineruan».

Halere, ilusiorik ez dute falta traineruan. Urangak azaldu duenez, lehen estropadatik lehiaketari «neurria hartzen» dabiltza. «Geure burua aurkariarekiko non dagoen ikusteko eta denboraldian gure lekua zein izango den jakiteko». Garbi dauka behetik hasi behar dutela lehiatzen: «TKEn izugarrizko maila dago, eta badakigu ezin ditugula ezarri lortuko ez ditugun helburuak».

Eusko Label Ligan sei jardunaldi jokatu direla kontuan hartuta, Zarautzek gorengo mailara izan duen itzulera «ona» izan da, Enbatako entrenatzailearen esanetan. Birritan egin dute hamaikagarren, behin azken, eta beste bitan zazpigarren. Getxon egin zuten estropadan jarri du azpimarra Urangak. «Lehen txandan aritu ginen, eta hasieratik amaiera arte oso eroso sentitu ginen. Garaipena lortzeko borrokan zaudela jakitean, arraun egiteko era ere aldatu egiten duzu». Getxon eta aurretik Donostian zazpigarren izan ziren, eta horrek hurrengo jardunaldietan bigarren txandan aritzeko aukera eman zien. Alabaina, emaitzak, gozotik baino, gehiago izan zuen gazitik, azkenak izan baitziren bietan. «Aurkariak hasieratik joaten bazaizkizu, burua galtzeko arrisku handiagoa duzu. Dena kate bat da».

Ez du ezkutatu lehen txandatik bigarrengora salto «handia» dagoela. «Bigarren txandan doazen bi edo hiru taldek ohorezko txandan joka dezakete erabat. Beraz, jokoz kanpo geratzen da gurearen moduko talde bat txanda horretan lehiatzea. Zaila bada ere, aurkariei gauzak ahalik eta zailenen jarri nahi dizkiegu, eta horretan gabiltza lanean».

Zarauzko prestatzaileak irudipena du orain arte baldintzak alde izan dituela Enbatak. «Kaleetan zortea eta egun ona izaten baduzu, emaitza txukuna lor dezakezu; aldiz, dena aurka tokatzen bazaizu, azken postura joan zaitezke. Hari horri tiraka, datu esanguratsu bat aipatu du Urangak: «Getxoko estropadan [zazpigarren egin zuten] irabazlearengandik 35 segundora geratu ginen; eta igandean, berriz, 38ra, azkenak». Alde horiek eskuartean izanda, garbi mintzo da: «Sinatuko genuke estropada guztietan garailearengandik 35 segundora iristea».

Ligan bi multzo daudela dio Urangak, ongi bereizita. «Aurreko ontziei irabaztea ia ezinezkoa da. Bigarren multzoan gauden taldeon artean, berriz, berdintasun handia dago, eta, egun batean estropada on bat eginez gero, puntu sorta ederra eskuratu dezakezu». Zarautzentzat teorikoki aurkari zuzenak ziren Aresek eta Lekittarrak, behinik behin, eragile horri probetxua atera diote. Urangak, ordea, ñabardura bat egin du: «Segundo gutxi horiengatik estropada batean baino gehiagotan aurretik badabiltza, ez da zorte kontua: gauzak ondo egiten ari diren seinale da».

Sailkapeneko 11. lekuan da Zarautz, hemezortzi punturekin. Kaiku hiru puntu atzetik du, eta Ondarroa, berriz, lau aurretik. Urangak, baina, ez du sailkapeneko zenbakiekin itsutu nahi. «Ez diot askorik begiratzen. Sailkapenak azken jardunaldian non egongo garen ikusteko balioko digu». Hori bai, denboraldi hasieran espero zuen lekuan daude. «Ontzia ondo doa, eta aurkariak gertu ditugu. Argi dugu geure onena ematen badugu eta zorte apur bat izaten badugu emaitza on bat atera dezakegula».

Talde asko indarrez berdintsu daudenez, emaitzetan gorabeherak izateko arrisku handiagoa dagoela uste du. Baina, gerora begira, beste interpretazio bat egin du Urangak: «Logikak dio liga aurrera joan ahala ontzi bakoitzak sailkapenean bere lekua aurkituko duela. Baina edozer gerta liteke».

Helburua, bakarra eta argia

Gorabeherak gorabehera, denboraldi hasieran ezarritako helburua ez du aldatu Enbata ontziak. «Nagusia, dudarik gabe, datorren urtean ere Eusko Label ligan aritzea da. Badakigu helburua betetzea kosta egingo zaigula, baina lanean buru-belarri ari gara. Izan ere, atzetik dagoen taldea [Kaikuk] ona da, eta ezin duzu lo hartu. Dena den, estropada batean baino gehiagotan erakutsi dugu gu ez garela beste inor baino gutxiago. Ilusio osoz borrokan jarraitzeko prest gaude».

Enbata ontzian gaztetasunak du indar berezia, Urangak, Gaizka Garmendiak eta beste gutxik duten eskarmentua lemazain dela ahaztu gabe. Zarauzko entrenatzaileak buruan ondo sartuta dauka klubaren bide bakarra zein den: harrobia lantzea, lehen ontzira jauzi egiteko. Aurten, Zarautzek hogei arraunlarietatik hamabost ditu etxekoak. «Herritarrek traineruan harrobiko arraunlariak ikusten badituzte, arraunarentzako beti izango da mesedegarria».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna