Gogoetarako piano akordeak

Josu Okiñena piano jotzaileak 'Les Introuvables' diskoa eman du argitara. Hiru urteko ikerketa lanaren ondoren, Liszten azken garaiko pieza berritzaile batzuk berreskuratu ditu

Juan Angel Vela del Campo eta Josu Okiñena, atzoko prentsaurrekoaren aurretik, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Budapesteko Franz Liszt Museoan hiru urtez aritu da ikerketa lanetan Josu Okiñena piano jotzaile eta ikertzailea, eta ahalegin horren emaitza da Les Introuvables albuma, Sony Classicalekin atera duena. Franz Liszt konpositore hungariarrak bere bizitzaren azkeneko urteetan konposatutako 11 obra esperimental eta berritzaile berreskuratu ditu Okiñenak. Diskoaren bidez, Liszten lanik ezezagunenetara eta gutxien interpretatutakoetara hurbildu nahi izan du.

Halaber, konpositorearen musika sorkuntzan sakondu du etxe berarekin grabatutako bosgarren diskoan. «Oraindik ere oso ezezaguna den musika aurkezten diot gizarteari. Historiako konpositorerik entzutetsuenetakoa da Liszt, baina haren obra gehienak ez dira ezagunak. Museoan izan nintzenean, pianorako 3.500 obra baino gehiago konposatu zituela jakin nuen, eta horietatik 150 bat eman dira ezagutzera».

Diskoa sortzeko prozesua ez dela erraza izan aitortu du egileak. «Esperientzia paregabea, espirituala eta zoragarria izan da, baina, aldi berean, prozesu gogorra ere bai. Estualdi eta ziurgabetasun handiko momentuak izan ditut. Bidea ez da arrosaz beterik egon; arantza asko ere aurkitu ditugu». Haren hitzetan, ezjakintasun handia dago Liszten obraren inguruan, eta oso erreferentzia gutxi izan zituen ikerketan. Konpositoreak obra asko argitaratzeari uko egin zion bere garaian.

Baina ahaleginak merezi izan duela uste du Okiñenak, oso pozik azaldu baita azken emaitzarekin. «Historia osoan pianorako dagoen errepertoriorik onenetakoa da Liszten obra. Erabateko profesionaltasun eta zorroztasunarekin ikasi dut, eta oso pozik nago emaitzarekin». Konpositoreak utzitako obraren egitura errespetatuz, bide berriak ere aurkitu nahi izan ditu. Lanaren izenburua ere hortik dator, hain zuzen: Les Introuvables (Topaezinak).

Intimista eta sakona

Okiñena goi mailako interpretea zela ez ezik, hark ikertzaile gisa egindako lana ere nabarmendu dute Juan Angel Vela del Campo musika kritikariak eta Javier Elzo Deustuko Unibertsitateko katedradunak. «Ikerketa prozesu batean oinarritutako diskoa da, eta entzutean liluratu egiten da bat. Mendekotasun halako bat eragiten du diskoak; entzuten duzun bakoitzean, hobea dela iruditzen zaizu», adierazi du Vela del Campok. Musika kritikariaren arabera, sekulako bizitasuna zuen pertsona zen Liszt, baina diskoan jasotako obrak hark azken urteetan seminario batean bizi zela sortutakoak dira. «Bere bizitzako azken zatian zen Liszt, garai triste eta gogoetatsu batean. Bizi izandako guztia bizi izan eta gero, hausnarketarako garai batean zegoen».

Pandemia dela eta, egungo egoerarekin lotura egin du Vela del Campok. «Koronabirusaren aurkako disko ezin hobea da, meditaziorako diskoa baita. Albumean birusik ez da sartzen, birusaren aurkako sendabiderik onena da. Txertoa dela esan daiteke. Baretasun, bake eta gogoeta garaietan entzuteko musika da».

Elzoren hitzetan, musika zaila izan arren, oso ondo interpretatuta dago diskoan. Obra guztiak banan-banan errepasatu ditu, eta behin diskoa entzunda, Liszt espiritualena dela ondorioztatu du. «Intimista, sakona, bere bizitzaren gainbeheran dagoena», haren hitzetan. «Esparru psikoanalitiko batetik entzun behar da diskoa. Musikari zure buruan barneratzen utzi behar zaio, inolako trabarik jarri gabe. Musikak sorrarazitako ideia, pentsamendu eta sentsazio jarioa barneratu behar du entzuleak, gerora hausnarketa intelektual bat egin dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.